Hemen dira murrizketak

Asier Vega Amaia Agirresarobe
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Beldurrezko pelikula batean bageunde bezala, motozerra eskuan heldu da PP Espainiako Erresumako Gobernura, murrizketak nonahi egiteko asmoz: gizarte murrizketak, eskubideen urraketak, okerrerako lan erreformak; eremu guztietan murriztu dute segurtasun indarretan izan ezik, ez dadila poliziarik falta beren haserrea kalean adierazteko prest daudenen elkarretaratzeak desegiteko. B mailako pelikula guztietan bezala, istorioa shock izugarri batekin hasi behar da, etorkizunean helduko diren ezusteko guztien aurrekari.

Mariano Raxoiren gobernuak lehen murrizketak egin ditu: Sustapen Ministerioan (1.614 milioi), Industrian (1.091), Ekonomian (1.083) eta Kanpo Harremanetan (1.016). Hezkuntzako aurrekontuak 485 milioi euro gutxiago izango ditu; Enpleguak, 439; Ogasunak, 432; Osasunak, 409; Nekazaritzak, 401; eta ,azkenik, murrizketarik txikiena Defentsa Ministerioak izango du, 340 milioi eurokoa, hain zuzen.

Sustapen Ministerioa kontuan hartu gabe, azpimarratzekoa da murrizketa handienak pairatu dituztenak egoera ekonomikoa gainditu eta herritarren ongizatea bermatzeko berebiziko garrantzia dutenak izatea. Gehienei ez zaie harrigarria irudituko PPk Hezkuntzan eta Osasunean murriztea, kanpainan agindutakoaren aurkakoa bada ere. Mendekotasun Legea ere dekretu bidez geldiarazi dute, eta, ondorioz, mendekotasun moderatuaren maila larriena pairatzen dutenek diru-laguntzak askoz geroago jasoko dituzte.

Aurrekontuen hurrengo biktima, legeak ezarritako aitatasun baimenaren hilabeterako luzapena ez betetzeko erabakia, hain zuzen, gobernu honek aurrekoari kopiatutako oinarrizko ideia bat antzematen laguntzen baitigu: eskubideak oparoaldi ekonomikoetara mugatuko dira; gainerakoetan, hor konpon. Erantzukidetasunik batere ez; gera daitezela esplotatutako emakumeak etxean eta doazela gizonak lanera esplotatuak izatera; betiko moduan, baina orain emakumeak esplotatzen dituzte haientzat are prekarioagoa den lan merkatuan.

Baita pentsiodunek ere, murrizketak pairatzen dituzte gupidarik gabe, gobernuaren lehentasuna haiek zirela behin eta berriz esan arren. Raxoik kanpainan egindako promes bakarrenetarikoa izan zen 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera pentsioen erosteko ahalmena gaurkotuko zuela. Pentsioen eguneraketa erreala, baina, negatiboa izango da, %1eko igoera nominalari inflazioaren igoera kendu behar zaiolako, 3 puntu inguru baita zerga presioaren %0'75eko igoera errenta txikienen kasuan.

Jakina, betikoek murrizketak pairatzen dituzten bitartean, kosta ahala kosta mozkinei eusten dieten pribilegiatu gutxi batzuek—krisiarekin edo krisirik gabe, banka beti irabazle— neurri horiei esker etekin handiagoa aterako dute. Adibidez, hor dugu Defentsak izandako murrizketa txikia, heriotzaren industriako enpresari bati eskainitako ministerioa, hain zuzen. Ba al du Raxoik potentzia etsaien berehalako erasoen beldurrik, edo bere maisu Aznarren pausoei jarraitu nahi die, Espainiako Erresuma beste guda prebentibo batean sartuz? Soilik horrela azaldu daiteke ministerio horren gastua oraindik ere handitzen jarraitzea, armak erosteagatik dagoeneko 30.000 milioi euroko zorra duen honetan.

Ez dugu ahaztu behar enpresari klasea garaile aterako dela sozialdemokraziaren hondamendiaren eta muturreko eskuinaren areagotzea gertatu ostean ere. Langabezia gora eta langileen lan baldintzak txarrera doazenean, gero eta pertsona gehiago behartuta dago soldata ziztrinen truke lan egitera. Gobernu neoliberal baten logikaren menpe egonda ere, zentzuzkoa zirudien lanbide arteko gutxieneko soldatak igoera nabarmena izatea, enpresariek urteotan krisian egon direnen lepotik gehiago ez aberasteko. Ba ez da hala izan, Raxoik gutxieneko soldata bere horretan utzi du, Europako sailkapenean gero eta gehiago hondoratuz.

Gobernuko buru argietan ez dago langabezia murriztu ahal izateko edo sektore publikoetan zerbitzuak eta lana sustatzeko asmorik. Lan orduak gehiagoren artean banatu ordez, lanaldiak handitzea eta bajak ez ordezkatzea erabaki du, zerbitzu publikoen kalitatea murriztuz. Hala, ordaintzeko ahalmena dutenek, zerbitzu pribatuak kontratatzera bultzatuko dituzte; enpresari handientzat negozio borobila izango da, duda barik.

PPren politikarekin arduratu behar ez direnak krisiaren sorreran ardura gehien izandakoak dira. Gastu soziala murrizten duen bitartean, Raxoiren exekutiboak finantza sisteman ehun mila milioi euro txertatzeko asmoa dauka, banku bermeen bitartez. Merezi du kopurua zenbakietan irakurtzea. Adi: 100.000.000.000?! Ezinezkoa da bankuek abal horiek erabiltzea eta EBZren zakutik etekinak ateratzen jarraitzea, baina Mario Draghi Goldman Sach ohiak iturria itxi bezain laster, hortxe izango da diru kopuru lizun hori, finantzen kasinoan jolasten dutenen eskura. Hori gutxi balitz bezala, eta PFEZren igoera positiboa baina aldi baterakoa gertatu arren, etxebizitza izateagatik eginiko kenkaria berrezartzeak helburu argi bat dauka: etxebizitza merkatua berpiztea eta burbuila berriz puztea; izan ere, adreilu gehien pilatu dutenek bereziki egindako eskaera da hori.

Eta hau hasiera besterik ez da; gehiegikeria berriak dagoeneko iragarri baitira: soldata murrizketak, pribatizazioak... hemen izango dira, martxoaren 25erako asko jota; Andaluzian hauteskundeak egiten diren egunean, hain zuzen. Beldurrezko filmetatik ikasi dugunez, gaizkileak taldetik aldentzen direnak hiltzen ditu lehenengo eta behin. Horregatik, borroka guztiak, gizarte mugimenduak, sindikalak zein mugimendu politiko guztiak artikulatu behar ditugu, murrizketei aurre egiteko eta horiek gure onurarako izatea lortzeko. Zapalkuntzaren logikaren aurka borrokatuko gara aurrez aurreko logikaren bitartez, erresistentziaren bidez eta alternatibak proposatuz. Ezkerra hegemonikoa izan daiteke Euskal Herrian, eta gure langileria defendatzeko oinarriak ezarri behar ditu. Gainera, gure apustu internazionalistatik, Espainiako Estatuko langileekin batera ere borrokak artikulatzeko ahaleginean jarraituko dugu. Borrokak aurrera segitzen du. Dagoeneko hemen dira, baina gu ere bagaude, eta aurrean izango gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.