Boterea eta subiranotasuna testuinguru kapitalistan berrantolatzen ari diren garai honetan, abertzaleok nazioaren errekonozimendu nekaezinean tematzeak dauzkan mugak irtenbiderik gabeko kalezuloa izan daiteke. Era berean, esentzialismoak, euskal esentzia nazionala aldarrikatzen duten horiek, ezberdintasuna baztertuz, ez dute gizartearen konplexutasuna ulertzen, eta nazioa idealizatzen dute, eraginkortasuna galduz.
Proiektu eraldatzailerik gabeko nazionalismoak dakartzan arriskuez jabetu behar dugu. Herriaren ideia lehenestea, ekintza kolektiboan oinarritutako eraikuntza politiko eta sozial gisa ulertuta, labur gera liteke nortasun politiko indartsu eta kohesionatu bat artikulatzeko; batez ere, Espainiako eta Frantziako estatuek eragiten duten zapalkuntzaren aurrean.
Herriaren emantzipazioaren eta subiranotasun nazionalaren arteko tentsioak Euskal Errepublika lortzeko bidean aurrera egiteko erronka garrantzitsua da. Tentsio hori herria kontzeptu politiko gisa eta nazioa egitura politiko gisa islatzen duen harreman dialektikoa da; eta batak besteari lehentasuna emateak mugak adina indargune ditu.
Ernest Renanek, 1882. urtean idatzitako Qu'est-ce qu'une nation? saiakeran, ondorioztatu zuen nazioa ez zela finkoa ezta esentzialista ere, baizik eta elkarrekin bizitzeko borondate kolektiboak sostengatzen duen espazio dinamikoa, «eguneroko plebiszitua» deitu zion. Herri-emantzipazioa eta nazio-subiranotasuna osagarriak dira. Nazioak herria emantzipatzeko gunea izan behar du; herriak nazio kohesioari esanahia eman behar dio.
Ezinbestekoa da herriaren eta nazioaren arteko dikotomia gainditzea eta gakoa ekintzan dagoela konturatzea. Teoria politikoetatik harago, mugimendu independentistak eguneroko burujabetza zehatzetan zentratu behar du eta eraldatzaileak diren politikak ezarri behar ditu.
Hala ere, herriaren emantzipazioaren eta subiranotasun nazionalaren artean oreka bat aurkitu behar da. Ideia hau autodeterminazio eskubidearen hazia baita.
Jakin badakigu, Nazio Batuen Gutunaren 1. artikuluak herriek beren etorkizun politikoa askatasunez erabakitzeko duten eskubidea aitortu eta Nazioarteko Zuzenbidean finkatutako autodeterminazio eskubidea gauzatzeak Espainiako eta Frantziako estatuen lurraldetasun printzipioarekin gatazka eragiten duela. Nahiz eta printzipio hori kanpoko mehatxuen aurrean bakarrik argudiatu daitekeen zapaltzaileek indar guztia erabiliko lukete euskaldunon eskubide legitimoa ahulduz. Errealitate horrek bakea eta egonkortasuna bermatzeko mekanismo eraginkorrik eza baino ez du erakusten.
XXI. mendean, independentziaren aldeko asmoek dirautenean eta erreferenduma herri baten nahiak zehazteko tresna demokratiko gisa azaleratzen denean, gizarte gisa gatazka bideratzeko erronka mahai gainean daukagu. Ildo horretan, gatazkak indarkeriazko dimentsio batera eskalatu baino lehen bitartekaritza sistema eraginkorrak garatzeko beharra erakundeei helarazi behar zaie.
Baina, proiektu nazionala ezin da maila teorikoan ematen den eztabaida juridikoetara murriztu. Askoz konplexuagoa da eta barne tentsioak kudeatzea eskatzen du. Lurralde zatiketak gainditzea eta nazio integratzaile bat eraikitzeko politika eraldatzaileak beharrezkoa dira. Dagoeneko gobernatzeko gaitasun handia erakutsi dugu eta subiranotasuna de facto erabiliz estatu gisa joka dezakegu; inolako aitorpen formalen mende egon gabe. Euskaldunok independentzia bere osotasunean nahi badugu, eta Euskal Errepublika jomuga bada, herritarrok prozesuan parte hartze aktiboa izan behar dugu. Eztabaida publikoa sustatu eta espazio guztiak okupatu behar ditugu gure xede demokratikoekin.
Bidea ez da erraza izango, baina ez da ezinezkoa. Herriaren malgutasuna nazioaren indar kohesionatzailearekin konbinatuko duen proiektu eraldatzaile bat artikulatu behar da. Hau da, esparru politiko plural eta demokratiko berri bat eraikitzea, koherentzia eta norabide estrategikoa izango dituen nazio-diskurtso batekin. Prozesu konstituziogile propio bati ekitea, non eta euskal herritarrak subjektu politiko subirano gisa eratuko diren. Erdialdeko eta periferiako lurraldeak bateratuko dituen nazio bat eratzea, aniztasuna homogeneizatu gabe eraketa kolektiboa kontakizun batean bilakatzeko gai izango den proiektu komun batean. Prozesu parte hartzaile bati forma ematea aukera hoberena baita.