Haurreskolak: eredu gerentzialetik Hezkuntza Sailean integratzera

Ariane Alberdi eta Iban Albizu
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Dagoeneko bada urte eta erdi Zorione Etxezarragak Haurreskolak Partzuergoko gerentzia kargua bete zuela. Harrezkero gertatu den guztiak hausnarketa bat behar du. Eta ez gara COVID-19ak eragindako pandemiaren kudeaketari buruz hitz egiten ari soilik.

Urte eta erdi horretan zehar Zorione Etxezarragak erakutsi du ez dagoela prest Haurreskolak Partzuergoko gerentzia karguak exijitzen duen mailari erantzuteko. Egunez egun eta bileraz bilera, arrazoi andana eman dizkigu horren garbi halako baieztapen bat egiteko.

Iazko azaroaren 16an Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenak kudeaketa kaskarraren eta noraezaren erakusleiho lotsagarri bezain nabarmenak izan ziren. Horiek, ordea, ezintasun orokor baten sintoma besterik ez ziren.

Izan ere, gerente kargua betetzeko izendatua izan zenetik, enpresa eta sindikatuon artean izandako bilera guztietan begibistakoa izan da horrelako kargu batek exijitzen dituen betebeharrak aurrera eramateko dituen mugak. Hori, zoritxarrez, ganorazko lan bat egin ahal izateko izugarrizko oztopoa da.

2020-2021 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoko langileek zortzi greba egun gauzatu ostean, Hezkuntza Sailarekin batera Lan Hitzarmen berria negoziatzeko bilerek planteatzen ari garen hori guztia berretsi besterik ez dute egin. Bilera horietan Hezkuntza Sailaren eta Haurreskolak Partzuergoaren arteko koordinazio eza lotsagarria izan da, Zorione Etxezarraga beraren jarreraz eta ezjakintasunaz gain.Sindikatuetako ordezkari guztiak oso arduratuta utzi gintuen batzuen eta bestetzuen jarrerak. Seriotasun gutxi erakutsi dute orain arteko bileretan.

Hala ere, Zorione Etxezarragaren pertsonan ezin dugu ardura guztia utzi, ez baita guztiz bidezkoa. Hezkuntza Sailak du Haurreskolak Partzuergoko gerente kargua izendatzeko ardura, eta erabaki hori hartu izanaren osteko ondorioena ere bai. Beraz, orain arte azaldutako guztiaren aurrean, erantzukizun osoa du. Jokin Bildarratz sailburuak eta gainerako arduradun politikoek ezin diote bizkarra eman egoerari. Hortaz, ba al dago erabaki horren kargu egiten den inor Hezkuntza Sailean? Noiz arte itxoin behar dugu langileon eta horien ordezkarien ezinegonaren aurrean erreakzioren bat ikusi arte?

Steilas sindikatuan argi eta garbi utzi nahi dugu egoera horren azken ardura Hezkuntza Sailak berak duela. Egoera bere horretan mantentzea arduragabekeria hutsa da, eta Haurreskolak Partzuergoa gutxiesten jarraituko dute ezer egin ezean. Inork ez badu ardurarik hartzen, ondorioak badakigu zeinek pairatuko dituen, beti bezala: Haurreskolak Partzuergoak berak, langileek, haurrek eta familiek.

Beraz, Jokin Bildarratzi exijitu nahi diogu hartu beharreko erabakiak har ditzala bere ardurapekoa den Haurreskolak Partzuergoak bizi duen egoera desblokeatzeko, berak ere badakielako ezin duela horrela jarraitu. Bide horretan erabakirik ez hartzeak, Haurreskolak Partzuergoaren oraina eta etorkizun hurbila zalantzaz betetzen dituen erabakiak hartzea suposatuko lukeela gogorarazi nahi diogu. Haurreskolak Partzuergoko langileok Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari zerbitzuaren kudeaketa zuzena bere gain hartzea eta eredu gerentziala bertan behera uztea exijitzen diogu.

Hezkuntza Sailaren jarreren aurrean, Haurreskolak Partzuergo doako, integral eta unibertsal baten alde lanean jarraituko dugu Steilasen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.