Erretiratua

Hausnarketa kritiko batzuk

2025eko martxoaren 6a
05:00
Entzun

Elkarrizketa sakon eta mamitsua egin zion Xabier Alegria ezker abertzaleko militante historikoari BERRIAk 2025eko urtarrilaren 12an, eta gogoeta kritiko batzuk egin nahi ditut elkarrizketan planteatzen diren eta planteatzen ez diren puntu batzuei buruz, gure herrian gaur egun gertatzen ari dena hobeto ulertu eta baloratzeko lagungarri izango ditugulakoan. Gainera, euskarazko irakaslea izan nintzen ni garai batean, 1989tik 1996ra, Laudioko Institutuan. Hori dela-eta, Laudion bizi izan nintzen zenbait urtetan, herri horretako ezker abertzalearen giroa ederki ezagutu nuen, besteak beste partaide izan nintzelako, eta, Alegria ezagutu ez nuen arren, elkarrizketa irakurtzean ondoren azalduko ditudan gertaera batzuk indar handiz berpiztu zaizkit nire baitan, oso mingarri egin zitzaizkidalako.

Elkarrizketaren hasieratik abiatuta, galdera askori emandako erantzunetan Alegriarekin guztiz bat natorrela argi esan nahi dut. Kazetariaren galderei erantzuna emanez, gazte-gaztea zenetik Euskal Herriaren alde egindako borroka, borroka horren testuingurua eta bere gain hartutako konpromiso militanteak ederki azaltzen dizkigu: haurtzaroko giro frankista, La Salle eskolan ezagututako giro euskaltzalea, familian bertan euskarari eusteko egin behar izan zituen ahaleginak —beldurtzeko modukoa da orduko mediku frankistek gurasoei esan izana anaiak hitz egiten hasteko izan zituen zailtasunak euskaraz egitearen ondorio zirela, euskararen kontrako zapalketa noraino iristen zen erakusten baitu anekdota horrek—, fraideen artean aurkitu zuen giro abertzalea eta eliza askatzailearen aldeko hautua, AEKn eta euskalgintzaren alde egindako lana… Beraz, eta hau oso argi esan nahi dut, inork zalantza izpirik ere izan ez dezan, Xabier Alegriak bizitzan zehar Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lan erraldoia guztiz miresten dut eta, Euskal Herriko hainbat eta hainbat laguni gertatu bezala, askotan sufrimendua, tortura eta kartzela ezagutu ditu, herriaren alde ari izanaren ondorioz. Horiek horrela, Xabier Alegriaren alde bat, oso garai zail batzuetan Euskal Herriari eskuzabaltasun osoz eman zion maitasuna, guztiz miresgarria eta goraipatzeko modukoa iruditzen zaidala berriz ere ozen adierazi nahi dut, nik esandakoa inork ere gaizki ez interpretatzeko.

Noiz hasten dira, ordea, Alegriarekiko nire desadostasunak? Kazetariak «KASen hasi zinen» esaten dionean. Apur-apurka joango naiz eta Xabierri emango diot hitza: «Bai, 1992an, Bidarteko erorketa sonatuak ekarri zuen testuinguruan. Aljerko negoziazio prozesuak itxaropen handia piztu zuen, baina pikutara joana zen. Orduan KASek gidaritza politiko moduko bat izan behar zuen, eta bozeramaile hautatu gintuzten». Benetan diot: Alegriaren hitz horiek KASek ezker abertzalean, une batetik aurrera behintzat, bete zuen funtzioa ez dutela inolaz ere azaltzen iruditzen zait, eta zintzoki sinesten dut hori. Euskal Herriko hainbat eta hainbat gazte eta heldu bezala, ezker abertzaleko militantea nintzen orduan eta, gure irudikoz, KASek gidaritza-lana baino askoz ere gehiago egin zuen ezker abertzalearen esparruan. Itxikeria eta krudelkeria handiz jokatu zuen ustezko gidaritza politiko moduko hori aurrera eramateko orduan. Berriz diot: horrela ikusi eta sentitu genuen orduko ezker abertzaleko militante askok eta adibide ugari eman ditzaket: ETAren ekintza gogor eta krudelenen defentsa itsua, ezker abertzalearen erabateko kontrola, Oldartzen txostena eta horren ondorioak, presoen kolektiboan egin zuen presioa eta kartzelan zeudenei aterabide pertsonalak bilatzen ez uztea, Elkarri mugimenduaren kontra hartu zuen jarrera... Hitz batean, ETAren aldeko oso jarrera gogorrak defenditu zituen KASek eta jarrera horien kontra geunden ezker abertzaleko militante asko traidoretzat jo eta guztiz baztertu gintuzten. 

Arestian esan bezala, Laudion bizi nintzen ni garai haietan, ezker abertzaleko —HBkoa zehatzago esanda— militantea nintzen herri horretan eta egoera horrek oso gogor kolpatu ninduen, orduko lagun askok behin betikoz ukatu baitzidaten adiskidetasuna. Hau nire egoera pertsonala besterik izan ez balitz, aipatu ere ez nuen egingo, baina berdin gertatu zitzaion Euskal Herriko jende askori ezker abertzalearen jarrera ofizialekin, hots, KASen jarrerekin, kritiko agertu izanagatik, eta oso egoera triste eta mingarriak bizi izan ziren Euskal Herriko herri eta koadrila askotan. Laudio da Euskal Herrian gertatu zen egoera gogorraren eta ordura arte anaia-arrebak zirenen artean izandako hausturaren adibide ona.  

Kontuz! Orain arte esandakoarekin ez diot Xabier Alegriari ezer egotzi nahi. Nik neuk ez nuen ezagutu eta ez dut ezer haren kontra, baina, KASeko bozeramailea zen aldetik, autokritika bat egin beharko lukeela deritzot, eta ez du egin. Jokabide harrigarria, KASen orduko portaerak euskaldun askok Euskal Herriaren aldeko borroka utzi izana eragin zuela kontuan hartuta. Bide batez, eta kazetariarekiko errespetu osoz, KASen orduko jarrera gogorrei buruz galderarik egin ez izana deigarri xamar egiten zaidala esan behar dut.

Bukatzeko, kritika eta autokritika sakona egin behar dugu, nire ustez, euskaldunok, ziklo berri honetan herri eta komunitate gisa aurrera egin nahi badugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.