Historia interpretatu daiteke. Hala ere, gutxiengo zintzotasun zientifikoa abiapuntutzat hartuta Historiara gerturatu nahi den edonork esango digu ezen, gertakari historikoak interpretatzea zilegi bada ere, desitxuratzea ez dela zilegi —ordea—.
Gauza bera gertatzen da, oro har, Zuzenbidearekin, Giza Eskubideen inguruko Nazioarteko Zuzenbidearekin, eta, hortaz, azken horrek espetxeratuta dauden edo askatasunaz gabetu diren pertsonentzat xedatzen duenarekin ere bai.
Azter ditzagun printzipio horiek, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak xedatzen duenarekin hasita, Estatu espainiarra bezalako estatu alderdiek nahitaez bete behar dute eta.
Hala, aipatu itunak ezartzen duenez, «askatasunaz gabetutako pertsona oro tratatuko da gizatasunez eta gizakiari datxekion duintasuna errespetatuta». Halaber, honako hau ezartzen du: «Ez da ezarriko delitua egin zeneko garaian zein zigor aplikatu eta horren aldean astuna den zigorrik». Aurrerago, hauxe gehitzen du: «Atxilotuta edo preso dauden pertsona guztiak atzerapenik gabe jarriko dira epailearen (…) esku, eta (…) eskubidea izango dute zentzuzko epean epaiketa izateko edo aske gelditzeko».
Espetxeratuak tratatzeko Nazio Batuen Erakundeak ezarritako gutxieneko arauen printzipio orokorrak aldarrikatzen duenez, «arauak inpartzialtasunez aplikatu behar dira. Tratuari dagokionez, ez da ezberdintasunik egin beharko aurreiritzietan oinarrituz, eta, bereziki, ezta ere arrazan, kolorean, sexuan, hizkuntzan, erlijioan, iritzi politikoan, bestelako iritzietan, jatorri nazional edo sozialean, ondarean, jaiotzan zein bestelako edozein egoeratan oinarrituz».
Hona hemen edozein motatako atxiloketa edo espetxea jasaten ari diren pertsona guztien babeserako Nazio Batuen Erakundeak finkatu zituen printzipioek xedatzen dutena: «Espetxe-araubidearen araberako tratamenduak helburu nagusitzat izango du zigortutakoen eraldaketa eta gizarte-birgaikuntza».
Printzipio horiexek —behar zuen bezala— tortura eta tratu txarrak debekatzen dituzte. «Edozein motatako atxiloketa edo espetxeratzea jasaten ari den pertsona bakar bat ere ez da torturatuko, eta ez zaio zigor edo tratu txar, anker edo iraingarririk ere emango. Ez da inolako egoerarik aipatzerik izango torturak edo bestelako zigor edo tratu txar, anker edo iraingarriak zuritzeko».
Bestalde, espetxeratuak tratatzeko Nazio Batuen Erakundeak ezarritako gutxieneko arauek diote, besteak beste, «atxilotutako edo espetxeratutako pertsonak hala eskatuz gero, ahal den neurrian bere ohiko bizilekutik arrazoizko distantziara kokatutako leku batean egongo dela atxiloturik edo espetxeraturik».
Hautatu ditugun printzipio horiek guztiak Nazioarteko Zuzenbidearen barruan daude, eta kultura europarrak gizateriari egin dion ekarpenik zintzoenetakoa da. Ekarpen horren oinarria etika humanista da, XVI. mendean sortutako pentsamendu joera, eta ilustrazioan islatu zen batik bat.
Beharbada, ilustrazioko filosofo aitzindaria izan zen Baruch Spinoza holandarraren hitzek argitzen lagunduko dute, artikulu honetan aipatu ditugun Zuzenbideko printzipioak interpretatzeari dagokionez. Spinozak uste zuen herra, mendekua eta damua ez direla arrazoimenetik datozen bertuteak, tristurarekin lotuta dauden pasioak baizik. Ildo horretatik, ondorio honetara iritsi zen: «Ofentsak elkarrenganako herraren bidez mendekatu nahi dituena, ezbairik gabe, miserableki bizi da». Honako iritzi hau zuen esparru publikoari buruz: «Gizakien gizarte erkidea erdiestea eragiten duena, hots, gizakiak adostasunean bizitzea eragiten duena, onuragarria da».
Hortaz, hau ez da iritzi artikulu hutsa; oraingoan, asmoa ez da guk geuk iritzia ematea espetxe zigorrak jasaten ari diren pertsonei buruz, ez eta euren egoerari buruz ere. Aitzitik, maizegi ahazten diren printzipio batzuk gogorarazi nahi izan ditugu beste behin ere, Nazioarteko Zuzenbidean gauzatuta daudenak. Zuri, artikulua irakurtzen ari zaren horri dagokizu iritzia ematea arau horiek gure inguruan duten betetze-mailari buruz.
Hau ez da iritzi artikulu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu