Abokatua

Herriko haizeak jo baino lehen, iparra galdu

2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Antzinako esaera katalana da Fet pasqua abans de rams, askotariko egoeratan erabil daitekeena. Josep Plak La Monserrateta ha fet pasqua abans de rams idatzi zuen ezkongairik izan aurretik haurdun geratua zen neskatxa bati buruz, garai hartan jokabide larria zena eta gaur egun onargarria. Indar handia duen esamolde hori, gaztelar zirt edo zartekoek berenganatu zuten hacer la pascua esamoldera murriztuz. Juan Luis Goikoetxea irakaslearen laguntza eskatu nuen euskarazko antzeko esaera bat aurkitzeko, eta irakurlearen eskuetan jartzen dudan emaitza hauxe da: Herriko haizeak jo baino lehen, iparra galdu.

Jakina da euskaldunek hegoaldeko haizeekin duten aurkako harremana, Bizkaiko Foru Zaharrak aringarritzat jotzerainokoa, hego haizearen eragina zuten delituetarako. Beraz, hego haizea iritsi baino lehen iparra galtzea, pazkoa erramu eguna baino lehenago egitea da, hau da, gurdia idien aurrean jartzea. Eta, zer gura duzue esatea, horrelako zerbait egin du EAJ-PNVk bere barne-berritze prozesuan. Ez dut originala izan nahi, behatzaile, analista eta militante askok jarri baitute atzamarra zauri horretan, arrazoiz jarri ere.

Karguak berritzeko prozesua tentu handiz doala dirudien arren, adorerik ezaren erakusgarri da, zeren erakusten baitu alderdiak dituen zailtasunen aurrean irtenbide bakarra dela pilota berberarekin jokatzen jarraitzea, betiere, jokalari beterano batzuk aulkian lagata. Nola uka beterano haiek urte luzeetan izan zutela halako gidaritza morala, komenentzia praktikoak gobernaturikoa, eta, halabeharrez baliozkotasuna galdu zuten. Entzute-bidezko eraikuntzan jardun zuten arren, bazirudien ezinezko gauzak entzuten zituztela: sustrai hezeak arnasten, fruitua izerditan, animalien bihotzen taupadak eta abar. Michael Herr-ek, Vietnamgo gerrako erreportaririk onenetariko batek fenomeno horri argi-garbi entzutea deitzen zion, hots, oihan sarriko vietcong etsaiaren beldurrak eragindako gehiegizko entzute-pertzepzioa.

EAJ-PNVren entzute prozesua beldur eszeniko horrek kutsaturik zegoen, ezen jakitun baitzen errefluxu fasean aurkitzen zela alderdia, boto emaileak barra-barra galtzeagatik, bizitza militante prekarioarengatik; ahaztu gabe ez zekitela aurre nola egin ezker abertzalearen presentzia zelatatzaileari. Ai, begiak dituzten arren ikusten ez duten horiek eta belarriak izan eta entzuten ez duten horiek! Egoera horretan, txutxu-mutxuak eta zurrumurruak ezin hobeto elikatzen dira, krisialdi osoa ezkontza-liskar bihurtuz edo familia-klanen eta jauntxoen Erdi Aroko borroka. Hori gutxi balitz bezala, kideen aldra zuzentzeko beren buruaren sustatzaile sutsuak aurkezten dira, zeinek garrik gabeko prozesuaren lider diren, business as usual lasaigarriarekin; hemen denak berdin jarraitzen du, hemen ez da ezer gertatzen. Beraz, agerian dira kopetilunak eta zailtasunen aurrean zer eginik ez dagoela dioten afiliatuak. Suhartasuna ez da dena, baina suhartasunik gabe ezer gutxi egin daiteke. Zein bidegurutzetan galdu ote zen?

Sendabide ortopedikoak bilatu ziren: akademikoen irizpenak, aholkularitza-enpresen azterketak, preskriptore ideologikoen txostenak. Paper asko eta emaitzarik ez. «Liburu asko atontzeak ez du amaierarik; eta asko ikastea haragiaren nekea da», gomendatzen du Eklesiastesek, 12:12an. Eta, galtzeko bide horretatik jarraitzen da, zeren Eusko Jaurlaritzak aholkularitza enpresa bati industria-plana idazteko eskatu diola jakin baitugu. Administrazioaren barruan ez al dago horretarako gai den inor? Ez dago militantzia kualifikaturik oinarri ideologikoa eta estrategia politikoa aztertu, eztabaidatu eta proposatzeko?

Uste dut EAJ-PNVk begirada introspektibo sakona behar duela. «Neure baitan begiratu eta mundu oso batekin egin nuen topo», esanarazten dio Goethek Werther gazteari. Barrura begiratze hori prozesu mailakatua da, eta denbora, zintzotasuna, sinpletasuna eta zaratatik urruntzea eskatzen du. Barruko mundu oso hori EAJren historia politikoa bera da, mende bat baino gehiagoko lorpen eta etsipenetan egindako praktika, buruzagien sendotasun eta zintzotasuna, beti argi izan baitzuten ideal baten zerbitzura zeudela, sari materialik espero gabe. EAJk ez badu praktikan jartzen eta ez badu lortzen alderdiaren berrantolatzea, presta beza bere burua atzetik joateko, bere buruaren itzal bihurtuta. Barne-berritze prozesua martxoaren 29an eta 30ean amaituko da, Donostian egingo den Batzar Nagusian.

Buruzagiak berrituko dituzte, batzuk ez hain berriak, eta zeregin nagusiak izan beharko luke Euskadi euskaldunon aberria da goiburua egunean jarriko duen alderdia sortzea. Nahasmen garai hauetan, egia aintzat hartzen ez denean —gizateria osoaren patua dirudunek eta satrapa politikoek gidatutako ardatzetik jiraka dabilenean—, nazio-identitatea eta gizarte-kohesioa dira gure indar eta kontsolamendurik sendoena. Abertzaletasunari balioa ematea, haren biki gaiztoetatik bereiztea da: chauvinismoa eta xenofobia, munduko handikiak eta ezker eta eskuin akolitoak lau haizeetan astintzen dituena. Trumpen chauvinismoaren antzekoagorik ez dago Putinen errusiar nazionalismo handia baino; Viktor Orban Hungariako presidentearen xenofobiaren parekoagorik ez dago Alemaniako hauteskundeetan AfD neonaziaren buru Alice Wiedelena baino.

Ulertzen dut komeni dela Batzar Nagusi bat egitea buruzagiak berritzeko, krisiak jota dagoen alderdia berrantolatu aurretik: denboraleari aurre egitea da kontua, tripulazioari eusten zaiolarik. Ez dakit agintedun ofizialek asmatuko duten. Beste egoera zail batzuetan, Xabier Arzalluzek proposatu zuen denboraleari branka jartzea eta norabidea mantentzea dela helburua. Jakina, aholkua zen, agindu bat ia, kanpoko erasoen mende egon arren, tripulazioa zoritxarrean ere elkartuta zeukan ontzi baterako. Horrela atera zen garaile Ibarretxe lehendakaria. Oraingo garaiak zailagoak dira, itsasontziari ura sartzen zaiolako, zuakerren krakadak entzun egiten direlako eta ontziolara eraman behar delako konponketa handia egiteko, izotzak apurtuko dituen branka berri bat jartzeko. Bada astia konponketa horretarako, baldin ez badira hauteskunde orokorrak aurreratzen, zeren EAJ kontrabidean harrapatuko bailukete. 

Berrikuntza prozesua aurretiko eztabaida politikorik gabe hasi da, karguetarako izendapenak baino ez dira egin-eta. Herriko haizeak jo baino lehen, iparra galdu; pazkoa erramu aurretik egin. Hautatutako egutegiak berak ere (martxoak 29-30, Erramu aurretik) baieztatu egiten du hori. Hala ere, EAJ osoak bere burua berrantolatzeko aukera du eta izenez, jardutez eta izatez Eusko Alderdi Nazionala, Partido Nacional Vasco izateko. Afiliatua ez den pertsona baten gogoeta pertsonal hauek burukide baten artikulu hura urratzen dute, ezen ohartarazten baitzuen EAJren eztabaidan izandako kanpokoen esku-sartzeen aurka. Ene esperantza da ez dituztela horrela hartuko, zeren, horrela balitz, neuk jardungo bainuke pazkoa egiten erramu aurretik, eta hori ez da inola ere nire asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.