Herri Unibertsitatea EHUren jopuntuan

Saioa Galarraga eta Ur Joanex Artola
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Duela zortzi urte antolatu zuen ikasle mugimenduak lehenengo Herri Unibertsitatea, Leioan. Ordutik, hazten eta garatzen joan da proiektua urtez urte, bai edukiz, bai hedadura eta formaz, egun Hego Euskal Herriko sei campus publikoetan jardunaldi lokalak egiteraino, eta baita maila nazionaleko jardunaldiak ere, urtero campus ezberdin batean. Eraldaketak eraldaketa, proiektu hori abiatu zenetik gaur arte, funtsean EHUren unibertsitate eredua zalantzan jarri duen ekimena izan da Herri Unibertsitatea. Ikasle langileon behar emozional, pedagogiko eta intelektualez jabetuta ezetz esan izan diogu unibertsitate eredu burgesari, eta ezetz esaten jarraituko dugu Euskal Herriaren eta langileriaren beharrak aseko dituen unibertsitatea lortu arte.

Aurtengoan, Gasteizko campusean egingo dugu Herri Unibertsitate nazionala, gaur eta bihar. Bertan bilduko dira Euskal Herri osoko ikasleak, eta baita hemengo zein gure mugetatik haratagoko hizlariak ere: Pako Sudupe, Imanol Satrustegi, Gorka Torre, Miren Etxezarreta, Carmen Parejo eta Juan IƱigo Carrera izango dira aurtengoan bertan parte hartuko duten izenetako batzuk. Norbanakoez gain, zenbait antolakundek ere izango dute bere tartea hitzaldi eta mahai-inguruetan: Itaia, SEPC, Ikasle Abertzaleak, Arran, Castella, Jaleo eta GKS izango dira gurean.

Nahiago genuke artikulu hau ekimenaren berri emateko probestu eta hizlariez eta landuko dituzten gaiez berri xeheago eman, baina, zoritxarrez, bestelakoa da idatzi honen helburua: EHUko Arabako errektoreordetzak Herri Unibertsitateari jarritako trabak eta izandako jarrera salatu nahi ditugu. Jarrera horiek, gainera, testuinguru jakin batean kokatzen dira, unibertsitatean, eta oro har, gizartean geroz eta sarriago jasaten dugun jarrera poliziala eta autoritarioa ere salatu nahi baititugu. Izan ere, ikasleokin gatazka adostasunez eta elkarrizketaz ebatzi beharrean, EHUk aterabide errepresibo eta antidemokratikoagatik egin du apustu. Horren adibide argia da otsailaren 24an Ibaetan, EHUren eskaerari erantzunez, ikasle mugimenduarentzako espazio bat eskatzen ari ziren dozenaka ikasle desalojatu izana Poliziak, eta hogeita hamar bat ikasleri egindako isun eskaerak, denera milaka eurokoak.

Azken aldian, eta pandemiaren aitzakiapean larritu bada ere, jakitun gara ez dela kontu berria EHU orain erabiltzen ari den jarrera poliziala. Aitzitik, gogora ekarri behar dugu Herri Unibertsitatea bera lehenago ere egon dela EHUren jo puntuan, 2017an San Mameseko fakultatean 200 ikasle baino gehiago kaleratu baitzituen Poliziak, sekulako indar erakustaldia eginez eta 100 ertzain baino gehiago mobilizatuz. Aho bete hortz utziko du Euskal Herriko Unibertsitate publikoaren jarrera despotikoak hainbat; ordea, ikasle mugimenduko kideontzat eguneroko legea da hori, baita jardunaldi kritiko eta zientifiko batzuk aurrera eramaterakoan ere.

Gure ustez, egoera epidemiologiko konplexu eta larri batean egonik, normalean baino are baliabide gehiago eskaini beharko lituzke unibertsitate publiko batek formakuntza eta hausnarketa bultzatzeko jardunaldi batzuk egiteko. Kontrara, inoiz baino baliabide material gutxiago utzi dizkigu Arabako errektoreordetzak. EHUk ez dizkigu behar ditugun instalazioak utzi jardunaldi horiek antolatzeko. 200 pertsonatik gora bildu ditzakeen ekimen baterako 18 pertsonako aforoa duten gelak ematea adar jotze bat dela iruditzen zaigu; are gehiago 80 lagun baino gehiago bildu garenean ikasgeletan azterketak egiteko. Ahalegin handia egin dugu unibertsitatera maila handiko hizlarien ponentziak ekartzeko, eta unibertsitatearen jarrerak ez du bat egiten EHUk horrenbeste goraipatzen dituen kritikotasunarekin eta baloreekin.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu EHUren jarrera gorabehera aurten ere Herri Unibertsitatea egin dadin bere alea jarri duten guztiei: hizlari eta kolaboratzaileei, militanteei eta jardunaldietara bertaratuko diren kide guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.