Herri boterea eraikiz

2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ezin uka Euskal Herrian egoera ekonomiko eta soziala gero eta zailagoa dela, euskal herritar asko oso bizi-baldintza gogorrak pairatzen ari baitira. Gutxi gorabehera guztiok ulertu dugu norberaren «mikro-ekonomia» nola —eta zergatik— iritsi den honaino, baina hona ekarri gintuztenek ere ez omen dute egungo ataka gaizto honetatik irtenbidea hain argi antzematen. Europar Batasunean hartutako erabakien ondorioz, Ongizate Estatuaren hondakinak badoaz, gaur galtzen ari garen oinarrizko eskubideak inoiz berreskuratuko ote ditugun zalantza airean utzita. Ostiralero jasotzen ditugun erasoen sakontasuna hain da handia, ezen eta eraso uholde neoliberal honetan —«shock» efektupean bageunde bezala— erreakzio-gaitasunik ez izatearen sentsazioa ere badugula. Ongizate Estatuaren suntsiketa planifikatuaren ondorioz, Euskal Herrian Europa osoan bezala lan eskubide eta eskubide sozialak abiadura handiz galtzen ari dira. Gainera, Europako botere-gune ekonomikoek espainiar estatua oparotasunean bizi izateari utzi eta duela hamarkada batzuetako maila ekonomikora itzultzea erabaki dute. Zeresanik ez, erabaki hauek Hego Euskal Herriko etorkizun hurbilean ondorio zuzenak izaten jarraituko dute.

Gehienetan gure herritik urrun hartzen dituzten erabakiak Euskal Herrian era lazgarri batez eragiten ari diren bitartean, bertako eszenatoki politiko eta soziala argitzen doa, bi multzo nagusi nabarmenduz: alde batetik, egungo ereduari—estatus quo honi— kosta ahala kosta eutsi nahi dioten alderdi politiko, hedabide, sindikatu eta gainontzeko eragileak, eta bestetik, aldaketa politiko eta soziala gauzatuz, burujabetzaren bidez beste eredu ekonomiko eta soziala eraiki nahi dugun indar politiko, sindikal eta sozial abertzale eta ezkertiarrak. Azken greba orokorrak gure kaleetara eta gure instituzioetara erakarri zuen agertokia, non bi multzo horiek aurrez aurre zeuden, ez zen une zehatz bateko argazkia izan, datozen urteetako luzemetraiaren aurrerapena baizik. Beraz, alternatibarik izatekotan, bakarrik ezkertiar eta abertzale multzotik etortzea espero daiteke. Noski, horretarako ezkerreko esparru sozio-politiko abertzale zabalean ados jartzeko gai izan beharko genuke.

Ez da lan erraza izango, baina ez dago beste biderik. Ezkerretik eredu neoliberalarekiko alternatibarik jaio eta indartzea nahi ez dutenek oraindik sekulako indarra daukate. Euskal Herria osoan indar politiko-instituzional handia izateaz gain, euskal jendartearengan eragiteko indar mediatiko itzela daukate sektore horiek. Azken greba orokor guztietan ere ikusi dugu: milaka eta milaka herritar kalera ateratzea lortu duten deialdiek oso oihartzun murritza izan dute. Gauzak horrela, ezkerreko alternatiba eraiki nahi dugunok antolakuntza eta borroka eskainiz jarraitu behar dugu, betiere norabide argi batez. Euskal sindikatuek eta eragile sozial ugarik aurkeztutako Eskubide Sozialen Gutun Soziala osatzeko egitasmoa pozarren hartu zuen Sortuk, greba orokorrari dinamika berri baten abiapuntuaren zentzua antzeman baikenion. Gutun Soziala osatzeko dinamika Euskal Herriko milaka ezkertiar eta abertzaleren elkargune bihur daiteke.

Ezker klasikoak garai batean zerabilen «boterea hartzeko» kontzeptua alboratu dugu, boterea hartu bainoago boterea eraiki behar dugulako. Gainera, behetik gora eraiki nahi dugu, herritarrei boterea emanez, gure etorkizuna guztion esku utziz. Demokrazia burgesaren instituzioetan parte hartzea erabaki dugunok ederki asko dakigu gehienetan instituzio horietan politika —guk nahiko genukeen politika— egiteko marjinak nahi baino dezente estuagoak izaten direla. Halaber, eredu berria eredu zaharraren erraietatik sortu beharko dela pentsatzen dugu, horregatik Boliviako presidenteorde Alvaro Garcia Linerak esaten duen bezala, «kontraesanak zamalkatzea» erabaki dugu. Sortun «argi luzeak» pizten ditugu, ez baitugu nora joan nahi dugun inoiz ahaztu nahi. Gure argi luzeek Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa erakusten dizkigute, prozesu gisa ulertuta, demokrazia sozialista egunez egun garatuko duen Euskal Estatua, alegia. «Argi motzek», ordea, hara iristeko bidean hurrengo metroak erakusten dizkigute: burujabetza ariketa praktikoak eginez —gure herritarren beharren arabera Euskal Herrian bertan erabakiz— eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraiki nahi dugu.

Bertako instituzioak kudeatu arren, boterea —egiazko boterea— hemendik urrun dago, Euskal Herriak herri ukatua eta zapaldua izaten jarraitzen baitu. Egoera politikoa normalizatu gabe, Herri burujabea izan arte, Euskal Herrian dagoen botere apurra menpekotasunezko harremanetatik eratorritakoa izango da. Hala ere, Euskal Herrian Estatuak ordezkatzen dituzten instituzio eta eragile guztiez gain, Euskal Herriko alderdi politiko nagusiak, EH Bildu izan ezik, hedabide talde nagusiak, enpresaburu elkarteak, besteak beste, guk nahi dugun aldaketa politiko eta sozialaren aurka daude. Ondorioz, ez dirudi haiekin eredu ekonomiko eta sozialaren gaineko akordiorik egitea lan samurra izango denik. Ereduen arteko konfrontazioaren garaia da, beraz, ereduen arteko talka hori eremu guztietan egitea ezinbestekoa da.

Aldaketa politiko eta soziala eremu desberdinetan borrokatzen ari garenok kontraboterea gara, nahiz eta instituzio batzuk kudeatu. Hala, EH Bildu udaletxeetan edo Gipuzkoako Foru Aldundian ere kontraboterea da, zailtasunak zailtasun, egiazko botere horiei egunez egun aurre egiten baitie. Ezin gaitezke, ordea, kontrabotere izatearekin konformatu, Herri Boterea osatzea helburu dugulako, Euskal Herriko jendartean aldaketa ahalbidetuko duen pentsamendu hegemoniko berri bat eraikiz. Jendearen pentsaera aldatzea, ordea, ez da egun batetik bestera gertatzen. Beraz, aldaketak guk nahiko baino motelago etorriko direlakoan, fase politiko berri honetan pazientzia eta pertseberantzia iraultzaile ororen ezinbesteko lan-tresnak izango dira. Noski, dinamika horretan abangoardia kalean behar dugu, herri mugimendu sendo eta zabalean, hain zuzen ere. Alta, instituzio baten edo bestearen gobernuan egotea indar sozial handiagoa sortzeko baliatu behar dugu. Gobernuak nahi ditugu indar sozial zabalagoa lortzeko. Eraldaketa soziala posible da. Eraldaketa soziala indar sozialik —herri botererik— gabe ezinezkoa izango da. Bide horretan herri mugimenduaren eta instituzioetan dauden indar politiko ezkertiarren arteko dialektika funtsezkoa da, herri mugimenduaren indar soziala zabaltzeko. Eta gaur egun instituzio nagusietan dauden indar harremanak kontuan hartuta, instituzio horiek beste eredu baterantz aurrerapausorik egin dezaten bultzada (eta presio) soziala ezinbestekoa izango baita. Sortukideok herri mugimenduan eta instituzioan izango gara, baina gure esku dagoen botere instituzionala eredu berria sortzearen mesedetan jarriko dugu, betiere Herri Boterean bat eginez eta botere-gune ekonomiko (eta instituzio arrotz) horien aginduei desobedituz, gero eta burujabeago, eraldaketa soziala bururaino eraman dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.