Hauteskundeak eta bide orria

Eneko Urliaga
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrok hauteskundeetarako deitu berri gaituzte urriaren 21erako. Pachi baranda muturreraino iritsia da bere epe eta ahalbideetan, eta Euskadiko euskal jendeari dei egin dio Autonomia Erkidegorako beste legebiltzar bat eta beste gobernu bat hauta ditzan.

Mundu guztiak bozkario agerikoz hartu du aldi negargarri baten amaia, zeinetan Euskadi berrespainoltzea lortu nahi izan baitute eta zeinari, ikuspegi sinboliko batetik, bere estiloa eta grazia ematen ahalegindu baita.

Gogora ekarri besterik ez dago zer jolas erabili duen meteorologia mapen inguruan, nola diskurtsoetan aspertzeraino baliatu dituen propaganda, poesia, oboe eta diskoteka musika, hizkuntza politika eta antzeko paolak. Orain, makineria guztia abian jarria digute alderdiek, grinaturik, bielak ziztu bizian dituztela hauteskunde deialdiari begira.

Interesgarri aurkezten da kontua. Gaitz daukate, antza, Pachik eta Basagoitik. Abertzale bat iragarria dute garaile. Nagusitasuna lortzeko lehia, bada, euskal mundura lerratzen ari da. EAJ? Bildu? Nori joko dio kukuak? Zer tarterekin? Zer itunen bidez lortuko dute gobernatzea Euskadin? Zer egiteko?

Zalantza izpirik gabe independentzia xedetzat daukagunoi, gure herria Europaren barruan estatu independente gisa eratzea nahi dugunoi, jakingarri gertatuko litzaizkiguke hainbat kontu, gure botoa eman edo eman gabe geratu aurretik. Xaloki, argiki eta zintzoki, hauexek dituzu, lehendakarigai hori:

1.- Ordezkari zaituen euskal alderdi horrek independentzia aldezten al du, egiatan? Alegia, Euskal Herria estatu independente gisa eratzea Europako Batasunean?

2.- Aurreko galderari baietz erantzunez gero, hau izango litzateke hurrengoa: zer bitarteko sustatuko dituzu egitasmo hori burutan ateratzeko? Besterik gabe, etorkizuneko balizko hautesleak jakin dezan zure alderdiak zer bide orri baliatzeko asmoa duen helburu hori lortzeko, eta erabaki ea egiatan bideragarri eta arrakastatsua izan daitekeen.

3.- Bide orri bideragarri bat ez aurkeztea, nire iritziz, kea saltzen ibiltzearen parekoa da. Alegia, ez aldeztea, egiatan, gure herrialdea estatu independente gisa eratu ahal izatea.

4.- Lehenbiziko galderari zalantzaz erantzunez gero, edo erabateko erantzunik eman ezean, beste galdera bat egingo nieke: zer etorkizun proposatzen dute Baskoniarentzat XXI. gizaldian?

5.- Orain arte zehazturiko aukeretako bat izango litzateke esatea Espainiari lotutako estatu libre moduko bat nahi dutela, Ibarretxe plana zeritzon haren ildokoa.

6.- Baietz erantzunez gero, bigarren puntura joaraziko nieke, eta errepikarazi, baita hirugarrena ere. Gogoan izan plan hark porrot egin zuela, iragarri bezala, eta, Daniel profetak lehoien hobira nola, halaxe joan zela harako lehendakari hura Espainiako Diputatuen Kongresura.

7.- Beste alternatiba bat izango litzateke esatea orain artean bezala segituko dugula, alegia, beste edozein autonomia erkidegotako espainolen antzera kudeatzen gurea, eta haien administrazioak emandako pribilegioez gozatzen aurrerantzean ere. Nahiz eta horiek gain behera joan. Halako etorkizuna arbuiagarria da, egiatan euskal emantzipazioa nahi duen edonoren ikuspegitik.

8.- Beste hipotesi erantsi bat izango litzateke proposatzea zerbait berria, ustekabekoa, inongo euskaldun hilkorrek egundo ezagutu gabekoa. Botoa jakinaren gainean emateko, berriz, ezinbestean esan beharko ligukete zertan izango den berria, eta, halaber, azaldu egin beharko ligukete zer bide orriri jarraitu hori lortzeko. Berriro ere, bigarren eta hirugarren urratsak.

Laburbilduz, hauteskunde berri hauetarako hautagaiek proposatzen dutena proposatzen dutela, eta betiere berrikuntzatzat hartzeko modukoa baldin bada gure nazioaren emantzipazioari begira, bide orri bat aurkeztu beharko dute. Hautagaiek ezer aurkeztu ezean, baliteke aukerarik onena hauxe izatea: botorik eman ez eta urriaren 21ean ez joatea inongo bozkalekutara.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.