Hausnartzeko

2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Teoria hutsean, hezkuntza ez da irakaskuntzaren berdina. Baina, esanahien diferentzia nabaria dela dirudien arren, etengabe nahastu egiten dira bi kontzeptuak. Eta ez soilik horretaz ezer berezirik jakin beharko ez lukeen jendearen artean, administrazioan ere gauza bera gertatzen da, behin eta berriz.

Egia da, hala bata nola bestea gizarte osoari dagozkiola, honetan hezi eta irakatsi egiten dugulako, baina, dudarik gabe, ikastetxeen ardura nagusi erreala irakastea da, ikasleei transmititzea gizarteratzeko barneratu behar dituzten ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak. Heziketa, berriz, gizarte osoari dagokio, familiatik abiatuta, eta lagunekin, eskolarekin eta komunikabideekin, besteak beste, jarraituta. Eta baloreekin erlazionatuta dago, hots, izaera etiko-morala eratzen duten edukiekin. Beraz, ikastetxea heziketa prozesuan parte hartzen duen elementu bat baino ez da, garai batean oso inportantea, baina, gaur egun, etengabe eragina galtzen ari dena, irakaskuntzaren gerizpean geratzen delarik.

Baina, ez al da posible eta komenigarria ikastetxeetan biak uztartuta egotea? Eta, horrela balitz, nola egin beharko litzateke?

Irakastea

Zer da gizarte batek egin beharko lukeena irakaskuntza antolatzeko eta bide nabarrez heziketaz arduratzeko? Dudarik gabe, ezer baino lehen, zein diren heziketaren helburuak eta horien arabera irakaskuntza prozesua antolatu.

Historikoki, boterearen nahia izan da une bakoitzean dagoen egitura soziala mantentzea; horiek izan dira heziketaren helburuak, Platonengandik hasita —heziketa garaiko hiru klase sozialak mantentzeko proposatu zuen— gaur egun arte, non datu guztiek frogatzen duten irakaskuntzaren antolakuntzak dagoenaren errepikapena bilatzen duela. Botereak hezkuntza irakaskuntza barnean nahastea eta desegitea bilatzen du, betikotzeko, eta doktrinatzea da erabiltzen duen tresna.

Boterearen nahia eta errealitatea, ordea, ez datoz bat sarritan. Horren froga garbia frankismoaren esperientzia dugu. Izan ere, baliabide guztiak jarri zituen, Eliza katolikoaren hierarkiak lagunduta, herritarrak haren ideologiari moldatzeko, baina, urteen poderioz, alderdi komunistak, sozialistak, independentistak, anarkismoa, sindikatuak eta frankismoaren kontrako abar luze bat izan zen emaitza.

Zer ondorio atera ditzakegu horretatik? Bat, gutxienez: doktrinatzeak ez du bermatzen ideologiaren transmisio fidela.

Hau jakinda, zer ote da bermatu nahi dena hezkuntza sistema publiko burujabea aldarrikatzen denean? Zertan datza abantaila: burujabea izatean edo duen helburuan, den delakoa dena? Eta, azken honetan balitz, zein da helburu hori, bera nahiago izateko: doktrina baten truke beste doktrina zabaltzea? Doktrinatzea da benetako akatsa, ez hainbeste doktrina zehatza.

Egoera

Aurrekoaren ondorioz, eta iradoki bezala, ikastetxeak ikasleek bizitzan zehar jasotzen duten besteen arteko eragin bat baino ez dira, eta, agian, ez inportanteena. Gainera, ikasleak ez dira Pavloven zakurrak bezalakoak, baizik eta ematen dieten informazioa interpretatzen dute, haien eskema mentalen arabera: batzuetan, informazio hori onartuz; besteetan, bera kritikatuz. Gainera, askotan, ikasleriak nahitaezko irakaskuntza nahitaezko zerbait bezala hartzen du, irakaskuntza baino, honek dakartzan ondorioekin. Irakasleria, bere aldetik, ez da prestatua izan psikologoak, izpiritu aita-amak edo ikasleen guraso birtualak izateko, eta ez zaizkio eman sortzen diren gatazkak konpontzeko behar diren ikasketa soziologikoak edota antropologikoak. Baina, hori guztia eta gehiago eskatzen zaio.

Ikasleak mundu honetan kokatuak daude, eta mundu hau ez da imajinarioa, erreala baizik: ustelkeriaz, gezurraz, itxurakeriaz, diruaren balore absolutuaz, demokrazia faltsuaz —ikastetxeetan ere—, demagogiaz, publikoarekiko mespretxuaz... pozoitutako mundua da. Eta iturri hauetatik edaten du ikasleriak, eta ez bakarrik irakaskuntzako iturritik. Eta egon badira irakasleak baino erantzukizun handiago dutenak, besteak beste, hamarkadak boterean daramatzatenak eta irakaskuntza publikoak jasan behar izan dituen arazoen aurrean pribatuari diru gehiago ematea erabaki dutenak, beraien kumeak kutsaduratik aldentzeko asmoz, segur aski.

Proposamena

Dena dela, bai, heztea eta irakastea modu egoki batez posible izango da ikastetxeetan baldin eta hipokrisia alde batera uzten bada, hau da, honakoak bezalako oinarrizko ezagutzak ikasleei helarazten bazaizkie:

1.- Ezer baino lehen, ikasleen egoera ez dela naturala jakinarazi behar zaie, eta goraipatzen den jaiotzezko askatasuna faltsukeria hutsa dela, zer baldintzatan jaiotzen garen inork erabakitzen ez duelako.

2.- Jaiotzezko diskriminazioak gainditzeko egoera okerrenean daudenei hasierako egoera hori berdintzeko behar diren bezainbeste baliabide eman behar zaiela, ikasle bakoitzak duen egoeraren alderantziz proportzionala den laguntza jasoz, eta horren erantzuleak erakunde publikoak direla, ez pribatuak, ezta karitatekoak ere.

3.- Ikasteak, gaur egun, zabalduta badago ere, ez duela berdintasuna bermatzen, zeren benetan agintzen dutenek mota ezberdineko iragazkiak sortu baitituzte, hala nola, ikastetxe zehatz batzuekiko loturak/akordioak (haietatik kontratuak sinatzeko), tituluen eta masterren hierarkia (botere horrek sortua, gutxi batzuek ordain ditzaketen unibertsitateek ematen dituztenak goian kokatuz) eta oposizioetako tribunalak, maizegi, endogamiaren bidez kontrolatuz...

4.- Teoria praktikarik gabe zerbait hutsa dela, eta, horregatik, demokrazia ere ekinez ikasten dela, eta ikastetxeak leku aproposa direla horretarako.

5.- Ofiziala eta egiazkoa ez direla gauza bera, baina ofiziala ez dena ez dela egiazkoa nahitaez.

6.- Administrazioen giza eskubideen urraketak ez duela hauen balioa deuseztatzen, ezta hiritarrek ez betetzea justifikatzen, honetan, beti, boterea duenak erantzukizun handiago daukalarik.

7. Zuzena dela gizarteko injustizien kontra borrokatzea...

Ideia hauek guztiak, eta gehi daitezkeen antzekoak, kontuan hartzen badira ikasleei transmititzen zaizkien hitzak sinesgarriak bilakatuko dira, baina, horretarako, gizarte osoak, ez bakarrik irakaskuntzan dihardutenek, bere egin beharko ditu, eta lege berri bat egitekotan haietatik abiatu beharko litzateke. Horrela, gaztediak desadostasuna adierazten duenean manipulatua dagoela esatea eta, aldz, helduek espero dutena egiten duenean heldua dela esatea ekidin egingo da. Zeren eta, Nietzschek zioen bezala, «gaztediak badu arrazoitzeko berezko modua: bizitzan, maitasunean eta itxaropenean hazi egiten den arrazoia». Hori, ez beste ezer, izan behar da heziketaren eta irakaskuntzaren helburua.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.