Hauteskunde batzuetatik besteetara

2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Baliteke politikaren ezaugarririk zirraragarriena izatea nola, bat-batean, gertaera jakin batek beste batzuk eragiten edo azkartzen dituen, mapa osoa aldatuz. Egun gutxi batzuetan, ziurtzat jotzen genuen guztia alda daiteke, eta, kasu honetan, baita gure udako oporrak izorratu ere. Izan ere, pasa den igandeko hauteskundeek ondorio nabariak izan dituzte, hauen artean nabariena, noski, Pedro Sánchezek Espainiako Gorteak desegitea eta hauteskunde orokorretara deitzea, baina ez hori bakarrik.

Euskadiren kasuan, foru eta udal hauteskundeen emaitzek ziklo politiko berria ireki dute, euskal gizartearen borondate argia dena azalduz:aldaketa.

EAJren nagusitasuna pitzatu egin zen maiatzaren 28an, Osakidetzaren aurkako erasoen, ustelkeria kasuen, negazionismo klimatikoaren, kudeaketa txarraren eta berritzeko borondaterik ezaren ondorioz. EAJren kudeatzaile onaren irudia desegin da, eta euskal hiritarrek, Estatuko beste leku askotako jendeak aurpegiratu behar dituen arazo berberak dituztela antzeman dute. EAJk eta bere autogobernu ereduak ez diete erantzunik ematen euskal gizartearen eskaerei osasunari, etxebizitzari edo enpleguari dagokienez. Aldi berean, EH Bilduk bere estrategia aldatu du, eta baliagarria izan da Madrilen akordioak eta konkistak lortzeko, eguneroko bizitza hobetzen eta duintzen dituzten horietakoak, euskal erakundeetan gobernatzeko gai den indar politiko baten irudia eraikitzen duen bitartean. Baliteke datozen asteetan erakundeetan botere-aldaketa handirik ez ematea, baina sakoneko dinamika oso bestelakoa da, eta nabarmenagoa izango da epe ertainean. Joerak aldatu egin dira.

Euskadik aldaketa zentzu aurrerakoian argi eskatzen duen bitartean, estatuan lehia estua da. Eskuineko eta ezkerreko blokeak borroka latzean sartu dira, geroz eta trumpistagoa den PP basati baten diskurtsoak areagotuta. Udal hauteskundeen emaitzek oso jokaleku irekia utzi dute, non boto (eta eserleku) gutxi batzuek erabakiko duten hurrengo gobernua gehiengo aurrerakoi baten emaitza izango den berriro ala eskuin muturreko eta ultraeskuin muturreko urteak (eta auskalo hamarkadak) jasan beharko ditugun aurrerantzean. Eta aste gutxi barru, alderdiek hartuko dituztenjarrerak erabakigarriak izango diraU-23ari begira.

Blokeen agertoki honetan, EAJk (eta PSEk, portzierto) bandoa aukeratu du jada: PPren babesa onartuko du EH Bilduren gobernua ekiditeko aukera duen lekuetan (Gipuzkoan, Durangon edo Gasteizen, esate baterako). Zalantzarik gabe, horrek ez du inolako kontraesanik sortuko jeltzaleengan. Aznarren eta Rajoyren gobernuekin akordioak lortu zituen alderdi berberak modu naturalean egin ditzake itunak orain Vox lehentasunezko kide dutenekin. Egia esan, irrikan nago entzuteko nola Ortuzarrek malabarrak egiten dituen Espainiako eskuinarekin lortutako itunak justifikatzeko, azken kanpaina honetan EH Bilduri «Cibeles baino madrildarragoa» izatea leporatu ondoren, Etxebizitzaren Legea adosteagatik.

EH Bilduk bere bidea hartu du, epe luzerako apustua eginez, ondo ateratzen ari zaiona. Ez dut sorpresa handirik espero datorren kanpaina honetan. Politikan, ondo zoazenean, komenigarriena ezer ez aldatzea da. PPrengandik ezin dugu lokatza baizik espero. Kanpaina liskartsua, gezurrez eta gorrotoz betea, Ayusoren estilora. PSOEk gobernuaren lorpenak amortizatzen ikasi beharko du eta eskuinari markoak erosteari utzi, edo kanpaina (eta gobernua) Feijoori eskura jarriko dio.

Hau ez da ezusteko handien kanpaina izango. Argi dago datozen asteetan zalantza bakarra estatuko ezkerrean egongo dela. Sumarrek eta Yolanda Díazek, bai estatu mailan, baita Euskadin ere, erronka erraldoi bati egin beharko diote aurre. Ilusioa eta itxaropena itzuli behar dizkiote ezkerreko hautesleria nekatu eta nazkatu bati. Euskal gizartearen aldaketarako borondatea gorpuztu dezakete estatu mailan, bai, baina horretarako, Euskadiko Podemosen espazioa %10etik beherako esparru marjinalera eraman duten formak, estrategia eta profilak alde batera utzi beharko dituzte (ez dezagun ahaztu Podemosek 2015eko eta 2016ko hauteskunde orokorrak irabazi zizkiola Euskal Autonomi Erkidegoan EAJri).

Dena irekita dago, Sumarrek Podemosena, Elkarrekin Podemosena edo Elkarrekin-ena baino askoz proiektu zabalagoa eta berriagoa eraikitzeko aukera dauka. Yolanda Díazen hautagaitzak euskal gizarteari berriro amets eginarazteko ahalmena izan dezake, Kongresutik eta etorkizuneko gobernutik Euskadirentzako programa argi batekin eta hori errealitate bihur dezaketen pertsonekin. Osagaiak mahai gainean daude eta jendea horren zain dago: ilusioa, berrikuntza eta proposamen zehatzak. Baina horretarako ausartak izan beharko dute eta funtzionatu ez duenetik aldendu, funtzionatu zuena berreskuratuz.

Inolako dudarik gabe, gaurtikuztailaren 23ra ez gara aspertuko.Espero dudan gauza bakarra da 24an oporretara joan ahal izatea, orain arte egindako aurrerapenei jarraipena emateaz gain, horiek zabaldu ere egiten dituen gobernu bat daukagulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.