Joseba Asiron Saez.

Herri elkargoa elkarrekin eraiki dezagun

2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko udalen%70 Herri Elkargoaren alde agertzea eta udal horiek Iparraldeko probintzietako biztanleen ia %70 ordezkatzea oso datu adierazgarria da, eta, zenbakiak atsegin dituztenentzat, abian dagoen proiektuaren garrantziaren ikuspegia eskaintzen du. Baina emaitza hori ezin da zenbakiekin neurtu soil-soilik.

Zenbait udalek elkarrekin egindako lanak erkidegoaren ongizatean eragina duten hainbat dinamika garatzeko abantailak eskaintzen ditu beti. Ipar Euskal Herriaren kasuan, gainera, makrodepartamentuan desagertu egiten diren espezifikotasun batzuetan oinarritutako helburu zehatzak garatzeko esparru propioa eskaintzen du. Nafarroa kontinentaleko, Lapurdiko eta Zuberoako herritarrek kasu askotan hainbat hamarkada prestatzen daramatzaten proiektuak, lanak eta zereginak abian jartzeko edota sendotzeko aukera paregabea da. Izan ere, gizarteak, herritarrek, agente sozioekonomikoek eta baita udal-ordezkariek ere urte askoan modu batean ala bestean landu dituzten dinamikak modu instituzionalera lekualdatzen ari direla ikusten ari gara berriz ere.

Ez dezala inork pentsa proiektu hau joera politiko jakin baten dinamika bat denik, haren inguruan eta parte hartzen ere joera eta alderdi politiko desberdinetako pertsonak eta udalak baitaude. Eta Iruñean duela urtebete partekatzen ari garen esperientzia sakontzen duen ikasbidea da hori. Erkidego baten ongizatean eragin positiboa duten akordioak lortu nahi direnean, akordio hori sustatzen dutenen artean egon daitezkeen diferentzia ideologiko eta politikoek ezin dute izan, inola ere, akordioa lortzeko oztopo. Ipar Euskal Herrian oso argi dute, eta gainerako probintzia, eskualde eta udalei benetako adibidea eskaintzen digute gure udaletxeetan hainbat posibilitate aztertu ahal izateko.

Hainbat urtez abian dagoen eta orain erakundeetan zehazten den herritarren dinamika zabala den arren, oraindik ere hainbat oztopo gainditu behar ditu, adibidez, Frantziako barne-ministerioan aurkeztu den errekurtsoa, edota balizko errekurtso administratiboa. Zelaiari ateak jartzea ezinezkoa den bezalaxe, ziur nago proiektu hau geldiezina dela, Ipar Euskal Herriko herritarren eta bertako udalen erabakitasunetik jaio baita. Horregatik, kalera ateratzeko unea iritsi da, udal-erakunde horiek, bertako herritarrak eta hartutako erabakiak errespeta daitezen exijitzeko. Hitzordua Iruñearen hiri senidetu Baionako jaietarako, uztailaren 27rako finkatu dugu, bertako udalak eta alkateak proiektu itxaropentsu honen aldeko apustua egin baitute.

Nahiago nuke ahalegin eta lan horrek guztiak epe laburrean saria lortuko balu, Herri Elkargoa 2017. urtean errealitate bihurtu ahal izateko. Herritarren ongizatean eragin positiboa duten udalen arteko eta mankomunatutako proiektuak garatzeari begira udalen lanak duen potentzialtasunaren adibiderik onena izango da.

Miresmen eta errespetu osoz, jaso ezazue besarkada bat Ipar Euskal Herriko anai-arreba guztiek, eta bereziki nafarrek eta Baionako hiri senidetuak. Eta hara bertaratzen ahal diren guztiei, Baterak uztailaren 27an, Baionan (19:00etan, Xaho Pelletier pentzean), Herri-Elkargoaren alde antolatzen duen ekimenean parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.