Demokrazia hitz ederra da, baina beste hitz handi batzuk bezala (askatasuna, justizia, bakea…), hainbeste erabiltzen da, non, batzuetan, duen esanahiaren aurkakoa ere esanarazten zaion. Hain erakargarria denez, ia inor ez da ausartzen baztertzera, eta guztiok hartu nahi izaten dugu balio gorentzat; are eta gehiago, gure jarduera publiko eta sozialen printzipio nagusitzat. Ez da estaturik izango mundu zabalean, ez alderdi edo mugimendu politikorik, bere burua demokratikotzat hartzen ez duenik. Alabaina, berez, demokrazia hau besterik ez da: herriaren gobernua. Hain erraz eta han zail, aldi berean.
Zaila da; izan ere, demokrazia ez da gauza estatiko bat, behin lortu ondoren ahal bezain ondo gorde behar den zerbait. Demokrazia bide bat da, batez ere; gure gizarteak ibiltzea erabaki duen bide bat, urrats bakoitzean aberasten gaituena. Baina ez gaitezen erra: bide horretan urrats batzuk nekez egiten dira, zalantzak sor daitezke eta jarrera erosoak berehala azaldu ohi dira.
Aste honetan, Gipuzkoan urrats ezohiko bat egin dugu: herritarrek izango dute erabakimena izaera estrategikoko azpiegitura baten gainean. Zestoako herritarrak izango dira erabakiko dutenak materia bizigabearen biltegia jartzeko eta Osinbeltzeko harrobia berreskuratzeko proiektuaz.Hondakinak kudeatzeko plan iraunkorraren barruan, Zestoako harrobia proposatu du Foru Aldundiak, Zubietako Tratamendu Mekaniko-Biologikoko plantan bizigabetutako errefusa jasotzeko, eta materia hori erabiltzeko, giza jarduerak aspaldidanik degradatutako gune hori berreskuratzeko. Ekimen honek erabateko bermea du, eta aukera bat eskaintzen du Osinbeltzeko harrobia etorkizuneko Zestoan txertatzeko. Ukaezina da, hala ere, era honetako proposamenetan zalantzak sortu ohi direla, aldeko zein aurkako jarrerak. Horregatik, Zestoako Udalak herri kontsulta bat egitea eskatu zuen eta Foru Aldundiak pausoa eman du: behin proiektua idazten eta diseinatzen denean, eta herritarren partaidetza prozesua burutzen denean —hilabete batzuk beharko dira eginkizunak horietarako—, kontsulta bat egingo da Zestoan, eta horren emaitza errespetatu egingo du foru gobernu honek.
Apalki esanda, uste dut ausardiaz jokatu dugula. Bere eskumenak erabiliaz, Foru Aldundiak aurrera egin zezakeen, positibotzat jotzen duen proiektu honekin. Alabaina, demokraziaren eta herritarren partaidetzaren bidea hautatzea erabaki dugu; batzuetan ez da errazena izaten, baina bai gizarte moduan aurrera egiteko eraginkorrena. Gure ideiak partekatuko ditugu zestoarrekin —egiten hasita gaude, berez—, eta zestoarrek izango dute azken hitza.
Zestoako kontsulta erreferente bat izan daiteke gure herrian; izan ere, orain arte, ez zaie inoiz herritarrei halako aukerarik eman, estrategikotzat jotzen den azpiegitura baten gainean erabakitzeko. Adibideak sobera daude. Uste dut, beraz, Gipuzkoan mugarri bat ipin dezakegula; desadostasunak gainditzeko eredu demokratiko bat eraiki dezakegu, erabakiak hartzeko eta herritarren partaidetzarako, beste egoera eta lekuetara ere eraman daitekeena. Dena dela, berritzailea izanda ere, Zestoako ekimen hau guztiz erroturik dago foru gobernu honek bere ibilbidearen hasieratik garatu duen lan ildo batekin.
Foru Aldundi honek, hasieratik, gipuzkoarrei aukera eman nahi izan die politika publikoetan eta erabakietan parte hartzeko. Adibidez, partaidetzazko aurrekontuen ekimenari esker, herritarrek erabaki zuten, zuzenean, zein xedetarako erabiliko ziren 500.000 euro 2014an, eta 2.000.000 euro 2015ean. Garraio publikoaren esparruan, Foru Aldundia hobekuntzak diseinatzen ari da gipuzkoarrek, partaidetza prozesu irekietan, egindako 6.000 bat ekarpenak oinarritzat hartuta; lehenago teknikarien esku uzten ziren eginkizun horiek orain partekatu egiten dira zerbitzuen erabiltzaileekin. Igeldoren adibidea ere paradigmatikoa da, herritarrei eman baitzitzaien hitza eta erabakia (Gipuzkoako Foru Aldundiak bere historia guztian egindako lehen kontsulta izan zen), eta bozketaren emaitza errespetatu genuen (zoritxarrez, Igeldoko herritarren erabakia eta hori gauzatzeko eman genuen foru dekretua auzipean daude gaur egun).
Zestoan, beraz, beste urrats bat egin nahi dugu. Demokraziaren aldeko urrats bat. Herriaren gobernuaren aldeko urrats bat. Garaia iritsi da erakundeok eta alderdi politikoek alde batera utz dezagun gure ordezkaritza izaera erabiltzea beti, nagikeriaz eta modu sistematikoan, eta aurrera egin dezagun benetako eta partaidetzazko demokrazia eredu batean. Gure izaeraz hausnarketa egin behar dugu, eta geure burua birdefinitu behar dugu, lurralde politikak herritarrekin batera eraikitzeko bidea erraztu eta sustatzen duten eragile izan behar baitugu. Ausart jokatu behar dugu, arriskatuz eta gizarteari konfiantza eginez, jarrera erosoak baztertuz. Demokraziaren bidean aurrera jo behar dugu. Begien bistakoa da gero eta indar handiagoz eskatzen zaigula hori.
Gu prest gaude pauso gehiago emateko. Baina argi izan behar dugu gure urratsek koherentziaz egiteko ezinbestekoa dugula lurraldeko gainerako erakunde eta eragile politiko nahiz sozialen lankidetza. Guztion artean, eta zilegizko iritzi desberdintasunetik abiatuta, benetako demokrazia eta herritarren partaidetza nabarmendu behar dugu. Horiek ezin dira gure komenentziaren araberako tresnak izan, alderdien arteko borrokarako gaiak. Adostasunak eraiki behar ditugu, printzipio hauek behar bezalako eginkizuna bete dezaten: oraina eta geroa denon artean eraikitzea. Eta horrela joko dugu helbide nagusira: herriaren gobernua. Batera ibiltzeko garaia da, eta Zestoa abiapuntu ona da.
Herriaren gobernua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu