Hegemonia independentista

2012ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Trantsizio egoeran egotearen paradoxa da erreminta zaharrekin zerbait berria egin nahi izatea. Zaharraren baliorik ezaz kontziente gara, baina ditugun erremintek ez digute ezer berririk sortzen uzten. Erreminta berriak aurkitu eta sortzea da trantsizio egoeretatik indarturik ateratzeko modu bakarra, lanabes zaharrekin segitzeak mamuak sortzea dakar.

Euskal Herrian, estatu bat sortu nahi duen estrategia politikoa trantsizio egoeran dagoela esatea ez da inongo aurkikuntza. Trantsizio egoeran egotearen arrazoia orain arteko saioek nahikoa eraginkortasun lortu ez izana da. Beraz, nahiz eta historian behin baino gehiagotan bide berriei ekin, estrategia independentista inoizko bidegurutzerik garrantzitsuenean aurkitzen dela iruditzen zait.

Independentismoak, orain artean izan duen estatu propioa lortu ahal izateko estrategia nazioa eratzearena izan da. Estrategia hau abertzaletasunak egin du, eta, beste diskurtso nazionalista guztiek bezala, nazioa sortu eta marraztearen arrazoia estatu propioa lortu edo dagoena legitimatzea izan da. Horrela, independentziaren eskaria ez da nazioa babesteko tresna izan, alderantziz, nazioa eratzearen estrategia, estatu lortzeko edo justifikatzeko estrategia (posible bat) izanda.

Abertzaletasunak nazioa marrazteko erabili duen bidea partikularrena izan da, faktore objektiboekin marraztu du independentziarako subjektua. Hortik dator independentzia partikularren babeserako tresnatzat aurkeztea. Abertzaletasunak partikularren babeserako diskurtsoa eratu du, unionismoari unibertsalen diskurtsoa oparituz. Eta unionismoak dikotomia definitzeko oparitu zaion aukera aprobetxatu egin du; abertzaleak «pribilegioen» defentsa eta unionistak askatasunaren eta eskubideen defentsa moduan azalduz.

Independentziarako nahia gutxitzen ari den garaian, partikularrekin nazioa den subjektu politikoa marrazteak, murru bat eraikiz, ainguratze «ziurrak» ematen lagundu dezake, eta ondorioz kontzientzia horren galerari galga jar lekioke. Baina murrua eraikitzeak izan ditzakeen onurak desabantaila bilakatzen dira subjektu independentistaren zabaltzea bilatzen denean. Murruaren estrategiak momenturen batean desagertzea saihestu badezake ere, subjektu independentistaren zabaltzeari topea egiten dio, horra hor paradoxa. Abertzaletasuna eusteko estrategia da ez zabaltzekoa.

Horri guztiari, gainera, beste arazo bat gehitu behar zaio: diskurtso abertzalea subjektu independentista egituratzeko bitarteko baino, sarri, helburu bilakatu dela; independentista izateko abertzale izan behar dela derrigorrean baieztatzeraino. Abertzaletasuna horrela, subjektu independentistaren kaiola bilakatu da. Horrek guztiak agerian jartzen du subjektu independentista eraikitzeko abertzaletasunak ematen dizkigun erremintak ez direla nahikoak. Zer egin?

Arazo honi aterabide bat bilatzen hegemoniaren logikak lagundu gaitzake. Hegemoniarako borroka jendarteak izango duen neurria ezartzeko borroka da, jendarteak erabiliko dituen betaurrekoak graduatuko baititu. Hegemoniarako borroka «normala dena» eraikitzeko borroka da. Jendarte batek izango dituen balioak marrazteko borroka da. Eta nola lortu hori? Diskurtso hegemoniko bat eraikiz. Diskurtso horrek norberak lehenesten dituen helburu politiko partikularrak unibertsalekin identifikatzea lortu behar du eta arerioarenak partikularrekin. Hegemonia edukitzea, hortaz, unibertsalak norberari eta partikularrak arerio politikoari egozteko gaitasuna da.

Hegemoniaren jabe izatea ez da boz edo ordezkari kopuruan gehiengoa izatea. Hegemoniarik gabeko hauteskundeetako nagusitza posible da. Baina kasu horretan, jendarteak dituen uste eta balioen neurria ezartzeko gaitasuna ez dagoenez, gehiengo hau trapuzko hankak dituen elefantearena litzateke, eta neguaren gogorrenean hego haizeak iraun lezakeena iraungo luke. Hegemonia edukitzeak ekarriko duen hauteskundeetako (erreferendum) nagusitzak, aldiz, elefantearen hankak hezur-haragituko ditu, udaberria ekarriko du.

Hegemonikoa izango den independentismoa eraiki nahi badugu, independentzia, partikularren babeserako baino gehiago, unibertsalen bermea dela aldarrikatu beharko dugu. Abertzaletasunak nazioa marrazteko erabiltzen dituen faktore objektibo horien babeserako baino gehiago, independentzia, eskubideak, demokrazia, justizia, askatasuna... bermatzeko bide bakarra dela azpimarratu beharko dugu. Modu horretara apurtu genezake soilik abertzaletasunak subjektu independentistari ezartzen dion kaiola. Euskal Herrian estatu bat sortzearen alde egon daiteke abertzale izan gabe ere.

Independentismoa, independentisten multzoa aurretiaz mugatuz, auto-mugatze ekintza bat egiten ariko litzateke, eta horrek agerian jartzen du subjektu independentistak zabaltzeko dituen aukera izugarriaren inguruan duen konfiantza urria. Ken ditzagun guk geuk ezarritako murru eta kaiolak. Independentiston gain dago trantsizio egoeratik indartuta irtetea edo mamuen sorkuntzan tematzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.