Heziketa eta/ala askatasuna

2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Uste dut oso tipitatik heldu zaidala heziketa eta askatasunaren arteko bateragarritasunari buruz pentsaketan aritzeko joera, gogoan bizi-bizirik dudalako oraindik «heziketa ezin da inoiz librea izan, heziketa dagoen tokian ezinezkoa delako askatasuna» baieztapena gurasoen lagun bati entzun nioneko unea, zirrara berezia eragin zidan seinale. Garbi dago entzundakoak zer pentsatua eman behar izan ziola Ane oraindik haur tipiari, zeren eta, gauzak nola diren, hari horretatik tiraka egiten baititut orain heziketari buruzko hausnarketak, hainbeste non toki zentrala baitu egun, nire jarduera intelektualean, haurren bizitza askearen aldeko aldarriak.

Ez zebilen oker gurasoen lagun hura heziketa librea ezinezkoa zela zioenean. Heziketarik gozoenak ere baduelako oinarrian eredu bat, hezitzaileak molde gisa erabiliko duena haurraren nolakotasuna zizelkatzean; edo gida moduan, haurraren jokabidean ongi zer dagoen eta zer ez erabaki beharko duenerako. Bai, egia da. Heziketa-mota guziek hobesten dute izaera eta jokaera zehatz bat, eta egokiena delakoan guziei inposatu nahi izaten dietelako, heziketa-molde oro da, definizioz, askatasunarekin bateraezina. Maila apalagoan ala nabarmenagoan.

Kontua da kosta egiten zaigula haurrekiko gure erlazioa koordenada horietan gertatzen dela ikustea. Hasteko, gure askatasun propioa ezezagun zaigulako askotan, eta nekez ikusiko duelako inon askatasunaren galerarik askatasuna zer den ezagutu ez duenak. Are zailago detektatuko ere, noski, ondokoarena ukatzen duen bere interbentzionismoa.

Gainera, helduaren eta haurraren arteko asimetria berezko hori dago, oso ezaugarri garrantzitsua dena ulertu ahal izateko zergatik dugun hain kontzientzia lausoa haurren gainean helduok dugun direktibismoarena. Hazten eta garatzen ari direnez haurrak oraindik txikiak direla ikusten dugu, eta ezgai direla horregatik bizitzaren esparru gehienetarako. Eta jakina, guregandik duten beharra hain handia izanik, hain beharrezkoa gure zaintza eta laguntza, nola ez du bada helduak sentituko berari dagokiola tipiaren bizitzaren kudeaketa erabatekoa?…

Eta gero, gure haur esperientzian oinarrituta eraikia dugun mentalitate pedagogikoa dago, batere laguntzen ez duena haurrekiko harreman sanoago bat irudikatzen, haurren bizitzan sartzeko eskubidea dugula pentsatzera garamatzalako. Baimenik ere eskatu gabe, edo larriagoa dena, eskatu beharko genukeela pentsatu ere egin gabe. Normala iruditzen zaigu, ohikoaren zentzuan. Eta gorago azaldutakoagatik, gainera, baita logikoa eta ona ere. Inguruko helduen izaera aldatzen ere saiatzen gara, eta eskura ditugun tresna eta aukera guziak ditugu horretarako baliatzen. Kontua da helduekin ez dugula haurrekin bezain errazki lortzen, ez dugula horrelako arrakastarik izaten. Indartsuagoak direlako eta, printzipioz, ez hauek bezain maneiagarriak. Neurri batean burujabeagoak dira. Edonola ere, aski ezaugarri orokorra da gure harreman sareetan besteen borondatea doblegatzeko nahia.

Haurrekiko erlazioan partikularra eta berezia dena da manipulazioaren aukera oso eskura sentitzen dugula. Hurbilegi eta errazegi, tentazioari eusteko. Gorago aipatu hiru argudioen arabera, bat: ez dugulako ikusten inoren askatasuna urratzen dugunik. Bi: beren bizitza osoa guk erabaki eta kudeatu behar dugula sinetsita gaudelako, hain ikusten ditugu ezgai eta ezjakin. Eta hiru: gure behar erabatekoa dutelako. Hainbesterainokoa non gu gabe ezin izanen bailukete biziraun. Salduta daude horregatik, nolabait, eta eskatuko diegun guzia eginen dute, gure maitasuna lortzeko baldintza dela sentitzen baldin badute, gutxienez. Baita diren bezalakoak izateari utzi ere, horretarako hala behar badute. Kontestu horretan hurbilegi dugu helduok bidelagun izatetik gidari izaterainoko urratsa. Errazegi boterekeria eta manipulazioa. Onerako eta txarrerako oso plastikoak direnez, gure moduko bat fabrikatzea oso erraza da. Heziketa direktiboa ez da oso etikoa.

Haurtzaroa zaintzeko gure eredua goitik behera irauli behar dugu, eta errotik erauzi heziketa kontzeptuari eman izan diogun ohiko esanahia eta funtzioa. Ezagutu eta barneratu dugun heziketa bereziki autoritarioa den gizarte batek sortutakoa da, eta oso paranoiko jarri behar izan gabe ere garbi ikus daiteke dena dagoela makinarian programatua gizakion funtsezko askatasunaren kontra. Baten bati kosta dakioke gizakion askatasunaren galera aldez aurretik definitutako zerbait gisa ikustea, batez ere pentsatzen baldin badu heziketa-sistemak guretzat dituen helburuak benetan zintzoak eta zentzuzkoak direla. Baina planifikatuta edo ez, ez al da horixe gugan duen efektua? Ukaezina da askatasunerako gizakion zailtasuna heziketari egozten ahal zaiola, zeren eta, bestela, genetikan berean dakarkigun akatsa pentsatu behar ote dugu? Gure halabeharra, patu beltza? Kondena saihetsezina?

Agian ezin izanen zaio heziketa izena eman, edo kendu beharko zaio bestela denboretan zehar hartu duen esanahi itsusia. Baina existitzen da haurrekin egoteko modu on bat. Beren askatasuna errespetatuz beren garapen prozesuaren lagun egiteko modu sanoagoa. Gakoa, gauza garrantzitsu gehienetan bezala, ñabardura tiki batean datza: Lagun ditzagun adinagatik oraindik ezin duten horretan, baina utz ditzagun beren errealitatearen esparru gero eta zabalagoa erabakimenez eta arduraz kudea dezaten. Ez gaitezen saiatu gure eredua inposatzen, umiltasunez onartu behar dugulako, gainera, ez dugula horretan batere asmatu. Izan ere, gu ote gara, gizaki mediokre, eskas eta neurotikook bidea markatu behar dugunak? Gu iritsi garen amildegi berera iristeko, ala?

Haurrei dagokie galdutako humanitatearen bidea zein den erakustea. Hain zuzen ere, ez direlako oraindik humanitate jada deshumanizatuaren eraginpean bizi izan. Zain ditzagun bada horretatik. Ez dezagun kaltetu beren askatasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.