Urtarrilaren 9an beteko da Heziberriren azken proposamenari ekarpenak egiteko epea. Sortzen elkartetik gure desadostasuna plazaratu nahi dugu, besteak beste, proposamen honek LOMCEren ezkutuko aplikazioa ekarriko baitu.
Urriaren 27an aurkezpena egin, eta bai dekretuei eta bai curriculumei beharrezkoa den azterketa sakona egiteko denbora gutxi eskaini dute. Denon ekarpenak nahi omen dituzte denon parte hartzea bermatzeko, baina proposamenaren lanketan ez zaio hezkuntza komunitateari prozesuan parte hartzeko aukerarik eman. Hezkuntza sailak hezkuntza eragileekin partitu du proposamena, baina ez du hezkuntza komunitatearekin benetako lanketa bat egiteko aukerarik eman. Ez marko pedagogikoaren atalean ez dekretu kurrikularrei dagokienez.
Heziberri egitasmo honen hasieran Hezkuntza sailak aipatutako hainbat puntu gogorarazi beharko genituzke. Alde batetik, prozesu parte hartzaile eta babes zabalenarekin irudikatzen zuten hau. Hutsetik abiatzen ez zen prozesua zela ere esan zuten, egun martxan dauden hainbat proiektu eta egitasmo kontuan izango zituelako.
Hala ere Curriculum honek LOMCE du ardatz. Beste itxura batekin aurkeztutako LOMCE lege bat da. Bai ikasketen antolakuntzan,bai ikasgaiei begira, bai curriculumean ere. Hezkuntza sailak lege honen aurrean beti izan duen jarrera mantendu du dekretu berria idazterakoan. Hau da, bete beharreko legea da.
Askotan maila abstraktuan eta zehaztugabean aritzen da, itxura eta asmo oneko formulazio teorikoetan, baina Euskal Herriaren beharrak aztertu, aipatu eta jorratu gabe. Eta zehaztapen falta horretan hainbat gairekin kezkatuta gaude: hezkidetzan, euskal kulturaren definizioan, konpetentziak zertarako eta nola... Proposamena bera gaztelaniaz sortu izanak ere kezka handia sortzen digu.
Curriculumak euskal dimentsioa izan beharko luke. Euskal Herria ardatz duena eta herritik mundura irekitzen dena. Heziberrik kontrako bidea hartzen du.
Proposamena izan badugu: Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma. Ikastolek, Udalbiltzak eta Sortzen elkarteak garatutako Euskal Curriculuma, hain zuzen. Hezkuntza komunitatearekin landutako curriculuma eta hezkuntza eragileen babes zabala jasotakoa. Heziberrirekin egin ez den bezala, Eskolaldirako Euskal Curriculuma euskal herritarrok, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat egindako curriculum proposamena da.
Hizkuntzaren trataerari dagokionez ere, ez gatoz bat proposamenarekin. Hezkuntza sailak, Wert ministroarekin hizkuntza ereduen sistema mantentzea adostu du, beste behin ere ez du ausardiaz jokatu, eta ikasleen euskalduntzea bermatzen ez duen sistemaren alde egiten jarraitzen du. Eta hori gutxi balitz bezala, dekretu berri honetan ez du zehazten zein izango den hizkuntza bakoitzean eskatuko den maila ere. Berriro iruzurretan ari dira. Beraien esanetan, ez omen du merezi aldaketa hori izatea.
Argi utzi nahiko genuke, hasieratik Euskararen Kontseiluak osatutako «Ikasle euskaldun eleaniztunak» sortzeko proposamena jarri geniola sailari mahai gainean. Proposamen horretan hainbat eragilek parte hartu genuen: Ikastolak, EHIGE, Kristau Eskolak, Sortzen elkartea eta Hik Hasi. Hizkuntza sailak muzin egin dio aukera honi.
Eta honekin lotuz, oso larritzat hartzen dugun beste kontu bat. Euskara eta euskal literatura ikasgaiaren irteera profilak zehazterakoan, hauek ikaslearen inguru soziolinguistikoaren arabera ezarriko direla ere aipatzen da.
Euskal Herriak eta Euskal Hezkuntzak, Hezkuntza sistema propio baten bidean urrats erabakigarriak egitea du helburua. Hezkuntza eredu berri baten aldeko apustua egin beharra dago, eta bide horretan ez gara hutsetik abiatzen. Hezkuntza eremuan babes zabala izan zuen, Oinarrizko Hezkuntza Akordioa dugu honen abiapuntu edo oinarri nagusia.
Beraz, aipatutako guztiagatik, ezin diogu babesik eman hezkuntza sailak mahai gainean jarritako proposamenari guretzat ezinbestekoak diren hainbat aldaketa gertatzen ez badira.
Heziberri, zaharrak berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu