Irakasle ohia

Herri menperatua

2024ko abenduaren 29a
05:00
Entzun

Ez da hau idatzi gura izan dudan artikulua, baina bai hari egin behar izan diodan hitzaurrea, zurtz eginda utzi nauen ustekabeko gertaera batengatik, eta euskaldunok hain beharrezkoa dugun egunkari honetan (horregatik naiz harpideduna) irakurri ditudan adierazpen batzuei ere beranduago baino lehen erantzun behar diedalako (horiek ez datoz bat euskaraz mendeetan bizi izan direnen egunerokoarekin eta).

«Lengoaia ez da naturala, ez: berbak ekoizten dira eta arautu. Gurean, funtzio hori, Euskaltzaindiak du, gure akademiak» (Txerra Rodriguez, «Euskara ondo batua», abuztuaren 20an). Ba, ez. Hizkuntza bizia hizkuntza horretan bizi direnena da, eta bere lege naturalak jarraitzen ditu. Gero dator Akademia, eta mundu honetan bizien dagoen hizkuntzak, ingelesak, ez dauka Akademiarik. Euskarak, hizkuntza hain gutxitua izanda, ostera, behar du bera zainduko duen Euskaltzaindia. Baina euskaraz egunero bizi dena, ez dago bere eguneroko berbetan haren agindu edo esanari begira, espainieraz edo beste edozein hizkuntzatan bizi dena bere egunerokoan Akademiari begira ez dagoen moduan. Gaur eguneko euskaltzainburuak, Andres Urrutiak berak, Bizkaia Irratian irailaren 24an ederto esan zuen moduan, hizkuntza biziak hiztunenak dira eta ez ingeniari lanaren produktuak.

Eta idazle jendea ere Akademien aurretik joaten da sarritan. Urrunago joan barik, batuaren sorreran Txillardegi eta Aresti Akademiaren aurretik joan ziren, eta batua izan baino arinago Txomin Agirre, Lizardi, Lauaxeta... hizkuntzaren benetako artistak izan ziren. Eta Sabino Aranak eta askoz lehenago Larramendik menperakuntzaren aurkako hiztegigintzan jardun zuten euren ekimenez, gaur egun keriatzat hartu eta zigortzen dena, ze aro honetan euskal kulturan eta hizkuntzan sortu dizkiguten bekatu zein delitu mailako keria ospetsu biek, garbizalekeria eta jatorkeria hitzek, argi eta garbi erakusten digute gurean gure kultura eta hizkuntza guztiz menperatua izatea gura dutenek agintzen dutela, jakina, atzizkiak jatorri espainiarra duen arren, espainieraz keria bat ez beste ez dagoen bitartean.

Atsekabe itzela sentitu nuen bere artikulu eder askogatik hainbeste miresten dudan Iñigo Aranbarriri ere jatorkeria mespretxuzko hitza irakurtzean («Errotako ura» azaroaren 10ean). Ba, gure hizkuntza euskaraz egiteko Euskaraldirik inoiz behar izan ez dutenengatik dago bizirik; euskarak, edozein hizkuntzak moduan, erakusleihoetako manikiak barik, benetako hiztunak behar dituelako: hizkuntza honetan jarduteko propaganda eta agindurik behar ez dutenak, eta hizkuntza honetan gura duten moduan egiten dutenak, jatorrizko eran zein ez jatorrizkoan. Eta ez dezagun ez-ikusiarena egin, jatorrizko euskara ez da euskara ikasteko edo euskaraz jarduteko oztopoa, mesedea baino. Sareetan eta abar lekutan, jatorrizko euskaran egindako erakustaldi batzuk arrakasta itzela daukate, erabilitako euskaragatik beragatik, hartzaileek eurek hala adierazita.

Gustu-gustura eta jakin-minez beteta irakurri nituen Lucien Etxezaharretaren hitzak egunkari honetarako Iñaki Etxelekuk egin zion elkarrizketa eder-ederrean (24-10-24). «Ikusten dut idazle berriei inposatzen zaiela estilo berri bat, Hegoaldetik», dio artikuluari izenburua ematen dioten hitz gogoangarrietan. Eta «Gure artean, irri egin dugu joan den egunean Euskaltzaindiak portzierto hitza onartu zuela, adibidez espainoletik atera espresabide herrikoiak gazteek erabiltzen dituztenak dira. Inpresio ezkor bat dugu Iparraldea pixka bat ahantzia dela, baina gure kulpaz bistan dena...» dio, esaterako. Ba nik ez dut uste Iparraldekoek horren errurik daukatenik, hemen Iparraldea ez eze, Hegoaldea ere guztiz ahazten da sarri askotan espainierak aurrera egin dezan, hitzetan ez eze, egituretan ere bai.  Zelan demontre gertatu da bestela, «urten», «erten», «irten» aditza, jatorrizko euskaran trantsitiboa dena «urten dot», «erten det», «irten dut», batuarako intrantsitiboa egitea «irten naiz»? Euskaltzaindiaren hiztegian «irten» aditzari buruz datorrena: «Bizkaia eta Gipuzkoako parte baten du erregimeneko aditz modura erabiltzen da, baina euskalki mailako erabilera da hori. Batuaz da sailekoa da. Kalera irten da...». Zentzu handirik bako erabakia, horren arrazoirik azaldu ere ez da egiten eta. Niri beti egin zait gogorra erabilera intrantsitibo hori, ez datorrelako bat gure eguneroko erabilerarekin, baina, jakina, bat dator espainieraren egiturarekin. Eta zergatik ezin du batuak batu eta ezin dugu euskara batuan idatzi esaterako: «Guk zuk baino arinago urten dugu etxetik» (irten/urten aldakiak ere onartuz, esan/erran betidanik onartuta dauden moduan), mendeetan ahoz zein idatziz euskaldunek halantxe esan badugu? Euskara batuak, euskarak jatorriz duen egitura hil behar du? Euskarak, bere-berea duen egitura eguneroko erabileran oraindino bizi-bizirik daukala, erdarazkoa kopiatu behar du? Euskara batuak euskararen jatorrizko egitura gordetzeko aukera eman beharko luke gutxienez, ezta? Hizkuntza hiztunena da ala haiek menperatu eta aintzat hartzen ez dituen goikoen zentzu bako erabakiarena?

Hiztegi mailan erdarakada ugari ditugu antzinatik, baina portzierto hori neuretzat ere guztiz berria da, oraintxe modan jarritakoa. (Bide batez, ez dakit konturatu zareten euskara eta euskaltzaletasuna modatik kanpo geratzen ari direla. Filosofia hori ari da zabaltzen). Niri minik handiena ematen didana: jatorrizko hitzak, batu eta gorde barik jarraitu, eta horrela desagerrarazita geratzea betiko hil arte, hori guztiz jasanezina egiten zait. Eta hitz horiei egindako hitzaurrea da idazten amaitzen ari naizen honako hau. Badirudi, batzuon min, ardura eta gure kultura eta hizkuntza hilezin egiteko gogoa gorabehera, gure hizkuntza menperatuaren etorkizuna horixe izango dela, erdararen azpian desagertzea. Lurpeko hizkuntza eta kulturaz hitz egin zuen Joseba Sarrionaindiak Sator hegalariak liburuaren aurkezpenean, eta Pello Reparazek argi eta garbi esan zuen abenduaren 1eko BERRIAn (Jon Ordoñezek berari eta Erramun Martikorenari egindako elkarrizketan): «Gero eta frantsesagoak eta espainolagoak gara. Estatuen garaipen bat da. Kontziente izan behar da hautu politikoak egiteko».

Baina zer egin, hautu nagusiek, geure buruaren gainetiko hautuek, geure buruaren amaiera zein ukazioa erabakitzen dutenean? Zer egin, agintzen dutenen ideiek (eta indarrak) norbere burua, norberaren existentzia, ukatzen dutenean?

Gertaera batzuk zurtz eginda geratu eta sinistu ere ezin egitekoak dira, amesgaiztoaren modukoak. Eta ez naiz aurkikuntza arkeologikoez ari. Zer sentitu behar dugu hiztun eta erabiltzaileok bizirik gaudela, belaunaldiz belaunaldi jasotako euskal jatorrizko hitzak, gure bizitza osoko hitzak gure hiztegietan ez daudela eta ez direla inoiz agertuko konturatzean? Zer egin, agintea eta erabakimena duenak, beretzat ezezagunak direla eta, gure bizitza osoko berbak ukatzen dituenean? Hori onartu egin behar dugu? Onargarria da?

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.