Herri gaixoak sendatzeko txertoa

2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniako parlamentuak bere herriaren subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu duen adierazpenak, prentsa orrialde ugari jantzi ditu. Bertan egindako bozketaren bitartez, Kataluniako ordezkari politiko gehienek askapen ekimen hori gauzatzeko prestutasuna agertu dute plaza betean. Alabaina, politikari horien eginbeharra ez ei da adierazpen hutsean geratuko; izan ere, epe laburrean Madrilera joateko erabaki irmoa hartu dute, zer eta independentziari buruzko erreferenduma adostera.

Emandako pauso horrek mota guztietako emozioak eragin ditu. Nazionalista espainolek Espainiaren batasun sakratuari egindako laidotzat hartu badute ere, gure artean bada pozteko arrazoirik. Poz horrekesperantza izpiak piztu ditu gure jendartean, borondaterik bada politika instituzionaletik aurrerapauso handiak eman litezkeela ikusi baitugu. Etapa post-frankista honetan lehen aldiz, parlamentu autonomiko batek Madrileko botere zapaltzaileari hortzak erakutsiko dizkio, bai eta autogobernu, paktu, kontzertu eta antzeko berba antzuak zakarrontzira bota ere, autonomia lurperatu Joan Tardaren hitzetan, ezen argi baitaukatezuhaitz faltsu horiek fruiturik ezin eman dezaketela.

Halakoetan Euskal Herritik inbidia sanoa pizten zaigu. Herrialde katalanen lur zati horretanalderdi unionista kolonizatzaileak bazterturik utzi dituzte, estaturik gabeko nazio batean dagokien lekuan, alegia. Inbidia sanoa, bai, baina tristura ere bai, itxuraz abertzale diren etxeko politikari gehienek zer egiten duten ikusirik, noiz eta independentziaren aldeko kanpaien hotsak Europan zabaltzen ari direnean, noiz eta ikuspegi historikoaren distantziaz iraganeko eta oraingo miserien orban zornatuaksekula baino ageriago ikusten ditugunean.

Frankismoak eta bere politika kriminalak gure herriari inoizko ankerren inposatu zioten euren printzipio inperialistak, betiere armen eta indarkeriaren baliabideen bermeaz. Diktadorea hil zenetik ia beste berrogei urte pasatuko direnean, «After-frankismo» honek politika kriminal berberarekin segitzen du, lehengo arma eta indarkeriaren baliabideak erabiliz. Euren jokabideak bizitza sozialaren arlo guztiak lohitzen ditu, baina jokabide kriminaletan kriminalena presoak Espainiako kartzeletan ari dira pairatzen, demokraziaz mozorroturik dugun justizia sistemaren eskutik.

Horiek horrela, horra hor Iñigo Urkullu lehendakari jauna, denbora berri honetako politikari dagokionez isileko lanari ekiten ei dion bitartean, ageriko lanean zapalkuntza eta kolonizazio prozesuaren errezeta zaharrak aplikatzeko ageriko lanean dabilena, autonomismo anakronikoaren errezetak aplikatzen hain zuzen ere. Eta horrekin batera azken lorea Foru Aldundietan PNVk PPri egindako keinua dugu, txirotasunera abiadura bizian garamatzan politikari laguntza eskainirik zentralismo kriminal eta baztertzailearen aliaturik fidelenak direla erakutsi guran.

Urteak aurrera doaz. Bide lokaztu zaharretik inora ez doazela oharturik, Kataluniako eremu horretan nagusi den instituzioa euren etorkizunari irtenbide osasuntsu bat bilatu guran dabil. Euskal Herriko eremuetan ez da halakorik sumatzen, eta jokabide zentzudun bat izan lezaketen Gasteizko Parlamentuan eta Foru Aldundietan lokatz arteko bideetan barna segitzen dute, halako plazer masokista batez jokatzen dute. Gidari jeltzaleak Espainiako jokabide inperialistari mugarik jarri ez, eta lehengo faxismo zaharraren ondorengoei hauspoa emanik, boterearen legearen indarrez herriaren gizalegea estali guran dabiltza, guztion hobe beharraren aitzakiaren gerizpean babesturik.

Gaur egun Kataluniak etorkizunari baikortasunez begira diezaioke. Euskal Herrian ere ez zaigu esperantzarik falta. Herri zaharrak dira biak inondik ere, eta mendeetako malkar bortitzean gora iraun nahiaren irmotasunaz ibili arren, nekearen nekeaz gaixorik daude, euren jendarteak ehunka urtetako gaixotasunaren zama darama. Zuhurtzi eta sentsibilitate apur bat duenak ez du euren argia amatatzen utziko, eta trantze txarretatik irteteko txertorik eraginkorrena bilatuko du. Txertohorrek izen bat dauka: Independentzia. Botika horrek jarriko gaitu osasuntsu, eta aurrera egiteko indartsu. Beste errezeta guztiak plazeboak baino ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.