ENEKO BIDEGAIN

Helep, bihurgune bat

2016ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Heldu den urtarrilaren lehenean sortuko da Ipar Euskal Herriko herri elkargo berria, Helep (Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoa) akronimo bidez izendatua. Zehazki, orain arte dauden hamar herri elkargoak desagertuko dira eta denak batuko dira erakunde berri horretan. Inflexio puntu bat izango da, gisa batez edo bestez. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriak hamarkadak (eta mendeak) igaro ditu ezagupen instituzionala eskatzen, izan departamendua, izan autonomia, izan lurralde elkargoa... Frantziak eskaera horiei erantzun die, eta ez da izanen ez departamendua, ez lurralde elkargoa, are gutxiago autonomia. Ipar Euskal Herriak jarraituko du Pirinio Atlantikoen eta Akitaniaren parte izaten. Helep berri horren eskumenak kudeaketari lotutakoak dira bereziki: garapen ekonomikoa, espazioaren antolaketa, bizilekuen oreka soziala, hirigintza politika, nomaden harrera, hondakinen bilketa eta tratamendua, uraren kudeaketa...

Ez konpara Gipuzkoa, Araba edo Bizkaiko foru aldundiekin, Nafarroako Gobernuarekin edota Eusko Jaurlaritzarekin. Dauzkaten gabezia guztiak eta bete gabeko transferentzia guztiak kontuan hartuta ere, Helep ez da helduko erakunde horien heinera, ez boterez, ez eskumenez, ez diruz. Oraingo herri elkargoen aurrekontuak batuko dira; deus gutxi izanen da hori, Hego Euskal Herriko erakundeek dauzkatenekin parekatuz.

Espantu anitz egin da azken hilabeteetan erakunde berri horri begira, eta beharbada batzuek pentsatu dute Ipar Euskal Herriak azkenean lortu duela bere erakundea, azkenean Euskal Herriko «hiru errealitate» administratiboetako bakoitzak izango duela bere botere edo kudeaketa egitura. Desorekak ez dira desagertuko, lehen bezain handiak izanen dira, Ipar Euskal Herria ahula eta botere gutxikoa izanen da aitzina ere. Erakundeen arteko elkarlanak ez dira eginen berdinetik berdinera. Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren «pareko» erakundea Akitania izanen da, oraino.

Horrek ez du kentzen Helep-ak bide bat egin dezakeela; baina, horretarako, nahi ala ez, Frantziako araudiek jarriko dizkioten mugetatik harago ibiltzen asmatu beharko du. Hautetsien borondatearen eta elkarren arteko indar-harremanaren esku izanen da hori, hein batez, eta Prefetak gogoraraziko dituen araudien menpe, beste gisa batez. Frantziako alderdietako kideek zenbaterainoko indarra eginen dute Helep eramateko Ipar Euskal Herriak behar lukeen tokiraino?

Azken finean, gogo onez edo gogoz kontra, denek onartu dute Helep, Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren kontrakoek salbu. Aurkariek jarritako errekurtsoek, gainera, are gehiago indartu dute Helep-aren aldekoen konbentzimendua: proposamenarekin uzkur zeuden abertzaleak berak bihurtu dira erakunde horren defendatzaile sutsuenak. Alta, Ipar Euskal Herriak eskatzen zuen lurralde elkargo bat — autonomia —, eta Frantziak hori ez zuen onartu, eta herri elkargo sistema bat proposatu zuen. Trufa gisa hartu zuten hainbatek, eta aukera gisa erabili behar zela pentsatu zuten beste batzuek, nahiz eta bere mugak aitortu. Orain, garaipen gisa aurkezten zaigu.

Ondorioz, Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren aldarrikapena bukatu da behin betiko. Mugimendu abertzaleak eta gainerakoek onartu dute Frantziaren proposamena, eta Frantziak —Frantziako alderdi politikoetako euskal hautetsien sostenguarekin — ondoko urte luzeetan erabili ahal izanen du argudio hori, norbaitek autonomia zabalagoa eskatzen badu: «Eman genizuen Helep; erakundetzearen eztabaida trenkatu genuen 2017an».

Horrek erran nahi du lehen ere Euskal Herrian interes gutxi pizten zuten Frantziako hauteskundeek are garrantzia txikiagoa izango dutela hemendik aitzina. Heldu den apirilean eta maiatzean hautatuko dute Frantziako presidentea, eta ekainean diputatuak. Munduko herrialde boteretsuenetako bat izanik, nazioarteko gai bat bezala jarraituko da gaia, eskuin muturra ate joka dagoenean. Baina Euskal Herriarentzat ez du deus aldatuko. Alain Juppé eskuineko hautagaiak berak argitua du euskararen ofizialtasunaren aurka dagoela. Harritu behar ote? Ez da existitu eta ez da existituko euskararen aldeko presidenterik Frantzian. Beti izan dira hizkuntzen euroagiriari buruz itxaropen zerbait pizten ahalegindu diren hautagaiak (François Hollande, adibidez), baina azkenean ez dute sekula deus egin euskararen alde; eta Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren alde egin duten bakarra da Helep berri hori.

Duela bost urteko hauteskundeetan euforiaz ospatu zen Michele Alliot-Marie kanporatzea. Ordainez, Lapurdik bi diputatu sozialista izan ditu. Eta? Ezin izan diote aurre egin beren alderdikide Manuel Vallsen ildo jakobinoari, ez euskararen arloan, ez Lurralde Elkargoaren alde, ez presoen gaian. Frantziako Gobernuan agindu duen alderdiko diputatuek berek ere ezin badute deus egin, zer egin lezakete besteek?

Bukatu da Frantziari eskean ibiltzeko garaia, eta horretan energia gehiago ez xahutzea zor zaio Helep-ari, bere eskasean. Ipar Euskal Herriak bere etorkizuna ziurtatuko du Iruñera, Gasteizera, Donostiara eta Bilbora begiratuz, Parisera begiratu beharrean. Horrela izango da askeago eta euskaldunago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.