Amari eta izekoari baino entzun ez diedan esaera da hegaz doan txoriarena, beti-beti hunkitu nauena.
Errigoitiko baserrian bizi zen izekoari, ama baino hamalau urte zaharragoa zen bere ahizpari entzun nion lehenengoz. Baserriak aurrera egiteko besteei guztiz emana bizi zen izekoak gorputzean ere ezagun zuen zelako lana eta zenbat lan egindakoa zen: edonora heldu eta edozeri oratzeko besoen luzeran, eskuen tamainan eta euren azalaren ligorrean... Ez dakit inoiz ile-apaindegira joan ote zen, etxean egiten zuen beti berak beratara ile apainketarena (beste batzuok ere ohitura bera daukagu). Eta baserritik Gernikako plazara bendeja saltzen edo beste edonora irten behar eta, asti faltagatik edo, ilea ez zitzaionean geratzen berak gurako zukeen ondo, jendeak bere irudiagatik zer esango ote zuen eta arduratzen hasten zenean ekartzen zuen bere kontsolamendurako bere buruarekin guztiz bakeak eginda uzten zuen esaera magikoa: «Hegaz doan txoria ez dago niri begira». Hitz magiko horiek esan, eta guztiz lasai eta bakean geratzen zen, bere orrazkeraren gorabeheraz inor ohartu ez eta inori arduratuko ez zitzaiolako ziurtasun osoaz.
Kaletarra zen gure amari, ostera, asko gustatzen zitzaion ile-apaindegira joatea, eta sarritan joaten zen. Baina gaixoagatik eta ezinagatik, norberak eramanda ere, hartarako ezinaz jarri zenean hasi zen esaera magikoa erabiltzen: «Hegaz doan txoria ez dago niri begira». Eta hitz magikook esanda, bere ardura guztia ezabatzen zen, lasai-lasai geratzen zen, bake-bakean.
Euskaldunontzat gure inguruko animaliak, zeruan hegaz doazen txoriak ere, gure babesa izan dira, gure barne sentimenduen metaforak egiteko, geure barrua asaskatzeko, geure buruarekin bakeak egiteko, geure burua babesteko guztiz garrantzitsuak (horra hor Artze eta Laboaren Txoriak txori-ren arrakasta). Baina gertatzen ari den balioen aldaketaren lekukoak gara. Lehengo gizakiak zeruan hegaz doan txoriarengandik bere irudiaren garrantzi eza ikasten zuen bitartean, gaur egungo gizakia bere irudiaren esklabo bihurtu da. Gainera bere irudia da, han eta hemen, uneoro saltzen ari den merkantzia zein produktu hutsala. Eta osasuna guztiz galtzen ari da, bakerako formula magikoetatik gero eta urrunago dagoelako.
Arbasoen mendeetako jakintza eta mundu ikuskera orekatsu eta ederra desagertzen ari zaigu betiko. Gure zaharrekin batera inork batu ez duen euskara hiltzen ari da betiko, eta hizkuntzarekin bere formula magiko eta balio ederrez betetako mundua. Baina horren ardurarik ez da ia inoiz agertzen, jatorrizko euskararen erabileraren aurkako iritzi eta adierazpenak, ostera, bai.
Ez dut ezagutzen inor euskara batuaren kontra dagoenik. Euskara batuarik ikasi ez zuten gure zaharrek ere ederto ikusi izan dute eta ikusten dute euskal telebista euskara batuan, inoiz ezelako kexarik entzun ez dudala. Baina jatorrizko euskararen erabileraren aurkakoak beti hortxe, erasoan, eta min handia egiten.
Gure etxea barrutik eta barrukoek (infiltratuek?) botatzen dutelako sentsazioa daukat, ze zein beste hizkuntzatan izendatzen da «jatorkeria» deskalifikatiboaz hizkuntza naturalaren erabilera, akats gogorra, delitua edo bekatua balitz moduan? Euskaldunok hori ere jasan behar! Espainieraz ez dago halako «-keria»rik (atzizki honen jatorria espainiarra izan arren), espainieraz dena da jator (castizo, casticismo), dena da bikaina, eta ez dago talibanik. Ez daukate euren hizkuntzarako jarrera linguizidarik, besteenentzako izan dezakete, ostera.
Jatorrizko euskararen erabileraren aurka irakurri nuen azken aurreko kolpea Ramon Etxezarretarena (egin zioten elkarrizketan) egunkari honetan bertan, ekainaren 2an (igandea). Euskarak ez du edukiko etorkizunik jatorrizko euskara (Berriatuakoa) Arabian (mundu guztiak ulertu eta txalotu zituen Berriatuako entrenatzailearen berbei buruz) edo Fustiñanan erabiltzeagatik. Zelako ahokadak Etxezarretarenak euskararen maitalea den futbol entrenatzailearen kontra (bere ekimena eskertu beharrean), euskaltzainen kontra, eta euskaraz bizitzeko eta aritzeko askatasunaren kontra. Ze horixe da eten barik kanpotik eta barrutik erasotzen ari direna, euskaraz bizitzeko askatasuna, etenbako mutilazioa jasaten ari garela.
Ederto erantzun zion ekainaren 11n Fustiñanan euskaraz, Ramon Etxezarreta?, euskararen aurkako injustiziak salatzen egunkari honetako orrietatik ere goi mailako zentinela eta zaindari lana egiten duen Fermintxo Zabaltzak, Fustiñanako ikastetxeetan euskaraz ikastea PSOEkoek oztopatu zutela gogoratuz. Eta bere artikuluaren amaierako hitzak ekarri behar ditut hona: «...euskarak aurrera egin dezan, Fustiñanan eta nonahi, behar da, besteak beste, PSOEk eta gainerako abertzale espainiarrek bertan behera uztea beren euskarafobia».
Baina Jose Mari Pastorren Gure finlandiar jatorrak ere etorri zen aurretik, ekainaren 8an, Etxezarretari arrazoia emanez, jatorkeria eta nagikeria deskalifikatiboak errepikatuz. Eta itxiago hitz egiten zuen galiziarrari beste galiziarrek egiten zioten burlaren kontaketa izan zen ankerrena (supremazistaren taktika zaharra). Hala eta guztiz, ezer ez erantzutekotan egon naiz luzaroan, ze amak ere beti aholkatu dit: «Ez izan intzenplatua» («puntalakurloa» izan daiteke ordaina). Baina nik oraingoan ere ezin eutsi, intzenplatua naizelako idatzi dudalako beti, auzia edozertara uzteak ez duelako balio.
Nagikeria, zabarkeria eta ardurabakokeria, euren burua Jaungoikotzat eduki, eta herritarren berbeta eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa (prestigiatu beharrean) halako mespretxu eta gorrotoz tratatzen dutenena da, gure etxea barrutik botatzen ari direla, edo haga zein zutabe nagusia (belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eta euskaraz bizitzeko askatasuna) falta duela eraiki guran ari direla, ze zurruntasunetik eta askatasun faltatik ez dago ez bizitzarik, ez arterik, ez olgetarik.
Eskerrak gure goi mailako artistek horrenbeste badakitela. Nire azken deskubrimendua, telebista ikusten dudan tarte bakarrean, Hamaika Telebistako BIZI musika saioan Xiberoots taldearen Beti forman, dantzan jartzen zaituen kantu guztiz alaia, Zuberoako xarmaz beteta. Zorionak eta eskerrik asko Xiberoots eta konpainiari.
Bai, horixe behar dugu, beti forman, beti sasoian egotea, mugimendua oztopatzen duen zurruntasunetik urrun, aske, hegaz doan txoriaren antzera, beti bere egitekoan murgilduta, beti aurrera. «Beti forman zideiaaa??».