Martxel Toledo Garmendia.

Heldu da, aprobetxa dezagun!

2016ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Hogeita hamahiru urte gurera etorri gabe egon ondoren, 2011n, Gasteizko Gobernua kudeatzen zuten PPk eta PSEk babestuta—erabateko motibazio politikoak bultzatuta—, gure errepideetan barrena ibili zen eta Bilbon eta Gasteizen burutu ziren bi etapen amaierak.

«Normaltasun eta euskal gizartearen onarpen» baten barruan egin zela, alegia, saiakera ongi atera zaiela ikusita, Espainiako antolatzaileek, 2012an eta 2014an ere apustu berdina eginez, euskal errepideetara ekarri zuten: hain zuzen, Nafarroa Garaiko eremuetara. Espainiako txirrindularitza itzuliaz ari natzaizue. Etzi izango dugu gurean, Bilbon hasi eta Urdazubi—Dantxarinean bukatuko den etaparekin. Horregatik eta ekimen horren harira, eta, batik bat, aukera aprobetxatze aldera, honako hau da gaur hona ekarri nahi nukeen hausnarketa: Guk zer egingo dugu? Itsuarena, hau da, ez ikusiarena egin, edo azken edizioetan egin dugun bezala, ekimenak gizartearen aurrean mediatikoki ematen digun aukera aprobetxatu, eta geurea aldarrikatzeko baliatu? Alegia, Euskal Herria garela eta egoera ez-demokratiko eta anormalizatu batean bizi garela argi eta garbi erakutsiko dugu?

Duela sei urte PPk eta PSEk itzulia berriro Euskal Herrira ekartzeko apustua egin zutenean, beraiek erabili zuten argudio nagusia izan zen, euskal zaleen eskaerari erantzuteaz gain, egoera normalizatu baten seinale baino ez zela Espainiako itzulia euskal errepideetara ekartzea. Guk, Esaiteko ordezkari gisa, argi genuen motibazio politikoak bultzatuta egiten zutela, Euskal Herria ere Espainia zela demostratzeko. Eta hori azaleratzeko etapak jokatu ziren herrietako puntu konkretuetan, esate baterako, Muñekaseko portuan, Iruñeko irteeran, Arrateko igoeran edota Aralarreko San Migelekoan, ekintza ugari antolatu genituen hainbat alderdi politiko, eragile sozial eta sindikalen babesarekin, hala nola elkarretaratzeak, bizikleta-martxak eta abar luze bat egin genuen.

Euskal Herrian ez gara egoera normalizatu batean bizi, zeren horretarako batzuen aldetik urrats sendo eta garrantzitsuak egin arren, besteak beste, borroka armatuen amaiera, oraindik, egoera ez-demokratiko eta anormal batean gaude. Ikusi baino ez, egun Espainia eta Frantziako ziegetan dauden ehunka eta ehunka euskal preso, horietako asko kondena beteta eta beste batzuk gaixotasun larriekin. Dagoeneko legedia betea dute, eta etxean egon beharko lukete.

Horrez gain, errepresioa tarteko, hainbat eta hainbat euskal herritar atzerrian bizitzera kondenatuta daude eta oraindik ez dira gugana itzuli. Beraz, nola esan egoera normalizatu batean bizi garela? Aste honetan jakin berri dugu EAEko hauteskundeetan hautagai izateko Arnaldo Otegiri betoa jarri diotela. Nola egongo gara bada egoera normalizatu batean gure herriko kulturak, hizkuntzak eta hezkuntzak egunero Espainiako eta Frantziako instituzioetatik bultzatuta pairatzen duten egoera ikusita?

Badakit bai oso erraza dela hitz egitea eta mezuak botatzea, eta zaila betetzea. Are gutxiago, gaur egun, ia gehienok, kontzientziatuta gaudenean, gu barne, kirola kirola dela eta ez dela politikarekin nahasi behar. Baina uste dut, oraingoan ere, goi mailako kirol erakustaldi horrek aukera ematen digula txirrindulariekin errespetuz jokatuz eta bakoitzak ahal duen neurrian geurea aldarrikatzeko, eta bide batez, pairatzen ari garen eskubide kolektibo eta sozial horren urraketa salatzeko. Eta horretarako ez dugu ezer berezirik egin beharrik. Beste askotan egiten dugun bezala, itzuliak pasatu behar duen leku esanguratsuetara joango gara euskal herrian gaudela eta euskaldunak garela adierazten duten ikurrak soinean hartuta. Uste dut merezi duela, norbanako gisa bada ere, aldarrikatzea euskal herritarrak garela eta inposizio eta urraketa guztien gainetik, txirrindularitza zaleak izateaz gain, geurea aldarrikatzen jarraitzen dugula. Hori ez baita inoren aurka joatea, geurea defendatzea baizik.

Horregatik, uste dut, Euskal Herria Kirolak aurkeztu berria duen goi mailako gizonezkoen Euskal Herriko Kopa eta antzeko ekimenak antolatzea, herri honen nortasun eta biziraupenerako garrantzitsuak direla, inoiz ez baitago sobera hori aldarrikatzea, are gutxiago, ikusita, gure betiko «etsaiek» kirola guztiz kontrakoa erakusteko erabiltzen dutela, Espainiako itzulia edo Espainiako txapelketak Euskal Herrian antolatuz egiten duten modura.

Beraz, irailaren 2an, josi dezagun gure ikurrekin Bilbotik Urdazubiraino txirrindulariak eramango dituen errepideak eta herriko balkoiak, geure identitatearen seinale baino ez delako izango. Eta zergatik ez ekimen hori baliatu Arnaldo Otegiri jarritako betoa salatzeko, eta, bide batez, Arnaldori berari eta ingurukoei gure babesa azaltzeko, finean geure eskubideak defendatuz, txirrindularitza zaleek ez ezik, Euskal Herriak irabaziko lukeelako. Beraz, laster gure lehendakaria izango denak dioen modura: aldarrikatuz egin dezagun irribarre, irabaztera goaz eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.