Zenbat txango, irteera edota lagunarteko paseotan entzun izan dugu bide guztiek Erromara eramaten dutela. Nik sarri, eta inoiz, nik sentitu dut esan behar izana. Egia esan, uste dut beti txarto ulertu izan dudala esaera hori. Izan ere, beti imajinatu izan dut bide zuzen bat non Erromatik zenbat eta hurbilago bide ederrago bat zabaltzen den. Gero, urteak joan ahala eta bideak ezagutuz, ohartu naiz bideak elkarrekin lotuak daudela eta gurutzatu egiten direla, eta, horregatik, azken finean Erromara iristeko aukerak handiagoak dira.
Horretaz ohartu naizen moduan, edertasunaren inguruan asko hausnartu dut; «Erromatik gero eta hurbilago bide ederrago bat». Ederra ez bakarrik erosotasunari dagokionez, segurua eta erabilgarria garraio posible guztietan.
Urrutira joan gabe, hemen gauza bera gertatzen dela uste dut. Bilbo ingurua beste toki batzuekin konparatuz eder dago. Ez dut ukatzen horrela izan behar duenik, baina ezin dugu ahaztu Bilboz gain toki zoragarri gehiago badaudela bide ederrak behar dituztenak.
Kasu honetan, herri txiki jakin baten arazoaren berri ematera nator. Joan den asteetan, Aulestiko herri txiki eta zoragarrian bide baten inguruko eztabaida eta manifestazioak zabaldu dira. Hain zuzen ere, BI-3448 bidearen ingurukoak, Aulestiko herria Markina-Xemeinekin lotzen duena. Esan beharra dago ez dela soilik beste herri batekin lotzen duen bidea, hori gabe, Lea-Artibaiko eskualdetik deslotua geratzen delako. Hori gezurra dela esango duen norbait egongo da. Noski. Gizaburuagara joan, ostean Amoroto herritik igaro eta Lekeitiora heldu orduko orduan Markinarantz hartzea baino ez da beste aukerarik. Txikikeriak. Dena dela, horrez gain, bide horrek Durangaldearekin lotura egiten du.
Beraz, aulestiarrentzat berebiziko beharrizana da bide hori egoera onean egotea, bai lanera joateko, bai jarduera sozioekonomikoak gauzatzeko. Asko eta asko dira ondoko herrira joatea derrigorrezkoa dutenak. Horretarako guztirako, jakina, nork bere autoa erabili behar du, ez baitago garraio publikorik, eta, hortaz, esaterako, ikasle askoren kasuan edonola moldatu behar dira beharrezko exijitzen zaien gauza bat burutzeko: eskolara joatea.
Askotan grazia handia egiten dit nola eraiki den gure gizarte hau. Beharrezkoak diren gauzak egin edota lortzeko gure onetik gehiago egin behar dugu estamentu politikokoek egingo dutena baino. Ez dut uste Aulestiko Udalaren kasua denik, oraindik goragoko estraktuetan dauden trajedun pertsonena baizik. Hala ere, ulertzen ditut. Nik ere beldurra izango nuke nire kontzientzia zikinduta izateagatik ezer gertatuz gero. Demagun. Soilik, imajinatu bide horretatik garraio publikoa jartzen dutela, ezer aldatu gabe. Aurrerapauso bat izango litzateke, eta ez txikia; baina bide horrek gehiago behar du, konponketak, garbiketak eta beste hainbat eraldaketa. Garraioa jarriz gero ezer aldatu gabe, eta zerbait gertatuz gero, noren errua izango litzateke? Publizitate txarra, ez dute hori behar. Horregatik, ulertzen ditut beraien beldurrak. Aitzakiak ere bai. Beraien aitzakien bidean helmuga bera izaten da askotan: dirua. Ez dago dirurik. Edozein arazok beti ematen du berdin amaitzera kondenatua dagoela, ez ikusiaren bidera.
Gertaera eta problematika horrek hausnarketarako bidea eman dit, eta herri txikien etorkizunaz pentsatzen jarri naiz. Zertarako biziko dira aulestiarrak beraien herrian? Lanera joateko orduak eman behar badituzte errepidean bide kaskar baten ondorioz segurtasuna gainjartzen dutelako, eta, gainera, diru dezente utzi atzean bakarrik lanera joateko eta irabazten duten diru hori bidean galtzeko. Ez al da hobe izango Bilbon bizitzea? Gutxienez Bilbotik garraio publikoa izango dute, segurtasun gehiagorekin bidean, joan-etorria ez dakit zenbat luzeagoa izango litzatekeen arren.
Uler dezaket Bilbo munduari begira erakusleiho paregabea izatea. Baina gero, euskal kultura, tradizioak eta landa eremu zoragarriak nahi ditugu. Tamalez, ematen du guztia ezin dela kudeatu, eta gehienetan fokua herri handietan jartzen da. Herri txikietako lagun horiek gutxi dira; ondorioz, beraien kexek ez dute zarata handirik egiten. Zoritxarrez ohartzen ez diren oihu baten isiltasunak izutuko gaitu. Herri txikiak hiltzen direnean, orduan, gustatuko litzaidake jakitea Euskal Herriko jendeak zein hizkuntzatan hitz egingo duen.
Euskal Herriaren bihotzak herri txikietan aurkitzen dira, entzun ditzagun taupadak. Herri txikiak bizirik!