Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Helburuak eta bitartekoak

2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

Ortega Lara kartzela-funtzionarioa askatu baino zenbat hilabete lehenago zekien Guardia Zibilak non zegoen? Oraingoz, ezin dezaket frogatu sei hilabete baino gehiago egon zirela hura askatu gabe, guztiz seguru jakin ondoren bahitzaileek Arrasateko lantegi batean egindako zuloan zeukatela. Seguru esan dezaket, ordea, bahitzaileei gutxienez zortzi hilabeteko jarraipena egin zietela, Arrasaten bertan.

Datu garrantzitsu horrek ihes egin zion Ortega askatu zutenen buruari, Manuel Sanchez Corbi torturatzaile ezagunari. Elkarrizketa egin zioten SER irrati katean eta horixe kontatu zuen. Zortzi hilabete luzez bahitzaileak zelatatzen egon zirela, denetariko baliabideak erabiliz.

Ahalik eta datu gehien bildu nahi zuten, jakina, eta bost axola horretarako Ortega Larak zulo hartan jarraitu behar bazuen. Apustu egingo nuke bahituari ezkutatu egin diotela gertaturikoa: lehenbailehen askatu ordez, hilabeteak pasatzen utzi zituztela.

ETAk bi pertsona zituen bahituak, Ortega espetxe-funtzionarioa eta Cosme Delclaux, familia aberats batekoa. Bazekiten non zegoen Ortega. Eta Delclaux? Kontrolatua zuten bahitzaile taldeari esker aska zezaketelakoan egongo ziren. Haiek kontrolatuz, ETAko arduradunen kontrola lortu eta, horrela, Delclauxen bahitzaileengana heldu.

Guardia Zibilaren arabera, justu ETAk Delclaux askatu zuen egunean dena prest omen zuten Ortega bahitu zuen taldea atxilotu eta zuloa zegoen lantegira sartzeko. Taldekoen etxeetan argiak itzali zain zeudela, goizeko ordu txikitan, bat-batean jakinarazi omen zieten Delclaux askatua zutela. Kasualitate hutsa izan omen zen egun berean gertatu izana.

Baita zera ere! Nabarmena da zein erabaki hartua zuten: Ortegaren bahitzaile taldea kontrolatzen jarraitzearena. Bestalde, ETAk Delclaux askatzen bazuen, beraiek lehenbailehen atxilotuko zituzten Ortegaren bahitzaileak eta hura askatu. Eta Delclauxen askatzea luzatu izan balitz? Seguru nago Ortegarena ere luzatu egingo zela. Behar adina denbora.

Bada beste gezur bat maiz errepikatu dutena eta, beharbada, jende askok sinetsi egin duena, gezur galanta izan arren. BOL ohar soiletik iritsi omen ziren bahitzailetako bat, Josu Uribetxebarria, identifikatzera, bigarren abizena Bolinaga zuelako. Hori zeharo ezinezkoa da, baldin eta ez bazuten lehendik identifikatua.

Ortega askatu baino urtebete lehenago, bahiketaz okupatzen ziren ETAko arduradunak, Pototo eta Dani Dergi, Frantzian atxilotu zituztenean, oso nabarmen geratu zen kontrolatuak zeuzkatela. Egun batzuk lehenago, bahitzaile taldeko kide batek hitzordua izan zuen Dergirekin. Bada, seguruenik, hura ere kontrolatu egin zuten.

Beharbada, orduan ez ziren berehala ohartuko Ortegaren bahiketarekin zerikusi zuzena zuela, baina denbora laburrean gertaturikoen ondorioz, ETAko arduradun berriaren atxiloketa tarteko, ziur ondorioztatu zutela haiek zirela bahitzaileak. Beraz, hilabete mordoa utzi zuten pasatzen Ortega askatu arte. Eta Delclauxek ETAren esku jarraitu izan balu, are hilabete gehiago utziko zituzten pasatzen.

Helburuak ez omen ditu bitartekoak justifikatzen. Horixe diote tortura gupidarik gabe erabili duten hipokrita horiek. Milaka pertsona torturatu ondoren, gaur egun tortura ukatzen jarraitzen duten horiexek. Gainera, itxura guztien arabera, ez daukate ukazioa alboratzeko batere intentziorik, nahiz eta begi-bistakoa izan zer gertatu den azken hamarkadetan torturari dagokionez.

Gertatu dena da torturari oso etekin handia atera diotela. Tortura benetan errentagarria izan zaiela bitarteko gisa. Horregatik erabili dute. Eta kasu horretan, bitartekoari, torturari, erraz topatu dizkiote nahi adina justifikazio. Helburuak aise justifikatzen zuen tortura erabiltzea.

Gerra zikinarekin kalkulu berbera egin zuten, bai espainiar agintariek, bai frantsesek. Gaizki atera zitzaien gauza bakarra izan zen froga asko utzi zituztela. Gehiegi. Hala ere, gaur da eguna ukatzen jarraitzen dutena hura estatu terrorismo hutsa izan zela.

Hamaika froga utzi ondoren, espainiar agintariek GAL sigla erabiliz buruturiko erailketak justifikatzen hasi ziren. Haiei esker lortu omen zuten frantsesen laguntza estua ETA borrokatzeko orduan. Gezur galanta, laguntza hura lortua baitzuten, erailketak hasi aurretik, frantses agintariekin egindako akordio sekretu bati esker.

Agintarientzat, zapalduak dira hainbat bitartekori uko egin behar dietenak, haien helburuek ez dituztelako inolaz ere bitarteko horiek justifikatzen. Zapaltzaileek, baina, ez dute uko horri lotu beharrik. Nahikoa dute hainbeste maite duten beste uko bat erabiltzearekin, tortura, gerra zikina eta giza eskubideen bortxa oro ukatzen jarraituz.

Behin eta berriro diote helburuak ez dituela bitartekoak justifikatzen.

Esan diezaiotela hori Guardia Zibilari!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.