Hauteskundeak: ogerlekoak pezeta truk

2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez presidentea, Pisu jauna goitizenez, ekiteko prestatu da azken asteotan, eta, azokako galtzerdi saltzaile baten gisara («Bi pare bost eurotan bakarrik, andrea, bi pare eta bertze bat opari!»), alokairu sozialeko pisuak barra-barra banatzen hasi da. Apirilaren 17an hasi zen, SAREBen 50.000 pisu gazte eta familiendako arrazoizko alokairuan paratuko dituela iragarrita. Elkarte hori, banku txartzat ezagutua, Estatuarena (%50,14) eta banku etafinantza-entitate multzo batena da: Banco Santander, Caixa Bank, Mapfre, Mutua Madrileña..., horiek guztiak arima karitatetsuak, inondik ere.

«Gehiago, gehiago!», oihukatu zuen aurrekoa iragarri zen mitinera joan zen jendeak. Bada, bi egun geroago, apirilaren 19an, Sanchez berriro ahalegindu zen eta 43.000 etxebizitza gehiago ICOren bitartez (Kreditu Ofizialeko Institutua) finantzatuko zituela agindu zuen, zeren eta «etxebizitza eskuratzea, arazoa izateari utzi eta eskubide bihurtu behar baitugu». Azkenik, aste bat geroago, apirilaren 25ean, Senatuan, Defentsa Ministerioaren orubeetan 20.000 etxebizitza publiko gehiagoren eraikuntza iragarri zuen, eta erantsi, aurrekoa Garraio Ministerioak proiektatutakoari gehituz gero, hurrengo urteetan 183.000 alokairuzko etxebizitza publiko eginen liratekeela. Nork ematen du gehiago?

Neronek, urteetan aitzina eginda, gogoan dut 1982ko hauteskunde kanpaina, PSOEk Kongresuan gehiengo osoa erdietsi zuenekoa. Felipe Gonzalezek 800.000 lanpostu sortuko zituela agindu zuen (bi milioi langabe zeuden) baina kontrakoa gertatu zen: legealdi hartan 800.000 lanpostu gehiago suntsitu ziren. Eta paretsua gertatu zen NATOrekin. Hasieran ezetz borobila eman bazioten ere, bertan bultzaka sartu gintuzten gero. Handik gutxira, Javier Solana ministroa aliantza kriminal horretako idazkari nagusia zen.

Gauzak horrela, galdera sinplea da: 183.000 arrazoizko alokairuko etxebizitza publiko eraikitzea ti-ta batean onestea horren erraza bada, zergatik ez du egin gobernuko bortz urte hauetan? Horren erraza bada etxebizitzaren arazoa eskubide bihurtzea, gobernu sozialisten (Gonzalez, Zapatero, Sanchez) 26 urte eta gero, nola agertzen da arazo hori inkesta ofizialetan herritarren kezka nagusietako baten gisara?

Gezurra erraten, bertzerik ez dakite. Eta, bestela, erran diezaiela Fronte Polisariok, ikusi duena PSOE sahararren autodeterminazio eskubidea defendatzetik autonomia estatutu marokoarra bedeinkatzera nola pasatu den. Eta hori guztia Sanchezek, Estatu espainiarreko historiako gobernu aurrerakoieneko presidenteak, bere jarrera eta irribarre zoragarria galdu gabe.

Hauteskunde kanpaina ofizialki hasi zen egunean, Iruñean lau manifestazio eta elkarretaratze izan ziren. Lehendabizikoan, 11:00etan, Pentsionisten Mugimenduak sustaturik, azpimarratu zuten pentsioak erreformatzeko lege-dekretu onetsi berriak ez dituela, inola ere, haien beharrak eta eskakizunak asetzen. Orobat, kritikatu zuten CCOOk eta UGTk ugazabekin berriki gauzatu duten akordioa, hitzarmenetan enpresaren pentsio planak bultzatzeari buruzkoa.

Bigarrena, 12:00etan, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan galdatzeko giza katea izan zen. Euskarari buruzko lege berri bat aldarrikatu zuten, egungo zonifikazio linguistikoak populazio euskaldunarendako ekartzen duen diskriminazioa deuseztatzea helburu. Hori akituta, 13:00etan, bertze elkarretaratze bat izan zen, 1977ko maiatzeko Amnistiaren aldeko II. astean, bertatik bertara tiro eginda, Jose Luis Canoren erailketa poliziala gogoratzeko. Erailketa hura salatu eta Memoria Demokratikoaren Legeak ukatzen segitzen duen justizia aldarrikatu zuten. Azkenik, arratsaldeko seietan, zenbait talde sozialek deituriko manifestazioak etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu zuen, eta inbertsio funtsen eta bankuen lapurreta salatu, bai eta etxebizitza alokairuan sustatzeko ekimen eta inbertsio publikorik eza ere.

Aurrekoa adierazi dut, zeren, gustatu ala ez, batez ere hauteskunde aldietan, politika instituzionalak ez baitu bat egiten karrika, auzo eta herrietan bizi izandako errealitate sozialarekin. Alderdietako kartel eta mitinetan ezpatari nagusiak ageri dira, sortu beharreko ustezko gobernuez eta beren programen ontasunez hitz egiten dute. Alabaina, begi bistakoa da jendearengandik gero eta urrutiago daudela kanpaina luze eta nekagarri horiek, diseinu eta marketin hutsa baitira.

Quevedok, bere poemarik onenetako batean, honela zioen: «Bertze batzuk gobernuaz, munduaz eta monarkiez ari daitezen, nire egunak gurinak eta ogi samurrak gobernatzen dituzten bitartean, eta neguko goizak laranjadak eta pattarrak agintzen dituzten bitartean». Bada, monarkiak eta estatu eta autonomietako gobernariek dena ongi doala erraten diguten bitartean, ez kezkatzeko, gauzak pixkanaka hobetzen ari direla... ogi samurrak, gurinak, arrautzek eta olioak kontrakoa oihukatzen dute. Eta erosketa-saskiak ez du gezurrik erraten. Ezta azken aldian, historiako gobernu aurrerakoienak izan ditugun honetan, pilatutako soldata eta pentsioen erosteko ahalmenaren beherakadak ere. Eta eskubide eta askatasun demokratikoez (Mozal legea, Sekretu Ofizialen legea, Atzerritartasun legea...) hobeki hitzik ez egitea.

Bukatuko dut. Bruselak musik ez dela erran du. Urritasun urteak heldu dira. Sanchezen gobernua defizita eta zor publikoa hurrengo urteetan nabarmen murriztera konprometitu da Europako Batzordearen aurrean. Pipitaki papataki: aurrekontuetako zein kontu-sailetan izanen du eragina horrek? Defentsa ala Osasuna? AHTa ala Hezkuntza? Gutxi balitz, Espainiako Bankuak zein AIReFek (Erantzukizun fiskaleko agintari independentea, hots beltzezko gizon berriak) erran dute neurri hori motz gelditzen dela, gogorrago egin behar dela. Bitartean, mitin aunitzetan, bete ez ziren hitzemateak errepikatzen segitzen dute, modu nekagarrian, pisuak ehunka eta milaka oparituz eta ilea ateratzeko produktu faltsuak erruz salduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.