Hezi genero-berdintasunean

2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Azken urteetan, genero-berdintasunaren aldeko gizarte-mugimenduak areagotu dira gizartean. Egoera hori kontuan hartuta, irakaskuntzan funtsezkoa da Haur Hezkuntzatik haurren heziketan genero-berdintasunezko hezkuntza garatzea. Izan ere, haurtzaroan aurreiritzirik gabe daude haurrak eta berdintasunean oinarritutako balioak barneratzen dituzte errazago. Horrenbestez, genero-ikuspegia duen berdintasunezko irakaskuntza ezartzeak eragin egokiagoa du haurren garapen eta heziketa prozesuan.

Nahiz eta genero-berdintasunerako bidean aurrerapauso handiak eman diren hezkuntza arloan, gizartean egoten diren portaera sexistak erreproduzitzen ditu. Hortaz, helburua izan behar da munduko edozein gizarteko kultura patriarkalak sortutako genero-joera eta estereotipoak deuseztatzea ikasgeletan eta ikasgeletatik kanpo. Izan ere, kultura patriarkalean, emakumea bigarren mailan utzia da, eta gizonek eta emakumeek rol zehatzak dituzte, haietatik espero dena eta egin dezaketena eta egin ezin dutena zehazten baita hainbat jardueratan.

Gaur egun eskoletan ezarri behar den proposamen pedagogikoa teoria feministak egindako berdintasun aldarrikapenari erantzuna emateko garatu behar da. Berdintasunak eta genero-ikuspegiak historikoki gizarteko eremu askotan emakumeen ordezkaritza eskasa eta genero-rolak baztertu eta emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatzea du helburu. Horretarako, onena izango litzateke hezkuntza curriculumean, zeharka, ikasgeletan irakasgai bakoitzean egiten den jarduera bakoitzean, genero-ikuspegia kontuan hartzea. Horrenbestez, haurretan ohartarazteko mutilak eta neskak eginkizun, betebehar eta eskubide berak dituztela. Hortaz, ikasgeletan garatu beharreko estrategiak premisa hauetan oinarritu behar dira: haurren jolasen, funtzioen edo koloreen artean bereizkeriarik ez egitea, talde-lanetan edo jolasetan hartzen dituzten rolak berdinak izatea; horretarako rol aldaketa ugaria izan behar da. Gaineratu behar da eskola-materiala berdintasunaren helburuetara egokitu behar dela, eta hizkera ez-sexistaren erabilera barneratu behar du.

Bestetik, genero-berdintasuna ikasgelatik harago garatu beharra dago. Benetako genero-berdintasuna lortzeko, matxismoa eta sexismoa baztertzeko eta emakumeenganako indarkeria saihesteko helburua izan behar du. Horretarako, ezinbestekoa da gurasoen eta erakunde ezberdinen partaidetza. Adibidez, haurren eskolaz kanpoko jardueretan edo kirol-praktiketan berdintasuna sustatu beharra dago. Ez bakarrik kirol mistoaren bidez, baizik eta emakumeek praktikatzen dituztenak balioan jarriz. Ohartarazi behar da ere genero-berdintasunak kontuan hartu behar dituela bestelako esparruak. Esaterako, etxeko lanak edo soldata arrakala. Era horretan haurrak ohartuko dira gizartean gizon edo emakume izateagatik betebehar eta eskubide berak izan behar ditugula eta ez zaizkiela ezarri behar gizarte eta genero rol jakin batzuk.

Bukatzeko, haurrak genero-berdintasunean heztea ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erreala lortzeko eta hainbat estereotipo desagerrarazteko. Hezkuntza maila oinarrizkoenetatik hastea funtsezkoa da berdintasunezko printzipioak finkatzeko. Baina funtzio hori ez da bakarrik irakasleena izan behar, hezkuntza-komunitate, guraso eta gizarte osoarena baizik. Haurtzarotik irakatsi behar dira genero-berdintasunezko printzipioak, oraindik ez baitago haurraren eskema mentalean gaur egungo gizartearen ikuspegi patriarkala eta errazagoa da haientzat genero-berdintasunezko ideiak barneratzea; besteak beste, estereotipo edo genero rolak amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.