“Here come the Basques”

2018ko ekainaren 22a
19:45
Entzun

 "Ez sekulo  ahaztu nun jaixo zazen eta atzin itxizun familixiaz. Ez sekulo ahaztu zeure kulturi, sustraixek, identidadi eta hizkuntzi"

Normala da etorkin taldeak herri berrietara heltzean euren jatorrizko herrialdearekin harremana izan eta euren identitatea mantendu nahi izatea. Etorkin talde horiek, denbora pasatu ahala, diasporak bihurtzen dira, eta diasporek badituzte antolatzeko eta identitatea mantentzeko hainbat era. Antolatzeko era horien artean daude, kasurako, diaspora elkarteak, hizkuntza ikasi eta mantentzeko eskolak; dantza taldeak; elizak, mezkitak; edota jaialdiak.

Euskal diasporaren kasuan, euskal jaialdi edo festibalak oso garrantzitsuak izan dira Ipar, Erta eta Hego Ameriketan, Europan edota Australian dauden euskaldunentzat. Estatu Batuetan zentratzen bagara, XX. mende hasieratik antolatu izan dira picnic edo jaialdiak. Picnic edo festibal horien lehen helburua zen herrialde horietan zeuden euskaldunen arteko harremana sortu, sendotu, eta identitate bereko komunitate bat martxan jartzea. Urteak aurrera egin ahala, ordea, jaialdi horiek badute beste helburu bat ere: Euskal Herria eta euskaldunak Amerikar gizartearen aurrean aurkeztea. Beraz, Euskal Jaialdiak, euren jatorriko helburua galdu gabe, Euskal Herriaren lehio bihurtu dira antolatzen diren herri horietan. 2018 urteko maiatza zehar zabaldutako inkesta batek dio, Estatu Batuetako euskaldunen %99,8ak uste duela garrantzitsuak direla Euskal Amerikar Jaialdiak eta horietatik %85,3a Jaialdi batean izan dela inoiz. Aurten, lehen aldiz, New England Basque Club-eko kideek Euskal Jaialdi publikoa antolatuko dute New Londonen (Connecticut). New England Basque club-eko bazkideak urtero antolatu izan dute, beste ekintza batzuen artean, Euskal jai bat ekaina bueltan. Aurtengoan Amerikar gizarteko parte izango dira, eta New London herriko udalarekin eta negozioekin bat egingo dute Euskal kultura sustatu eta zabaltzeko: "New Londoneko herria asko interesatu da gure jaialdiaz. Lehenengotik eta enteratu zirenean gure planekin, batzarra eskatu ziguten eta permiso denak eman zizkiguten. Nik pentsatzen dut, hori erlazioa hazten joango dela. New Londoneko Museo Maritimoak nahi du horko museo maritimoarekin harremanak egin eta presentatu hemen, izan ere, euskaldun balleneroak izan ziren lehenengo ballenero komertzialak hemen zehar", (Juan Mari, Jaialdiko antolatzaileetako bat).

Honek konfirmatzen du, Euskal Amerikar Jaialdiak eta euskal diasporako kideek asko laguntzen dutela bi herrialdeen arteko harremanean, harreman transnazionalean. Jaialdi honen helburua da “Zelebratu, mantenitu eta promobitu gure Euskaldun kultura”. Jaialdi honek, gainera, Estatu Batuetan dauden beste komunitate batzuen arteko harremanean ere lagunduko du, izan ere, San Francisco eta Chinoko (Kalifornia) dantzariak etorriko dira, Montrealeko euskal etxetik trainera ekarriko dute arrantzaleen imitazioa egiteko, New Englandeko herri kirolen taldeak parte hartuko du, eta Miamitik eta New Yorketik sukaldari eta chef-ak etorriko dira.

Horrela, ekainaren 23an, New Londonen, 800 pertsona inguru biltzea espero dute,  horien artean, esan bezala, New Englandeko eta Estatu Batuetako euskaldunak, Euskal Herriko ordezkariak, bai instituzionalak eta kulturalak eta, nola ez, animatu nahi duen beste edozein pertsona. Berriro ere, atzerrian bizi diren euskaldunek etorkizunerako zubiak eraikiko dituzte eta erakutsiko digute gure identitateak muga geografikorik ez duela eta euskaldunen artean elkartasuna posible dela.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.