Bi urte igaro dira Gobernua aldatu zenetik. Aldaketak euskaltegietan bizi genuen orduko egoera eskasa (ikasle jaitsiera, diru-laguntzak izoztuta,ikasleei bideratzen zitzaizkien diru-laguntzarik gabe) bideratzeko itxaropena piztu zigun.
Horretaz gain, azken bi urteotan hainbat dokumentu landu eta onartu dira Eusko Jaurlaritzaren eskutik; horien artean, Euskararen Agenda Estrategikoa moduan ezagutzen duguna. Aipatu dokumentuan, Helduen Euskalduntzearen arloari dagozkion estrategiak agertzen dira, eta horiek guztiek berretsi egiten dute Helduen Euskalduntzeari onartzen zaion izaera estrategikoa.
Halaber, azken bi urteotako Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen bilakaera aztertu beharrean gaude. Azterketa horretan, bi kontzeptu hartu behar dira aintzat ezinbestean: batetik, maila bat gainditzeagatik euskara ikasleek jasotzen duten diru-laguntza, eta, bestetik, euskaltegiok gure jardunagatik jasotzen ditugun laguntzak. Laguntza bi horiek izandako bilakaera arras desberdina izan da. Ikasleentzako diru-laguntzarik ez egotetik 1.000.000 euroko kopuruetara igaro da. Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, txalogarria da arlo honetan egondako bilakaera, urrats bat delako euskara ikasteko doakotasunaren bidean. Aitzitik, ezin dugu gauza bera esan euskaltegiok gure jardueragatik jasotzen dugun diru-laguntzaren gainean: azken sei urteotan bere horretan dago egiten dugun lanagatik jasotzen duguna, alegia, ez gora, ez behera.
Aspaldian jasaten dugun krisi ekonomikoa aintzat hartuta, batek baino gehiagok pentsa eta esan dezake balekotzat jotzeko moduko bilakaera dela. Euskaltegietako ordezkariok ez ditugu zalantzan jarri, ezta jarriko ere, egiten diren ahaleginak, eta hala adierazi izan dugu behin baino gehiagotan.
Esanak esan, 2015. urtearen hasieran gaude, eta euskaltegietan bizi dugun egoerak ez du aldaketa esanguratsurik izan. Sarri askotan, zabaltzen diren mezuek euskaltegien egoera guztiz bideratuta dagoela pentsatzera eraman ahal dute, eta ez da horrela inondik inora. Esaterako, abenduaren 29an HPSko ordezkariek prentsan zabaldutakoaren arabera, Euskaltegiok jaso beharreko diru-laguntzetan ez zela aldaketarik egongo adierazi zuten. Egia da, jardueragatik jasoko dugun diru-laguntza bere horretan geratuko da, baina ez da hori gertatuko autoikaskuntzan ari diren ikasleengatik jasoko dugunetan; izan ere, abenduaren 19an HABEk helarazitako ebazpenean % 30,6ko jaitsiera agertzen da. Ikasketa modalitate horretan, ikasle hazkunde nabarmena egon da, baina ez zaigu eman guztia asetzeko baliabiderik, HABEren aurreikuspen okerra euskaltegion bizkar jarrita.
Esan bezala, azken sei urteotan HABEren laguntzak ez du inongo doikuntzarik izan; halere, ikasleen matrikula-saria izoztuta daukagu euskaltegiok, taldeak sortzeko inoiz baino zailtasun gehiago dago, ratioa, mailak eta ordutegiak tarteko, eta, ikasleek ordaindu beharreko dirutza nolabait arintzeko, eskaintza bereziak egin ditugu —euskaltegion lepotik—. Horrek guztiak, jakina, zuzeneko isla du euskaltegietako eta bertako langileen lan-baldintzetan. Euskaltegi-sare bakoitzak neurriak hartu behar izan ditu,bizi dugun egoeraren ondorioak ez daitezen eskaintzen dugun zerbitzuan igarri, baina uste dugu honek guztiak irtenbide bat behar duela berandu baino lehen, eta irtenbideaadministraziotik etorri behar dela; izan ere, euskaltegiok Euskal Herriko biztanleek geure hizkuntza ezagut dezaten eskaintzen dugun zerbitzu publikoak benetako onarpena behar du.
Bestalde, aurreko guztiak duen garrantzia ukatu gabe, badira oraindik argitu gabe dauden ardurazko beste arlo batzuk ere: helduak euskalduntzeko zerbitzuaren mapa, helduen euskalduntze-alfabetatzerako curriculum berriak izango duen ibilbidea, teknologia berrien erabilera, mailak egiaztatzeko sistemak nolako egituraketa izango duen... Zerrenda luzea, ezbairik gabe.
Horretarako, ezinbestekoa da ondorengo gaien inguruko HABEren ibilbide-orria ezagutzea:
—Autoikaskuntza: zein bidehartuko duen HABEk ikasleko diru-laguntzetan izandako jaitsiera ekiditeko.
—Finantzaketa-sistema hobetzeko eta finkatzeko beharra dago, aurrera egin nahi badugu: horretarako, HABEk 2015-16 ikasturterako zer aurreikusten duen ezagutu behar dugu, hala nola epe ertainerako diseinatutaduenibilbide orria.
—Arlo akademikoan zein diren HABEren ildoak: deialdiak, ziurtagiriak, curriculumaren ibilbidea...
—Helduak euskalduntzeko zerbitzuaren mapa argitzeko emango diren urratsak (hizkuntza eskolak, Lanbide, euskaltegiak).
—Administrazioa euskalduntzeko bideak zein izango diren zehaztea.
Gai horiei buruzko argibideak ahalik eta arinen ezagutzea beharrezkoa da, eta horixe eskatu diogu HABEri. Horrela, euskaltegiok HABEren asmoen jakitun, elkarlanean eta irtenbide partekatuak adostuta, etorkizuna bideratzen hasteko moduan egongo gara.
Helduen euskalduntzea normalizatzeko ibilbide orri baten beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu