Geroa Baiko parlamentaria

Helduen euskalduntzea: inoiz ez da beranduegi

Mikel Asiain Torres
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Ez nuen aukera hori izan. Euskaraz ikastea, alegia. Txikitan.

1965ean, gurasoek Dominiketako eskolaurrean matrikulatzea erabaki zuten. Aukera bakarra, bestalde, zuri-beltzeko Atarrabia hartan, ez baitzegoen ikasgelarik eskola publikoan, Lorenzo Goikoan, hiru, lau edo bost urte genituenentzat. Bai seitik aurrera, derrigorrezko eskolatzea hasita zegoenean. Beraz, lehenengo mojak; eta gero, eskola. Egia da urte hartan bertan ireki zela gerraosteko ikastola aitzindariaren lehen gela, Uxue Ikastola, Paz de Ziganda eta San Ferminen aitzindaria, baina hura oso urrun geratzen zen, fisikoki eta emozionalki, nire gurasoentzat. Ai, zer izango zen, da eta izango litzateke euskara ikastolarik gabe!

Beraz, helduaroan egitea beste erremediorik ez zitzaidan geratu. Euskara ikastea, alegia. Haurra ez nintzenean.

Zorionez, euskara ikastea erabaki nuenean, diot —askatasun osoz, erabaki hori hartzeko erabat libre izan bainintzen inposaketaz makal hitz egiten duten ahots horien aurrean—, oraindik ez zen ospetsua Gasteizko epaile hori, zeinak —bai, bere horretan!— adierazi baitzuen euskara munduko bost hizkuntza zailenen artean zegoela. Zorionez, diot... bestela beldurtu egingo nintzatekeen eta ez nukeen euskaltegian izena emango.

Zorionekoa ni, dohakabea bera...

Ni, hogeita hamarrak pasatuta. Haiek ez ziren hogeira iristen. Guztira, zortzi ikasle inguru. Egun batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, inoiz ez baikinen denok egoten. Arratsaldeko zortzietan, Kultur Etxe zaharreko areto txikietako batean. Plazera, hala ere, denbora eta espazioa partekatzea gazte haiekin, biribilean eserita, lehen hitzak ikasteko. Ni fulanito naiz, izan zen gure aurkezpen-gutuna irakaslearen hitzak imitatzen. Aditz batzuk, aurrerago; gero, nor-nori-nork; ergatiboa... dena libururik gabe, hizketan eta jolasean. Jolas bihurtutako hizkuntza. Harrigarria benetan metodo pedagogikoa. Entretenigarria, dibertigarria. Baina are gehiago Kutsidazu bidea, Ixabel bezalako liburu bat irakurtzea. Ni ez nintzen, nobela horretako protagonista bezala, barnetegi batera joan, baina ondo baino hobeto ulertu nituen —bete-betean sartu nintzen bere paperean— euskara ikasteko prozesuan izandako bizipenak eta abenturak. Juan Martin, Joxean Sagastizabalek sortutako pertsonaia, hizkuntzaz eta Ixabelez maitemindu zen. Niretzat, obra hori jatorrizko bertsioan irakurtzeko gai izate hutsa nahikoa sari izan zen hizkuntza ikasi nuelako.

Tira egin behar nuen, hori bai, arkatzez, azpimarratzeko, eta hiztegiz.

Zelako poz handia Euskal Telebista edo Euskalerria Irratia sintonizatu eta ulertzea!

Shin Chan, Doraemon edo Hirukiak —marrazki bizidunak— alabekin batera. Esperientzia ahaztezina!

Inguruko herrietatik korrika egin Txirri, Mirri eta Txiribiton edo Takolo, Pirritx eta Porrotx ikusteko. Edo Super bat, edo Betizu herriko plazan.

Eta Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua; Unai Elorriagaren SPrako tranbia; Bernardo Atxagaren Obabakoak; Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak; Karmele Jaioren Musika airean; Eider Rodriguezen Haragia; Andu Lertxundiren Zorion perfektua; Txillardegiren Labartzari agur, edota Ramon Saizarbitoriaren Martutene bezalako harribitxiak irakurtzea haiek idatzitako hizkuntzan. Eta noski, Aingeru Epaltza iruindarraren guzti-guztiak. Obra gutxi batzuk aipatzearren. Idazle gutxi batzuk aipatzearren.

Gaur, eskola horien doakotasuna aldarrikatzen da —ongi etorria izan bedi!—. Eta Euskarabidearen apustua ere bada.

Ez dut gogoratzen zenbat ordaintzen nuen ikastaro bakoitzeko, baina pentsatzen dut ez zela kopuru handia nire oroimenean grabatuta geratu ez bada. Eta nola baloratu, gainera, lortutako guztia? Nola kuantifikatu ikasitako guztia kostuaren aldean? Ezinezkoa. Aise, oso aise, irabazten du jasotakoak ordaindutakoaren kontra. Hori eman dit, beste gauza askoren artean, euskara ikasteak. Heldua nintzenean.

Ez nuelako beste aukerarik izan.

Ez duzue inbidia sentitzen?

Beharko zenukete!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.