Heriotza sozial goiztiar baten arriskuak

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Azken urteotan ez dut erantzun egokirik aurkitzen zahartzarora iritsiak garenoi egin ohi diguten galderari erantzuteko: erretiroa hartua duzu? Eta badago beste galdera bat ere, askotan aurrekoarekin batera etortzen dena: oraindik ibiltzen zara bizikletan? Hori erraza da erantzuten. Baietz esaten dut, oraindik ere kilometroak egiten ditudala bizikletan. Eta erretiroari buruz? Bada, bai eta ez. Erretiroa kobratzen dut, baina lanean segitzen dut, eta burura etortzen zait ea galdetzaileak ez ote duen entzun nahiko jada ez dudala ezer egiten. Pentsatzen dut erantzuna harrigarria dela ondo ezagutzen ez nautenentzat. Erretiratu batek ez dauka aisiaz gozatzea eta bilobak zaintzen laguntzea beste zereginik. Hori da pentsiodun pasiboak ulertzeko modu naturala.

Aldatu egin behar dugu erretiroaz dugun irudia: zahartzaroa pasiboa dela, ez duela ezertarako balio. Erretiratuek berek aldatu beharra dute, eta gainerako herritarrek ere bai. Agian, adin handira eta zahartzarora iristen diren erretiratuak «klase pasibotzat» jo daitezke, hala deitu ohi baitzaie pentsiodunei. Baina lan egin eta kotizatutako urteei dagozkien lege baldintzak beteak ditugun gehien-gehienok gai gara oraindik fisikoki, mentalki eta intelektualki gizartearentzat baliagarriak diren hainbat ekintza egiteko, familiari eta lagunei laguntzeko, hainbat jarduera profesional egiteko, eta jardun sozialari eusteko, hala nahi dugun neurrian.

Baina jende gehienak ez dauka irudi hori, eta erretiratu askok ere ez dute hala ikusten beren burua. Sarritan, sentitzen dute beren historia profesionalaren subjektu izateari utzi diotela, traba egiten duen objektu bihurtu direla, eta lan jarduna utzi behar luketela; «erabili eta bota» izeneko logika ekonomikoa dago horren atzean, batere gizatasunik gabea. Jada balio ez dugula pentsatuko duten beldurra. Ahalmen ekonomikoa galtzeko beldurra, edo, askotan, ziur galduko dugun ustea. Amildegian salto egitea; erreferentziak, estatusa eta harremanak galtzea. Zaharren munduan, gauzaezen munduan sartzearen sentipena. Eta, atzera begiratuta, konturatzen gara psikologikoki zein garrantzitsua den lan egitea eta jarduera profesional bat eduki izana.

Gaztarotik, garrantzi handia ematen diegu harreman sozialei, baliagarri sentitzeko modua emango digun jarduera profesional bat egiteari, horrek identitatea eta legitimotasuna ematen baitu. «Nor zara?» edo «zer egiten duzu?» galdetzen digutenean, «igeltseroa naiz», edo mekanikaria, maistra, abokatua..., erantzuten dugu. Eta, erretiroa hartu ondoren, horrek guztiak jada ez du balio erantzuteko.

Egunero ordu berean toki jakin batera joateari uzten diogunean, galdu egiten ditugu gure izateari zentzu handia ematen zioten erreferentzia guztiak. Gure identitatearen parte bat hauskor bihurtzen da, eta desagertu egiten dira gure ohiko harremanak. Batzuetan, eta ez gutxitan, lotsa ere ematen du hau esateak: «Jada ez naiz igeltseroa; jada ez naiz aritzen». Eta lotsatuta hitz egiten dugu, sentitzen baitugu gizarteak aterea digula atera beharreko zukua.

Batzuetan pentsatzen dut ez dakidala ezer nirekin ohiko harreman sozial eta profesionalak izan dituzten pertsona batzuez. Zertan ariko dira? Orain ez dugu elkar ikusten. Gurebizitzek ez dute berriz topo egingo, kasualitatez ez bada; agian hiletaren batean, edo, egunen batean, gutako edonoren hiletan. Ez dakit ondo dauden, gaixo dauden, zer egiten duten, ea zoriontsu diren; zenbaitetan, ez dakit hilda dauden ere. Izan ere, hainbeste aldatu eta murriztu ditugu harremanak, ezen gure bizitzak jada ez baitira gurutzatzen. Telefonoz dei niezaieke, edo mezu bat bidali. Baina ez dut halakorik egiten; zergatik?

Bai, halatsu sentitzen da erretiratu bat, eta gizarteak ez dio laguntzen bere buruaz duen irudi hori aldatzen. Askotan, halaxe sentitzea espero da, eta normaltzat hartzen da. Baina erretiratua hori baino gehiago da, askoz gehiago. Adin horretan, ageri-agerian dago zenbait gaitasun fisiko ahulduta daudela, baina gaitasun psikiko eta intelektualek hor segitzen dute, eta ez hori bakarrik: egonkortuta daudenez, hobeak dira. Gaitasun handiagoa dago pentsatzeko, esan beharrekoa aske esateko, gauzei aurrea hartzeko, idazteko. Baliagarria izateko, beste garai batzuetan baino baliagarriagoa. Baliteke neurona batzuek funtzionatzeari uztea, baina garrantzitsuenek hobeto egiten dute lan; gaitasun handiagoa dugu zoriontsu izateko; modua daukagu laguntza behar duenari laguntzeko, gure gaztetasun pilatuari esker. Lanbide asko egin daitezke oraindik, eta ez dago zertan eten jarduera fisikoa: pixkanaka galtzen den indar fisikoa ordezkatzeko, teknika berrietan trebatzeko aukera dago.

Lagundu al dezakegu? Bai. Beharrezkoa da psikologikoki prestatzea trantsizioa egiteko, eta estimutan edukitzea lan mundutik kanporatuak askotan, indarrez izan direnen irudia. Identitate soziala galtzeari bide ez ematea, bizitzeari uko ez egitea, erretiratuak ez baztertzea, eta norbera ere ez bakartzea. Oraindik ezinbestekoak izan gaitezke gizartean, besteei gure denbora emanez eta gure esperientzia transmitituz, gaitasun berezia baitugu, magikoa ia, aurrez jakiteko zer gertatuko zaion norbaiti ez badie zoriontasunerako parametroei segitzen bere bizitza garatzeko orduan. Esperientzian oinarrituta, badakigu gurasoek gure seme-alabek, azken batean egiten dutena zein garrantzitsua den gure biloben garapenean eta hezkuntzan.

Maiz harritzen naiz ikusita zenbaterainoko gaitasuna dugun etorkizuna aurreikusteko iragan ezagunean oinarrituta. Erretiratuta ez dugu gutxiago balio. Kontrara: baliagarriagoak gara, nahiz eta gizartea tematuta dagoen gu ahitutzat eta zahartzat jotzen. Eta, gainera, gure bizi afektiboa egonkortua dagoenez, zoriontsuago izateko aukeraz goza dezakegu.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.