'Herrituala' edo euskal performancea

2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Egunkari honi eskainitako elkarrizketa batean Maddi Oihenartek zioen euskal kantagintza elkarrekin egindako eta elkartzen gintuen gauza bat zela behinola; esan nahi baita, kantaria eta audientzia bat eginik, maila berean batera kantuan. Eta orain, ordea, beste gauza bat dela, oso desberdina: oholtza batean jartzea aitzinean jendea duzularik; performancearen ideia, alegia.

Oihenartek ez omen du bere burua eroso ikusten oholtza gainean, testuinguru tradizional «lagunartekoagoa» omen du nahiago abesteko. Kantari baino transmisore sentitzen da. Bere sentsazio pertsonala da hori, guztiz ulergarria.

Horren adibide izan daiteke, apika, kuadrillakook Lapurdiko herri txiki xarmagarri batera egin genuen bidaian ikusitakoa. Afaltzen ari ginela hogeiren bat laguneko gazte taldea euskal kanta ezagunak abestu eta abestu zebilen alboko mahaian; eta nola abestu gainera! Hiru ahotsetara, tarteak, turnoak eta tempoak ondo banatuz, botila, kubierto eta abarrekin perkusioa eginez… zur eta lur utzi gintuzten jatetxeko bezero zein ugazabak. Eurekin eseri eta abesteko gogoa ere sartu zitzaigun bati baino gehiagori!

Herriko jaiak ziren eta afalosterako kontzertuak zeuden programatuta herriko plazan. Bertaratu ginen, baina topatu genuenak are gehiago harritu gintuen oraindik. Plaza erdian, oholtzarik gabe, lurrean… jatetxeko gazte haiexek berberak kantuan zebiltzan, baina oraingo honetan atabala, tronpeta, trikitia… esku artean zituztelarik eta joera festiboago batean. Eta jendea hantxe, eurekin dantzan, eurekin abestuz, eurekin mozkortuz eta ondo pasatuz. Eta ez, ordea, programatuta zeuden oholtza gaineko kontzertuetan, zeintzuk erabat edo erdi alboratuta gelditu ziren. Itxura surrealista hartu genion guk plaza hartako irudiari: agertoki eta soinu-ekipo ikaragarridun performancea audientzia faltan eta «orkestatxo» mugikor ibiltaria jendez blai!

Bere egunean, Berri Txarrak taldeak, Zertarako amestu DVDrako irudiak hartzeko asmoz, zuzeneko emanaldi berezi bat antolatu zuen Gernikako Astran, sarrera mugatuekin, giro «lagunartekoago» bat lortzeko asmoz edo. Emanaldia oholtzarik gabe, lurrean, egin zuten haiek ere. Formatu hark denok zurtu gintuen, ikusleria guztia taldearen inguruan, taldearen maila berean, taldearekin kantuan, taldearekin izerditan, taldearekin bat eginik. Eurengandik hurbil sentitzen ginen, eta horixe bilatzen zuen Berri Txarrak-ek, hurbiltasuna transmititzea.

Baina, kontuak kontu… kontzertu kontzeptua, beti ulertu izan dugun lez, ez al da, ba, performancea? Hau da: oholtza, musikaria, musika eta audientzia. Zuek hor eta gu hemen. Badago kontzertuak erritual kontsideratzen dituenik ere: fan sintoma ote? Egunerokotasunaz deskonektatzeko erabiltzen ditugu, denbora, legeak, rolak, ohiturak, ordena soziala albo batera utzi eta momentu batez beste trantze batean sartu. Bizipen bat bihurtzen da kontzertua. Itxura edo estetika jakin bat aukeratzen dugu emanaldira joateko. Handitasun eszenikoak barrena kilikatzen digu. Gero eta jende gehiago adi-adi egon, dantzan, oihuka, emozionaturik… errituala areagotu egiten da. Artistengandik hurbil egon nahi dugu, euren pose eta mugimendu zoroez gozatu, zirikatzen gaituztenean barre edo orro egin eta ahal izanez gero euren mikrofono beretik eurekin batera abestu ere.

Eta hona hemen, berriro, hasierako ildo berbera: eurekin batera abestu, hau da, performancean parte hartu. Elkartzeko elkarrentzat elkarrekin egin. Ikusleria rol aktiboan eta ez, ordea, hain ikusle. Euskal Herria ez al da, ba, beti herri kantaria izan?

Itoiz taldeko Juan Carlos Perezek zioen oso gazte hasi zirela taldearekin eta azkarregi galdu ziotela errespetua publikoa aurrean izatearen errituari. Batzuetan hori ahaztu egiten zutela.

Euskal masak edo euskal fanak mugitzen zituen lehen euskal pop-rock taldea Itoiz izan omen zen. Beti betetzen zituzten plazak. Eurek, baina, aldi berean Errobiren fan amorratuak zirela aitortzen dute. Iparraldekoen musikarekin baina baita haien janzkerarekin, estetikarekin…flipatu egiten zutela. Beste leiho fantastiko bat zabaldu omen zuen Errobik Itoizentzat.

Fan, jarraitzaile, zale… kontzeptu auzi bat barik termino desberdinen arteko jokoa baino ez da izango, ziur aski. Euskal Herrian fan berba ez ohi dugu sarritan erabiltzen, eta oso euskal talde gutxiren «jarraitzaile» izan ohi gara; zaleak, ordea, bai, zaletuak izan bagara. Performanceak ere adiera ugari har ditzake, baina zenbait kasutan performancea zenbat eta herrikoiagoa izan (eta parte-hartzaileagoa) gustukoago dugu. Errituala «Herritual» bihurtuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.