«EH Bildun argi dugu zertarako den politika: herritarren arazoei konponbideak topatzeko, ezberdinen arteko akordioen bidez. EH Bildu adostasunetan dagoenean, herritarren ongizatea hobetzen da». Hori adierazi genuen 2024ko uztailaren 15ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun batzordean EH Bilduk zerga erreformaz egindako ponentziaren ondorioen txostena adostu zuenean EAJ eta PSErekin.
Akordio hartan zerga erreforma justu, progresibo eta sakonerako oinarriak ezarri ziren. Akordio hura abiapuntu gisa onartu zuen EH Bilduk, zerga politika egokia zehazteko elementu erabakigarriak jaso zirelako bertan. Eta Gipuzkoako foru gobernuak txostenari zegokion foru arauaren aldaketa aurkezteko zain geratu ginen.
Gipuzkoako PSE-EEk poztasuna adierazi zuen akordioaren inguruan. Baieztatu zuen «aurreikuspen guztiak» bete zirela, eta foru gobernuaren alde sozialistak zerga sistema «progresibo, justu eta bidezkoa» defendatzen zuela. Gobernuaren alde jeltzalea ez zen horren urrun joan; lortutako adostasuna «garrantzitsua» zela nabarmentzera mugatu zen, eta ez zuen txostenaren edukiaz baloraziorik egin. Ausartuko nintzateke esatera EAJ ez zegoela oso eroso adostasun hartan, eta alderdian barne zalantzaren hazia erein zela. Are, ausartuko nintzateke esatera PPk une hartan erabaki zuela 2025eko foru aurrekontua babesteko prest agertzea, EH Bilduk Gipuzkoako politikan erdigunea hartu zuela ikusita.
Foru gobernuko alderdien norabide eta ikuspegi faltaren emaitza izan zen 2024. urtearen amaieran aurkeztutako foru-arau proiektua. EAJk eta PSEk ahaztu egin dituzte ponentziaren txostenean jasotako printzipioak; adostasun hari foru arauaren forma ematerakoan zein onarpenera iritsi bitarteko prozesuan. Zerga erreformaren beharraz ahaztu, eta berrikuspen soilera mugatu dira. Biderik errazena hautatu dute, joan den uztaileko adostasunarekiko koherentea litzatekeen asmo handiko bidea urratu ordez. Adostasun hark, gainera, Hego Euskal Herriko foru ganberetako gehiengo oso zabala ordezkatzen zuen. Okerrena da, ordea, foru arau horren adibidea dela noraezean dabiltzalako adibide estrapolagarria. Berdintsu zaie alde batera zein bestera jotzea. Eider Mendoza diputatu nagusi izendatzeko bazkidetzat hartu zuten PP, eta popularren babesa ontzat jo zuten aurtengo foru aurrekontua aurrera ateratzeko ere.
Lotsarik gabe aitortu dute zerga berrikuspenak diru bilketa murriztuko duela. Noiz eta osasun ituna adosteko mahaiak argitu behar duenean Osakidetza zen hori izatera itzultzeko zein bide urratu beharko den; edota Eusko Jaurlaritzak iragarri duenean zorpetzea ezinbestekoa izango dela industriari behar duen bultzada emateko. Enpresei epe ertain eta luzeko ziurtasuna bermatuko dien esparru egonkor bat eskaintzeari uko egin diote. Izan ere, zergak murrizteak ez du berrikuntzako inbertsiorik areagotuko, aberastasunaren banaketari eragingo dio, eta tokiko enpresen errotzea zailduko du.
Gipuzkoako industria ehuna aberatsa eta lehiakorra izan da, baina, uneotan, geroz eta zantzu gehiagok erakusten dute posizio hori arriskuan egon daitekeela. Kezka partekatua dela esan daiteke, Ane Insaustik –orain gutxi arte Ekonomia Sustapeneko diputatua– martxoaren 5ean Batzar Nagusietan egindako baieztapena aintzat hartuta: «Ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna geroz eta handiagoak dira, ez gara irla batean bizi eta kanpoan gertatzen denak eragiten digu. Baina ausardiaz, umiltasunez eta anbizioz arituta, Gipuzkoaren etorkizuna oparoa izango da». Esanguratsua da, baieztapen hori egin eta hiru aste pasatzerako, diputatu kargua utzi eta atzerrian sektore pribatuan beste ibilbide bati ekitea erabaki izana.
EH Bildurekin izandako elkarrizketa pribatuetan eragile ekonomikoek adierazi dute testuinguruak eskatzen duela azkar erreakzionatzea eta gidaritza publikoa artikulatzea. Garaiotan, badirudi geroz eta bideraezinagoa dirudien AHTaren Ezkioko lotunera erabat baldintzatua dagoela Gipuzkoaren lehiakortasuna; eta ezinbestekoa da egungo gobernantza eredua aldatu eta paralisia gainditzea. Lehenbailehen erreakzionatu behar da, lurraldeak aurrera egin dezala bermatzeko. EH Bildu prest eta prestatuta dago lidergoa hartu eta etorkizuneko erronkei erantzuten Gipuzkoa abangoardia izan dadin sustatzeko.
Gure prestasunaz harago, gipuzkoarren gehiengoak behin baino gehiagotan erakutsi du EH Bildurenganako konfiantza. 2023ko foru bozetan, EH Bildu lehen indarra izan zen. Eta EAJk eta PSEk Mendoza diputatu izendatzeko PPren babesa negoziatu ondoren, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, boto aldea bikoiztu egin zuen EH Bilduk; PSEri 30.000 botoren aldea aterata, eta EAJri 32.000rena. Ez diogu herritarren mandatuari uko egingo, gobernatzeko lidergo politikoa geure egingo dugu. Foru gobernua paralisi egoeran dago, gutxiengoan gotortuta. Gipuzkoaren anbizioa mugatzeak ez du etorkizunik, foru gobernu horren zaharkitzea programatuta dago, eta gipuzkoarrek haien mandatuarekiko leiala izango den gidaritza politiko berria merezi dute.