Abokatua

Heriotza merkatariak

2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtarrilaren 15ean Zedarriak euskal enpresa foroak (ideiak eta jakinduriak ematen dituzten adituen batzordearen halako zerbait, think tank ere deiturikoa) aditzera eman zuen bere VI. txostena, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasun eta lehiakortasunean partekatutako helmuga izenekoa. Pedro Luis Iriarte lehen euskal gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari izandakoak aurkeztu zuen. Kargua utzi ondoren, BBVAko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria eta presidenteordea izan zen. 2023an, entitate hori utzi zuenean, erretreta gisa 57 milioi euro jaso zituen, Emilio Ibarrarekin partekatuak, hara bertzea! 

Txostenak, industria eraldaketari buruzko zatian, aipatzen zuen, gaur egun, arma eta segurtasun industriaren aldeko apustua egiteko ireki den «aukera itzela». Entzuleen artean, Mikel Jauregi egungo Industria kontseilaria eta kabineteko bertze bi lagun zeuden, bai eta Iñigo Urkullu lehendakari ohia eta Arantxa Tapia kontseilari ohia ere. EAJren ekipo handia. Amorratzera egin zioten txalo denari, arma-ateraldiari ere bai. 

Geroago, Mikel Torres (PSE) gaurko Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Industria kontseilariak, Forum Europa - Tribuna Euskadin, adierazi du ezen Eusko Jaurlaritza egonen dela «enpresa horiei [arma-enpresak, alegia] merkatu eta produktu berriak ireki eta garatzeko laguntzen ahal dien guztian, lurralde guztiaren onuran, jakina». Laburbilduta, EAJ eta PSE, hainbertze munta, eskutik helduta doaz ahalegin honetan: etorkizuneko armek (bonbak, morteroak, droneak, misilak, robotika, eta egokitzen den guztia, Mendebaldeak elikatutako gerra eta gatazketan, munduko edozein tokitan, hiltzeko eta suntsitzeko erabiltzen direnak) dagokion euskal labela eramanen dute. 

Gasteizkoak kolektibo antimilitaristak berriki argitaratu duenaren arabera, arma ekoizpenean partez edo osotara jardun duen euskal industriak osotara 187 enpresa egiten du (duela bi hamarkadaren hirukoitza ia-ia). Horri gehitu behar zaizkio 11 zentro teknologiko eta bortz unibertsitate. Horietatik erdiek baino gehiagok Eusko Jaurlaritzaren laguntzak hartu dituzte. Gutxi balitz bezala, nazioarteko gatazken hedapenak eta larriagotzeak, bake, negoziazio, bitartekaritza eta desarme politika aktibo eta konprometituak sustatu beharrean, enpresari eta gobernariengan onurak erdiesteko irrika areagotu dute, nola lortzen diren axola izan gabe.  

2022an, NATOren goi-bileraren ondoren, Pedro Sanchezek konpromisoa hartu zuen aurrekontu militar espainiarrak areagotzeko, 2029an BPGren %2ra iritsi arte. Baina helburu hori motz gelditu da. Aurtengo urtarrilean, Mark Rutte NATOko idazkari nagusi berriak eskatu du portzentaje hori %3ra igotzeko, eta Donald Trump AEBetako eta mundu osoko enperadore berriak estatu europarrei eskatu die %5era iristeko. Nork ematen du gehiago? 

Estatu espainiarrean, teorian, gastu militarrak BPGaren %1,28 egiten du, baina kopuru hori iruzurra da. Amarrua zertan da? Bada, Defentsa ez diren bertze ministerio batzuei (Industria, Ogasuna, Zientzia eta Teknologia...) esleitzea argi eta garbi militarrak diren gastuak: mundu militarreko pentsioak eta osasun prestazioak, industria militarrerako kredituak, atzerriko misioak, nazioarteko erakundeei ordaindu beharreko kuotak, ohiz kanpoko aurrekontuak... Egia erran, estatu espainiarrean aspaldi gainditu zen BPGaren %2a, baina datuak faltsutzen dituzte igoera etengabeak justifikatzeko. 2012tik 2022ra Defentsako aurrekontua %60,8 areagotu zen eta, 2023an bakarrik, %26 igo zen. Honetan ez da alderik izan Mariano Rajoyren gobernuen eta aberriaren historiako aurrerakoienak diren Pedro Sanchezen gobernuen artean. 

Duela urte batzuk, herri bazkari batean, psikiatra ospetsu baten ondoan esertzea suertatu zitzaidan. Haren parean, aski ezaguna den rockero bat jarri zen. Azken burukoan, modu hotzean eta motibo handirik gabe, psikiatrak kantariari aurpegiratu zion: «Eta zu, zer distantziara izanen zinateke hiltzeko gai?». Azken hori zurbildu zen, ezin sinetsiz. «Bai, bai –tematu zen lehendabizikoa– zer distantziara izanen zinateke gai zu pertsona bati bizitza kentzeko?». Eta jarraitu zuen, «zeren eta zu eta biok gauden distantzian, metro bat eta erdi, franko desatsegina litzateke ikustea burua tiro batekin nola lehertzen diozun eta gero zure aurpegia zikindu duen odola zerorrek garbitu behar izatea». 

Kantariaren aurpegiera arras agudo ari zen zimeltzen, baina psikiatra, etsi gabe, berriro ahalegindu zen: «Kapaz izanen zinateke bost metrora norbaiti tiro emateko? Eta 10era? Eta 100era, mira teleskopikoko errifle batekin?». Erran nahi zuen mundu guztia, edo gehienak, kapaz garela pertsona bat hiltzeko, betiere gauzatutako krimena zuzenean ikustea (garunak barreiaturik, odola borborrean ateraz...) galarazten duen distantziara baldin badago. 

Gastu militarrak dira, ikuspuntu sozialetik, erabilgarritasun txikiena dutenak. Erabiltzen ez badira, xahutze hutsa dira, eta, erabiltzen badira, xahutzea bikoizten dute, suntsitua berreraiki behar delako eta ehunka, milaka edo milioika pertsonaren heriotzatik eratorritako kostu itzelei aurre egin behar zaielako. Xahutze sozial bikoitza, baina baita onura bikoitza ere, sorrarazten dituzten eta gibeletik heldu diren eraikuntza enpresa putreendako. 

Ia segurki baiezta daiteke etorkizuneko aurrekontu publikoek islatuko dituztela bizi dugun gerra igoaldiaren ondorioak. Gastu militarrak areagotuko dira, aunitz, arma industriarako laguntzak bezala, kontu-sail sozialak urrituko diren ber. Tenorea da, ba, gobernuek eta talde parlamentarioek bere buruari psikiatraren galdera egin diezaioten: zein distantziara naiz kapaz norbait hiltzeko nire barneak ausiki gabe? Zer aitzakia emanen dut orduan aurrekontu horiek defendatzeko, minaren eta odolaren aurrekontuak, urrutikoak bai baina bizitza bera bezain errealak direnak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.