Eguzki Urteaga.

Hauteskundeen emaitzak eta itun aukerak

2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
EAEko hauteskunde autonomikoetako parte hartzearen beherakada nabarmena daturik esanguratsuenetarikoa da zalantzarik gabe, are gehiago jakitean 2016ko mobilizazioa demokrazia garaiko hirugarren apalena izan zela %60,02rekin, hau da, 1994ko datu baxuenetik oso gertu. 2020an, soilik bozkatzera deituta zeuden herritarren 52,86k bere boza eman du, lurralde historikoen artean ezberdintasunak izan direla kontuan izanik. Hain zuzen ere, parte hartzerik garaiena Gipuzkoan suertatu bada (%54,57), apalena Araban gertatu da (%50,31)eta Bizkaia bien artean kokatu da (%52,52). Hori pasa da nahiz eta posta bidezko bozka %140 hazi den duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hauteslegoaren %7 osatuz. Parte hartzearen beherakada historiko horren atzean, izurriteak sortutako osasun egoera eta gaixotzeko arrangura daude. Izan ere, koronabirusaren pandemiak bereziki kolpatu du EAE, kutsatu, heriotza eta ospitalizazio kopuruari erreparatuz gero, eta azken egunetan berragertu diren klusterrak kontuan izanik. Biztanleria osoan alarma soziala berpizteaz gain, zaurgarrienak diren kolektiboak kezkatu ditu, horietariko batzuk etxean geratzera bultzatuz.

Testuinguru horretan, irabazle nagusiak alderdi abertzaleak izan dira, EAJ eta EH Bilduk 53 eserleku eta 598.117 boz eskuratu dituztelako; hots, bozkatzaileen %66.96. Bestela esanda, hiru bozkatzaileetatik bik alderdi horien aldeko apostua egin dute. Baina, abertzaleen artean, koalizio independentista atera da indartuena, lau eserleku gehiago bereganatzeaz gain (bat Gipuzkoan, bi Bizkaian eta bat Araban), 23.516 boz gehiago eskuratu baititu, parte hartzea oso apala izan den arren. Hautagaitza bakarra izan da kasu horretan. Horrekin batera, EAJrekin zuen aldea dezente gutxitu da lau urtean, 172.996 bozetik 100.741era apalduz, abertzaletasunaren baitan dagoen lidertzaren inguruko eztabaida berpiztuz. Alderdi jeltzalea, preseski, alderdirik bozkatuena izan bada, berriz ere, eta hiru eserleku irabazi baditu, soilik %1,52 hazi da. Aitzitik, 48.739 boz galdu ditu, galera handiena Bizkaian izan duelarik, 38.532 bozen beherakadarekin. Hala ere, Alderdi Sozialistarekin batera, erraz gainditzen du gehiengo osoaren langa, gobernu egonkor bat osatzeko aukera eskainiz.

Aldiz, alderdi konstituzionalistak kaltetuak atera dira hauteskunde hauetatik. Izan ere, Alderdi Sozialistak eserleku bat irabazi badu parte hartze apalari esker, bederatzitik hamarrera igoz, 4.551 boz galdu ditu. Hori dela eta, 2009az geroztik, non 318.112 boz jaso zituen, odolustea etengabea izan da. Zentzu horretan, ez da Sanchez eraginik izan, ezta ere kudeaketaren saririk. Zundaketek iragartzen zioten gorakada, hamahiru eserleku lortzerainokoa, ez da eman. Emaitzak are eta kaskarragoak izan dira Elkarrekin-Podemosentzat, zeinak bost eserleku eta 85.575 boz gutxiago lortu dituen. Hondamendia are eta nabarmenagoa da 2016ko hauteskunde orokorretako datuei erreparatuz gero. Alderdi horren tokiko inplantazio eskasak, barne zatiketek eta lidertza aldaketa etengabeek zerikusi handia daukate gainbehera horretan. Alderdi Popularra eta Ciudadanosi antzekoa gertatu zaie, bost eserleku eta 60.299 bozekin konformatu behar baitute; hau da, duela lau urte baino lau gutxiago, bozen erdia baino gehiago galdu ostean. Historian zehar, Ciudadanosek ez du inoiz lortu EAEn emaitza esanguratsurik, baina ez da PPren kasua, 2001ean 326.993 boz bereganatu baitzituen Mayor Orejaren eskutik. Bere bozkatzaile batzuk Voxera joan dira, eskuin muturreko alderdiari eserleku bat lortzeko aukera emanez.

Emaitza horiek aintzat hartuta, gobernu berria osatzeko hiru aukera leudeke gehiengo osoa 38 eserlekutan dagoela kontuan izanik: alderdi abertzaleek osatutakoa (53 eserleku); EAJ eta Alderdi Sozialistak formatutakoa (41 eserleku); eta ezkerreko hiru alderdiena (38 eserleku). EAJ eta PSEren arteko koalizioak egingarriena dirudi, aintzat hartuta, batetik, elkarrekin gobernatzen dutela Eusko Jaurlaritzan, foru aldundietan eta udal askotan; bestetik, bata zein bestea eroso sentitzen direla koalizio horietan; era berean, emaitza elektoral nahiko onak eman dizkietela eserlekuei erreparatuz gero; eta, azkenik, aliatuak direla Madrilgo Kongresuan. Hauteskunde kanpainan zehar, biek ala biek argiki adierazi dute hori litzatekeela beren lehendabiziko aukera.

Alderdi horien arteko balizko negoziaketa batean, jakinik biek presa daukatela lehenbailehen gobernu indartsu bat osatzeko, alderdi jeltzalea, bere nagusitasuna (alderdi bozkatuen gisa) eta hazkundea (eserleku mailan) probesten saiatuko da. Alderdi Sozialistak, bere aldetik, eserleku bat irabazi izana azpimarratzeaz aparte, bere kokapen estrategikoa hobetsiko du, bere babesa ezinbestekoa baita gehiengoa lortzeko, Madrilgo gobernua PSOE eta Podemosen esku baitago, eta, EAEn, ezkerreko koalizio gobernu bat osatzeko aukera matematikoa baitago, nahiz eta behin eta berriz adierazi duen baldintza politikoak ez direla oraindik ematen horrelako gobernu bat aurrera atera dadin. Edozein kasutan, osatuko den Eusko Jaurlaritza berriak, pandemiaren ondorio sozioekonomiko latzei aurre egin beharko die, jakinik aurreikuspenak ez direla batere baikorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.