Espainiar koroa buru batetik beste batera aldatuz Estatu operazio oso baten lehendabiziko aktoa ikusi dugu. Beste akto batzuk ere etorriko dira: hauteskundeen aurrerapena, Konstituzioaren erreformarik... 37 urte beranduago aldaketak egingo edo irudikatuko dituzte, funtsezko ezer aldatu ez dadin. Francoren erregimena erreformatu zuten bezala, orain funtsezko ezer ez aldatzeko erreforma hura berriro erreformatu behar dute.
Gaur egun, ordea, Francok eta Espainiako Trantsizioak lotuta utzi nahi izan zutena askatzen ari da, estatu eredua bera kinka larrian dagoelako. Zalantzarik gabe, kapitalismoaren fase honen krisiak Estatua are gehiago ahuldu du, nonbait, estatu ereduaren krisia ikaragarri azkartuz.
Espainiako monarkia ustela da, noski, baina garrantzitsuenaazkenaldian horretaz hitzik ez egiteko adostasun tazitua hautsi izana da. Bipartidismoa ere ustela da, jakina, baina aurreneko aldiz alternantzian sustatzen den sistema politikoarekiko dudak nagusi dira. Bipartidismoaren ahulgune nagusia ezkerreko hanka —PSOE bera— da, erreforma legitimatzeko alderdirik garrantzitsuena zen, berak erregimenarekiko sektore kritiko guztiak bildu eta indargabetu behar zituelako.
Hala ere, gaixotasunaren sintomak eta sorburuak nahastea azterketan akats handia litzateke. Monarkiaren desprestigioa sintoma da. Bipartidismoaren krisia sintoma da. Espainiar Estatuaren gaixotasunak estatu eredua bera du sorburu. Beste modu batez esanda, Katalunia datorren udazkenean bere bidea egiten hasteko aukerak Estatuan alarma gorri guztiak piztu ditu. Estatuan ere badakitelako Katalunia gabe ez dagoela Espainia. Gainera, Kataluniako atea irekitzeak beste batzuei objektiboki atea irekitzen laguntzen die.
Hori dela eta, Estatu operazio hau korrika eta presaka abian jarri behar izan dute. Inolako ziurtasunez esatea ez badago ere, badirudi Madrilen Estatu mailako hauteskunde orokorrak aurreratzeko asmoa dagoela, Konstituzioaren erreforma ere —hauteskundeen ostean egingo lukete eta— azkartzekotan. Gauzak horrela, Estatuak Kataluniako mehatxua neutralizatu edo behinik behin atzeratu nahi du.
Bere etorkizuna bera kolokan, Estatuaren begi guztiak Kataluniako burujabetza prozesuaren gainean daude, ea benetan eteterik ote dagoen. Azaroko kontsulta ortzemugan, Parlament-en ordezkatuta dauden alderdi politikoak noraino iristeko prest dauden jakin gabe ere, horretan ANCk eta gainontzeko herri mugimenduek egin duten lana behar bezala baloratuz, gaur egun arrakastaren aukera batez ere kataluniarrek jendarte gisa urteotan lortu duten heldutasun politikoan datza.
Euskal Herrian ere duela 37 urteko akatsak errepikatzeko arriskurik sumatzen da. Berriro ere Euskal Herriko indarren arteko akordioak bilatu beharrean EAJ etsipenera bakarrik eraman gaitzaketen akordioen bila ari delako. Ez dugu, tamalez, EAJ Euskal Herrira begira, gure herritarrek eskatzen dutenari begira, Euskal Herriko indar politikoen arteko elkarlanari begira. EAJ begi bat Katalunian jarrita ikusten dugu, baina ez burujabetza prozesua babesteko edo laguntzeko, baizik eta ea hemen bide bera ez jarraitzeko aitzakia topatzen duen. EAJk beste begia Madrilen jarrita dauka, ea bertako egoera argitzen den eta duela 37 urte bezala EAJrekin itun berri bat egiteko mintzakiderik agertzen ote zaion. EH Bildun ezin dezakegu ulertu nola EAJk jarraitzen duen Nafarroako eta EAEko instituzio nagusietan erabakitzeko eskubidea ukatzen duten indar politikoekin —batez ere PSN eta PSErekin— akordioak egitea lehenesten, horretarako gure eskaintzak behin eta berriz errefusatuz.
Hala eta guztiz ere, eskaintza demokratikorik egiteko gaitasunik ez duen Estatuaren aurrean, Katalunian bezala, Euskal Herritik ere haustura demokratikoa baino beste biderik ez dago. Baina, zer da haustura demokratikoa? Francoren erreformaren erreformari uko egitea, horretarako Euskal Herrian indar politikoen artean akordio politikoak bilatuz. Eta akordioak, zertarako? Euskal indar politikoen arteko akordio politikoek euskal instituzioetan ordenamendu juridiko propioan erabakitze eskubidea gauzatzeko modua txertatzeko balio behar dute. Herri gisa egin behar dugun alde bakarreko bideari legezko oinarria emateko, eraiki behar ditugun gehiengo sozial eta politikoei tresna juridiko-politikoak emateko, alegia.
Ez dirudi akordio horiek lortzea momentuz erraza izango denik. Baina ezkerreko independentista eta soberanistok ezin dezakegu etsi. Guri ez zaigu etsipena onartzen. Ekainaren 8an Durango eta Iruñearen arteko errepideetan milaka eta milaka lagunek elkarri eskuak lotu zizkioten eskakizun zehatz batez: Euskal Herria nazioa da eta erabakitzeko eskubidea dauka. Herritar horien artean ordezkari politikoak ere bageunden. EH Bildun pentsatu nahiko genuke ekainaren 8an ez ezik, aurrerantzean ere ordezkari politiko horien eskuek elkarri lotuta jarraituko dutela erabakitzeko eskubidearen inguruan. Bestela herritar horiek guztiek eta beste askok ere ez dute ezer ulertuko. Gehiengo soziala islatzen duten gehiengo politikoek ados jarri behar dute, ados jarri behar dugu, bestela erabakitzeko eskubidea ukatzen duen gutxiengoaren jarrerari nagusitzeko bidea emango diogu. Gure ardura da.
Haustura demokratikoaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu