Haur transexualitateaz

Aitziber Argote Guzman eta Aitzole Araneta, Zinkunegi
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Ezer baino lehen, zoriondu behar dugu Euskal Herriko Adin Txikiko Transexualen Familien Elkartea; izan ere, bere egitasmoa bikaina izateaz gain, zeharo beharrezkoa da, eta, aldarrikatzeko ez ezik, herritarrei zein erakundeei sexu-aniztasuna eta zakila duten neskak eta bulba duten mutilak daudela ezagutarazteko nahiz horren gainean hausnartzeko ere balio du.

Baina, kanpaina honetatik haratago, uste dugu beharrezkoa dela publikoki aitortzea ChrysallisEH elkarteak 2015etik aurrera egindako lana, ume nahiz gazte hauen errealitatea gizarteari ezagutarazi baitio modu ulerterrazean; era berean, transexualitate egoeran dauden emakume eta gizonen eskubideen alde egindako lana aitortu beharrean gaude.

Familia hauen seme-alaben zoriontasuna lortze aldera ChrysallisEH elkarteak egindako lana berentzat onuragarria izateaz gainera, gizarte osoarentzat ere oso positiboa da. Chrysallis-ek egiten duen lana, hau da, giza aniztasuna nahiz sexu-aniztasuna ikusaraztea eta baloratzea, ezinbestekoa da balore demokratikoak eta gizabidezkoak hedatzeko, bai eta errespetuan, elkarbizitzan eta elkartasunean oinarritzen den gizarte bat bultzatzeko ere. Hainbat nazioarteko osasun-erakundek baieztatzen duten moduan, transexualitatea —eta, kasu honetan, haur transexualitatea— ez da gaixotasun bat. Izan ere, transexualitateak sexu-aniztasuna baino ez du adierazten, eta gizakiaren aniztasunaren beste adibide bat baino ez du islatzen.

Zer esanik ez dago, testu hau sinatu dugunontzat aniztasuna zera da: gure espezieak duen ezaugarri ederrenetako bat. Gizaki bakoitza bakarra eta errepikaezina da, eta errealitate horrek aukera bukaezinak eskaintzen dizkigu.

Gizon nahiz emakume sentitu eta izateko 7.500 milioi modu daude, eta guzti-guztiek errespetua, ulertzea eta esker ona merezi dituzte. Horixe bera merezi dute transexualitate egoeran dauden emakumeek eta gizonek, baita egoera berean dauden umeek ere.

Hori dela eta, ChrysallisEH osatzen duten familiei adierazi nahi diegu gure laguntza eta esker ona, eta berretsi egiten diegu beren proiektuan parte hartzen jarraitzeko gure erabaki irmoa. Proiektu horrek gizarte abegitsua, inklusiboa eta solidarioa bultzatzen du, gizaki aniztasuna —eta, beraz, sexu-aniztasuna— errespetatu eta baloratzen duena, horrexek izan behar baitu herritarron arteko erlazioen oinarria.

Era berean, azken egunotan izandako familien eta beren lanaren kontrako erasoak direla eta, gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Halaber, erabateko gaitzespena erakutsi nahi dugu kanpainaren elementuen kontrako ekintza bandalikoen aurrean nahiz sare sozialetan eta zenbait argitalpenetan agertu diren zentsura eta mespretxuz eta transfobiaz beteriko informazio zein iritzi faltsuen aurrean. Manipulatu eta amorrua sortzeaz gain, sexu-aniztasunaren aurkako jarrera erakusten dute, eta desinformatzeko asmoa baino ez dute. Kasu honetan, gainera, transexualitatearen kontra aritzea dute jomuga, eta, zehazki, haur transexualitatearen kontra.

Zenbait erakunderen asmoak ere salatzen ditugu: kontzientziazio soziala bultzatzeko kanpaina eta Chrysallis Euskal Herria bera salatzen dituzte «adin txikikoak galbideratzea» leporatuta, kanpainan biluzik dauden umeen marrazkiak agertzen direlako. Salaketaren argudioak funtsik gabekoak dira eta erabat anakronikoak, eta espero dugu fiskaltzak kontuan ez edukitzea berau tramitatzeko orduan.

Giza gorputza eta biluztasuna zerbait zikintzat edota negatibotzat hartzeak —ezkutatu, salatu edo debekatu beharreko zerbait balitz bezala— gizarte fanatiko eta gaixoei dagozkien beste garai batzuetara garamatza. Haietan, moral bakarra inposatzea eta giza kontrola ezaugarri nagusiak ziren.

Lerro hauek sinatzen ditugunok gure gizartean balore negatiboek lekurik ez dutelakoan gaude, eta, beraz, transexualitate egoeran dauden adin txikikoen familien lana kriminalizatu eta gutxietsi nahi duten erakunde horien planteamenduei onartezin deritzegu.

Hori dela eta, bat egiten dugu beste erakunde batzuekin, eta bai erakunde publikoei, bai erakunde politiko eta sozialei ChrysallisEH elkarteari nahiz osatzen duten familiei laguntza emateko eskatzen diegu. Planteamendu baztertzaile eta diskriminatzaile horien aurrean —arestian aipatutako argitalpenetan eta erakundeek adieraziak—, kontrako jarrera garbia espero dugu berengandik. Izan ere, sexu-aniztasunaren eta giza gorputzaren inguruko ikuspuntu faltsu eta kaltegarria inposatzea dute helburu.

Komunikabideei egiatasuna, errespetua eta etika profesionala eskatzen diegu informazioak argitaratzeko orduan. Iritziak eman eta argitaratzeko orduan, tentuz jokatzea eskatzen diegu kazetari nahiz komunikatzaileei, bai eta horien laguntzaileei ere. Horrexegatik, behar-beharrezkoa da haur-transexualitatean adituak direnekin kontsultatzea edozer publikatu aurretik.

Azkenik, gizarte zibila animatu nahi dugu bere balore demokratikoak eta gizabidezkoak erakustera biolentzia eta intolerantziaren aurrean; baita transexualitate egoeran dauden haurrei eta haien familiei hurbiltasuna, laguntza, errespetua eta elkar ulertzea erakustera ere.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:

Alberto Martinez de Santos Zurbitu, Alejandra Enebral Hernaiz, Alfredo Saborido Perez, Amaia Urrejola Muguruza, Ana Fernandez Alonso, Ana Maria Caro Murillo, Ana Maria Lopez Carvajal, Ana Ramirez de Ocariz Sorolla, Ander Lertxundi Zelarai, Ane Ortiz Ballesteros, Angela Kethor Soto Guerra, Ares Piñeiro Lopez, Barbara Saenz Orduña, Beatriz Alegre Perez, Beatriz Vargas Molina, Benita Martinez Garcia, Carlos de la Cruz Martin-Romo, Eduardo Urzelai Quintana eta beste 52 sinadura gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.