Euskalteleko dendan emakumezko bi zeuden bezeroei arreta eskaintzen. Batak, zaharrenak, ez zekiela euskararik esan zidan, eta besteak, neska guztiz gazteak, euskara bazekiela baina ez zuela erabiltzen eta ez zuela erabiliko, ez zuelako erabili gura. Hori guztia bota zidan erdaraz. Zurtz eginda geratu nintzen tamaina horretako deklarazioagatik.
Dendaren bateko arreta emaileren batekin ohituta nago norberak euskaraz egin eta berak, euskara jakin arren, erdaraz erantzutera, baina tamaina horretako deklarazio edo azalpenera ez, eta onartezina egin zitzaidan. Ni Euskalteleko bezeroa izatearen arrazoi bakarra euskarazko arreta gura dudalako dela azaldu nion, eta beraz, nirekin euskara erabiltzeko ahalegina egin behar zuela uste nuela. Ez nuen lortu, ostera, berak euskaraz hitz bakarra ere esaterik.
Horretan geundela, beste bezero bat sartu zen, gizonezkoa berau. Honen isiltasunak, bere asuntoari buruz erdaraz hasteko, estralurtar sentiarazi ninduen, eta ezertarako balio izan ez zidan erreklamazio orria betez irten nintzen dendatik, estralurtarra ez eze ezereza baino gutxiago ere sentituz.
Zein beste hizkuntzatako bezerori emango liokete erantzun hori espainieraz? «Zure hizkuntza badakit, baina ez dut erabiltzen eta ez dut erabiliko, ez dut erabili gura?». Euskaldunari baino ez.
Errematerako, tratu txarra eman eta gero, gaur egun (halaxe irakurri dut eta) «euskararen taliban edo neonazi» hitzekin deskalifikatu ez eze kriminalizatu zaitzakete. Barre egitekoa litzateke, negar egitekoa ez balitz. Zer jasan behar dugun! Irakurriz jakin dudanagatik (entzun ez dut, zorionez, sekula halakorik egin), euskararen aldeko erresistentzia apurra deskalifikatzeko ez eze kriminalizatzeko balio duten hitz horiek gaur egungo hezkuntza sisteman sortu dira, antza. Lehenago horrelakorik ez zegoen, horrelakorik ez zen aipatzen, kontzeptu eta hitz berriak dira, eta ez dira batere normalak euskararen heriotza eta euskaldunen bazterketa lehen pertsonan bizitzen ari garela. Beste hizkuntza bati lotuta ez da halako hitzik erabiltzen, euskararen normalizazioaren guztiz kontrakoak eta euskaraz bizitzeko eskubide naturalaren guztiz kontrakoak dira. Noiztikoak dira hizkuntza gutxituaren erabilerari lotutako adar jotze, sanbenito, irain zein okerragoak diren hitz horiek? Hizkuntza eta kultura nagusiaren defentsore horiek euren burua izendatu beharko lukete horrela. Ze, hazi horrekin zein fruitu gura duzu?
Gure hezkuntza sistemaren fruitua zen dendako neska eta ez zuen euskararik erabili gura, baina ez bakarrik hori, ez zuen euskal hiztunenganako ezelako begirune edo errespeturik.
Eta euskaldunenganako ze begirune eta errespetu dauka Euskaltelek berak bere denda batean halako langileak jartzeko? Hori gara euskaldunak gure herrian bertan, ezereza baino gutxiago.
Bizi naizen herrian Euskaltelek jarri zuen lehenengo dendan arreta euskaraz zen. Baina aspaldian aldatu ziren kontuak (MasMovilek Euskaltel erosi baino askoz lehenago). Aspaldian lorrindu ziren hasierako asmo zein ametsak. Eta ez bakarrik Euskaltelen. Gure herriko Eroskin ez da ia geratzen arreta euskaraz eskain dezakeenik, gertatu zait gure hezkuntza sisteman ikasi zuela esan zidan gazte batek euskarazko lehen zenbakiak ere ez ulertzea. Eta Eroski honetan ia egunkari eta aldizkari guztiak saltzen dira, euskarazkoak izan ezik. Euskararen agerpena hutsaren hurrengoa da. Takada baten ezabatuta. Euskaldunok helduleku barik geratzen ari gara, eta pikutara goaz zuzen-zuzenean.
Propaganda bai ederto Euskaltelek erdaraz eta euskaraz («...Euskaltel. Zer nahi duzu bihar?»), eta beste batzuk ere bide beretik (ez, gehiengoak hori ere ez). Benetako orduan, ostera, gure herriko dendako aurrez aurreko arretan erdaraz beti, telefonoz eskaintza bategatik deitzen didaten bakoitzean erdaraz beti, euskararik ez dakiten langileek. Euskaraz gura dudala mila bider esanda ere, hurrengoan ere berdin. Euskaldunenganako ze ardura erakusten du jarrera horrek? Euskararen aldeko benetako politika langile euskaldunak kontratatzea eta gutxienez bezero euskaldunei euskaraz egitea izango litzateke. Bihar barik, gaur gura ditut horiek nik.
Egunotan, zoritxarrez, euskararen normalizazioaren aldeko politika honen kontra zerbitzu publikoetarako jasan behar izan ditugun epai ankerrak pilatzen ari zaizkigu. Eta euskaldunok helduleku barik. Deseginezinak diren heldulekuak eraiki beharko genituzke eta gure biziraupenerako amets ederrei eusten jakin. Bai, justizia euskalduna behar dugu.
Baina ez da gure arazo bakarra. Enpresa pribatu eta erakunde publikoetatik kanpo ere gero eta gehiago dira euskararen laguntzaile maskararen azpian benetako sentimenduak zein eguneroko ekintza arruntak beste norabidean dituztenak. Bihotzera heldu zitzaidan gai honi buruz Xipri Arbelbideri BERRIAn urriaren 5ean argitaratutako Euskararen laguntzaile ala poxelu artikulu eder-ederra. (Maisu handia da Xipri Arbelbide, Gazako sarraskiari lotuta azaroaren 29an argitaratutako Beleak zozoari beltzaere beste historia irakaspen ederra).
Xipri Arbelbidek Euskararen laguntzaile ala poxelu artikuluan maisuki azaltzen du frantsesaren gurtzea eta euskararen desagertzerainoko bazterketa Ipar Euskal Herrian, euren burua abertzaletzat dutenen eskutik ere bai. Eta Hego Euskal Herrian bide beretik goaz, espainieraren azpian desagertuz.
Lur finko seguruan barik, hondoratu eta irensten gaituzten harea mugikorretan gabiltza, basaztuta, aurrera egin ezinik eta helduleku barik.
Niri tristura handia ematen dit gaur egungo hezkuntza sistemak euskaldunak barik, erdaldun hutsak sortzeak. Baina are tristura handiagoa ematen dit gure gaur egungo hezkuntza sisteman zein gizartean euskalduna ezereza baino gutxiago balitz bezala tratatzen ikasteak.
Eta honi buruz hurrengoan jarraitu behar dut.