Haurren sufrimendutik harago

2025eko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Idatzi berri duen Gurpilak nobela dela-eta, elkarrizketa sakona egin dio Argia aldizkariak (2024-10-20) Eztizen Artolari. Haur motxiladunen sufrimenduaren gaiaz eta, oro har, espetxeak Euskal Herriari ekarri dizkion ondorioez hitz egiten du. Patxadaz irakurtzeko elkarrizketa mamitsua dugu Artolari egindakoa eta, gaiaren garrantzia kontuan hartuta, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, euskal gizartean nahiko ahaztuta dugun presoen gaia hizpidera berriz ekartzeko eta, alde batekoek zein bestekoek erabiltzen dituzten eslogan eta klixe errazak alde batera utzita, Euskal Herriko une onenetan ere errazkeriarik handienean erori baikara gai hau lantzeko orduan, kartzelak Euskal Herriko haur eta adin guztietako pertsonentzat izan duen esanahiaz jabetzeko.

Lehenik eta behin, iraganaren eta orainaren ideia jorratu nahi dut. Eztizenek ezin hobeto adierazten digunez, espetxeez eta motxiladun umeez hitz egiten dugunean, iraganari buruz ari garela iruditzen zaigu. Euskal gatazkaren beste aro batean sartu garenez, aurretik bizi izandakoa lehenaldia omen da eta ahazten ari zaigu. Eztizeni emango diot hitza, ezin ederkiago azaltzen baitu gure herrian gertatzen ari dena: «Lasaitzen ari gara, zentzu negatiboan».Bai, lasaitzen ari gara eta oraindik gure komunitatean sufrimendu handia dagoela ahazten ari zaigu. Orain beste ziklo batean sartu garenez, borroka politikoa egin behar da eta hari eman behar diogu erabateko lehentasuna. Guztiz ados nago eta oso argi esango dut, nik esandakoaren interpretazio txarrik inork ere egin ez dezan: aspaldi jarri nintzen, arrazoi etikoengatik, garai batean askatzailea izan zen borroka armatuaren kontra, eta gure helburuak lortzeko metodo baketsuak erabili behar ditugula oso argi dut; horrek, ordea, ez du jende askok lehen pairatutako sufrimendua ziklo berri honetan ahaztu behar dugunik esan nahi: presoak berak, haurrak, bikotekideak, gurasoak, euskal gatazkan bi aldeetan eragindako bidegabekeriengatik (torturak, hilketak, mehatxuak…) sufritu dutenak… Denek izugarri sufritu dute eta etapa berri honetan guztiei  eman behar zaizkie aitortza eta erreparazioa. Ez dirudi, aldiz, gai honek gehiegi kezkatzen gaituenik.

Bigarrenik, funtsezkotzat jotzen dudan baieztapen bat egiten du Eztizen Artolak elkarrizketa honetan:  gaia horrenbeste erromantizatu dugunez, ez garela benetan kontziente espetxeak sor ditzakeen ondorioez. Gai sakona da, benetan, eta, lehen ere esan dudanez, Euskal Herriko borrokaren urrezko garaian, nolabait esatearren, ere ez ginela gaiaren larritasunaz jabetzen uste dut. Haurrei ekarri dizkien ondorioez hitz egiten du, batez ere, Eztizenek elkarrizketan eta guztiz bat nator harekin: haurrentzat ikaragarria izan da bizi izan dutena, baina arazoa hori baino askoz sakon eta mingarriagoa da: benetan konturatzen al gara hainbat eta hainbat urtetan espetxe batean, askatasunik gabe, egotea pertsona batentzat zer den?; inoiz benetan pentsatu al dugu presoen bakardadean?; Euskal Herriko heroiak omen ziren baina, egia esan, nahiko bakarrik utzi ditugula uste dut, eta neure buruaren kontra botatzen dut lehenengo harria, ni ere, salbuespenak salbuespen, oso gutxi kezkatu bainaiz haietaz. Berriro diot: euskal gatazkak eragindako beste sufrimendu batzuk oso kontuan hartzen ditut, eta indarkeria mota guztiak (borroka armatua, polizien torturak, sakabanaketa…)  gaitzesten ditut, baina presoez ari naiz artikulu honetan.

Hirugarrenik, eta bukatzeko, elkarrizketaren amaieran Eztizenek esan duen gauza bat deigarri xamar egin zait: haren iritziz, amesgaiztoa bukatzeko oraindik urte asko falta dira eta badaude pagaburu izango diren preso batzuk, asko pairatu beharko dutenak. Ez dakit nik egoera gaur egun nolakoa den, baina adierazpen larri horiek egiteko behar adina informazio izango duela ziur nago. Beraz, presoen gaia konpontzeari gaurko Euskal Herrian ematen zaion baino garrantzi handiagoa eman behar zaiola uste dut eta, elkarrizketa hau Lorea Agirrek euskal pentsamenduari buruz urriaren 10eko elkarrizketan zioenarekin lotuz, euskal pentsamendua sortzeko prozesuan oso gai inportantea da hau eta, pentsamendu hori egiazkoa izan dadin, pentsalari desberdinek eman beharko dute beren iritzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.