Ez da ondo hasi 2020-2021eko ikasturtea Haurreskolak Partzuergoan. Gerentzia aurrera eramaten ari den kudeaketa eskasaz eta ilunaz gain (araudi propioetatik kanpoko erabakiak barne), 800 haur baino gehiagoko jaitsiera izan dugu matrikulazioan (inoizko handiena), eta haurren bajak egunero jasotzen jarraitzen dugu. Itxialdiaren eragin bortitza nabarmen ari gara jasaten haurreskoletan, eta Haurreskolak Partzuergoaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kudeaketa salagarria izaten ari da.
Iaz, 2020-2021eko ikasturteko matrikulazio epea atzeratzeaz gain, ez zuten inon matrikulazio kanpainarik bultzatu. Egoera horren aurrean, haurreskolen sare publikoari baliabideak ukatzen zaizkion bitartean, zer egingo du administrazioak? Aurten ere 0-3 etapa eskaintzen duten zentro pribatuei berriz emango al dizkie azken ikasturteetan eskaini dizkien 27 milioi euroak? Haurreskolak Partzuergo publikoaren aurrekontua inoiz baino gehiago mugatzen ari direnean, nola jokatuko du Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sail berriak?
Steilasen iruditzen zaigu EAJk eta PSEk aspaldi hartu zutela erabaki bat: hezkuntza politika pribatizatzailea bultzatzea. Horregatik jartzen dugu zalantzan haurreskola eredu publikoa babesteko erabakiak hartzeko nahirik eta gaitasunik dutenik ere. Zentzu berean, Haurreskolak Partzuergoko gerente berriaren jarduna ere zalantzan jartzen dugu: politika berdina aplikatzeko iritsi zen urtarrilean Zorione Etxezarraga. Azken aste hauetako kudeaketak hori berretsi digu.
Ezin dugu horrelako egoera bat besterik gabe onartu. Ezin dugu diru publikoa euskal jendartea segregatzen duen hezkuntza sistema klasista batean nola xahutzen den ikusten jarraitu. Bereizitako hezkuntza jaso nahi dutenen nahiarengatik (ez eskubidea), jendartearen zatiketa hori ematen ari dela ozen esan behar dugu.
Haurreskolak Partzuergoak aurrekontua handitzea behar du kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzeko. Hezkuntza politika ausartak behar ditu. Konplexurik eta beldur gabe eredu publikoa babestera ausartuko diren politikak behar ditu. Zentro pribatuetara bideratzen diren diru-laguntzak zalantzan jartzera eta eredu publikorako inbertsio gehiago eskatzera ausartuko direnak. Ez baldin badago horrelakorik, jai dugu Euskal Hezkuntza Publikoan.
Steilas sindikatuan argi dugu Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna bi elementu nagusitan oinarrituko dela, batez ere: integrazioan eta doakotasunean. Integrazioa, guztiz, Euskal Hezkuntza Sisteman. Gu ere hezkuntza garelako. Enpresa eredu gerentziala atzean utzi, eta doakoa izan behar da: kuoten sistema baztertzaile eta elitistak milaka familia eta haur utzi ditu zerbitzua jasotzeko eskubidetik kanpo 2003tik, eta bizitzaren zaintza aintzat duen jendarte batek ezin du bidegabekeria hori bere gain hartu. Doakotasuna borondate politiko hutsa da; interes edota presio ezberdinen baitan egoera bere horretan mantentzea bezala. Guk politika publikoen borondatea eredu publikoa babestea, indartzea eta ikusaraztea izatea nahi dugu. Zuk?
Haurreskolak Partzuergoa nork babestuko du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu