Ume lapurtuen auzian balio demokratikoekin bat eginez aurrera jo dezagun, garrantzitsua izan daiteke historiari begiratu bat ematea aferaren hastapenetatik. Iraganaren memoriak lagun diezaguke oraina hobeto ulertzen, ukapena gainditzen eta gizakiaren alde txarrari aurre egiten. Saia gaitezen, behintzat.
Frankismoaren errepresioa zantzu pseudozientifikoez justifikatzen saiatu zen Antonio Vallejo-Nájera psikiatra famatua bere lan askotan. 1938an, adibidez, demokraziak gizarte-erresumina pizten zuela aldarrikatu zuen, eta ezkertiarrak hauspotzen zituela, nahiz eta bere ikerketek frogatzen zuten bezala, marxistak adimen maila «atzeratuko» pertsonak izan; erregimen aristokratikoetan, ordea, onenak ateratzen ziren aurrera, berez.
Hots, marxismoa gaixotasuna zen medikuarentzat, umetatik suntsitu behar zen akatsa. Emakumea bigarren mailako gizakia zen aditu horrentzat, alegia, nortasun makalekoa, inteligentzia eskasekoa, eta mugarik ez bazitzaion ipintzen, gizaki krudela bilaka zitekeen. Matxinada politikoek emakumearen instintu sexuala asetzen omen zuten. Beraz, kartzeletako emakume errepublikanoek ez zeukaten estatus politikorik, preso arruntzat jo behar ziren. Frankismoko psikiatra gorenaren analisiaren ondorioz, eduki zitzaketen umeak lehenbailehen kendu behar zitzaizkien emakume haiei, gizartearen onurarako. «Intentzioa ona zen».
Ondorengo urteetan, irabazle atera zen aginte politikoaren pentsamendua ezarri zen «moraltasunez» mozorroturik. Mozorro horrekin ongia egiten zela uste zen, antza, baina iturri beretik isurtzen zen gaizkia. Ama ezkongabea izateak marka zuen, orobat pobreziak, baita ideologiak ere. Hobe umeak kentzea tara horiek zituztenei. Borondate ustez onenarekin ate zabala ireki zitzaion gaizkiari.
Azter dezagun beste garai bat, 1960ko hamarraldia. Garai hartan, klinika asko ireki zituzten. Paco González Tena soziologoaren ikerketen ondorioz, trama batez ariko ginateke: ondo antolaturiko talde batek, diruaren truke, umeak lapurtu zituen, eta guraso izateko arazoak zituzten familiei «saldu» egin zizkien Espainia osoan. Eta hori, ziurrenik, negozio oparoa izan zen batzuentzat. Gertakari hauek eta frankismo hasierako ama «akasdunak» umeengandik banatzeko aldarrikapen haiek lotzea ez dirudi burugabekeria.
Tamalez, lapurreta hauen bukaerari data zehatzik ere ezin jarri, baina gaurko gizarteak mina sentitu du albiste izugarri hauen ezagutzarekin. Gure gizarteak ez du epaiketa moralik egin. Gaizkiaren aurrean gizaki oro sentitzen gara deseroso. Tzvetan Todorov pentsalariak dioen bezala: «Gure etsaia ez da morala, egozentrismoa eta manikeismoa baizik».
Demokrazia batean, sufritzen dugunon alde egin beharko lukete agintariek. Patxi Lopez lehendakariak tramari buruz hitz egin du, eta Legebiltzarreko kide bat lapurtutako umeen kopuru ikaragarri batez aritu da.
Egoera dramatiko honen aurrean, estamentuen erantzuna ez da araberakoa. Kaltetuok jota gaude, ez dugu benetako borondate politikorik ikusten eta opakutasun gehiegi nabaritzen dugu.
Argentinan 500 kasuekin nazioarteko erakundeak asaldatu ziren. Zer gertatzen da hemen? Drama honen aurrean ukapena dugula? Beste tokietan edozer gerta daitekeela, baina «gurean» ezetz?
Arestian aipatutako gizartean edozer gerta zitekeen. Hori argi dago. Eta hortik gatoz; horrek dakartzan ondorio guztiekin. Epaiketa moralik ez dugu egingo, baina ez dezagun testuingurua justifika.
Erakundeek ez dezatela erresistentzia gehiagorik ipin ume lapurtuen auzian; benetako borondatea aldarrikatzen dugu: lagun dezatela behingoz artxibo guztiak zabaltzen, polizia-ikerketak arintzen, mediku-estamentuaren uzkurtasuna gainditzen… Gaizkiaren kontra egin dezatela, sekula ez ahanzturaren alde.
Hemen zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu