Bakeaz baino gerraz idatzi beharko zuen Kantek. Hobe zahartzen da. Gerra denak dira bat eta bakarra bizi dituztenentzat. Bada beti erdizka ulertzen den lehen gerra bat, jaio eta aldira datorrena. Ez da Historiak lotua oraindik, baina aspaldi emana da jada. Ni Jugoslaviako gerran nago zatitua. Ez dut inoiz osorik jasoko.
2001eko irailaren 11tik hamabost urte igaro dira. Zer dira hamabost urte? Zuek esan. Lehen droga eta gorputzak dastatzeko unea. Hiriari aurrez aurre begiratu eta ukatzekoa. Kezkak eta desirak. Zuena da oraina, eta ez da atsegina. Mende hasieratik hemen zaudetenok, hau izanen da zuen bizitzako gerra zatitua. Nola azaldu egun hamabost urte dituzuenoi jaio zaretenetik munduak jasan duen gatazka, oraindik ere talkan badugu?
Al-Qaedak bi hegazkinez New Yorkeko dorre bikiak bota eta ia hiru mila pertsona hil ostean hasi zuten ofizialki AEBek terrorearen aurkako gerra. Sortu zen garai berria. Hamabost urteren ostean, AEBen jarduna inoiz baino zabalagoa da, eta biolentziaren krudela aldiro latzago dator. Egun, Afganistan, Irak, Siria eta Libian gatazka irekian dabiltza. Yemen, Pakistan eta Somalia droneen bidez bonbardatzen ari dira.
The Intercept eta Al Jazeerak osatu dituzte basakeriaren tamaina aurkezten duten datuak. Azken hamabost urteotan erasoak eta gerrak jasan dituzten herrialdeetan milioi bat pertsonatik gora hil dituzte, musulmanak portzentaje izugarrian. Zaurituak kontaezinak dira. Milioika pertsonak utzi behar izan dituzte euren etxe eta herrialdeak. Ehunka pertsona izan dira torturatuak Bushek antolatu kartzela ez-ofizialetan, eta Obamaren agintaldian hegaldi ez pilotatuek milaka hildako eragin dituzte. AEBen aldean ere, milaka soldadu eta kontratista izan dira erailak. Ondorioen artean, estimaturiko 4 trilloi dolarreko kostua dago, suntsituriko herrialdeen berreraikuntza albo baterautzita. Baita NSAk aurreraeraman eta Snowdenen bidez argitu den mundu mailako zaintza programa ere.
Datuen gordinak dakartzan ondorioak prentsan labur aurkeztea ia zikina da. Erraz desagertzen da minaren hedadura. Hau ere zuen hamabost urteak dira. Hasi zenetik, gerrak bizitza eta herrialdeak suntsitu ditu, eta elkarbizitza okertu. Terrorea-rekin amaitzeko ideia hutsetik urrun, erasoak eta biolentzia sakondu besterik ez dira egin. Inork ezer irabaztekotan industria militarrak eta berreraikuntza enpresek irabazi dute. Datozen AEBetako presidentetzarako bi hautagaien belizismoa ikusita, luzerako datoz hamabost urteok.
Gero eta inpertsonalagoa den gerra egunerokora lotu digute. Soldadu gutxiago, drone gehiago. Espektakulua da. Mendebaletik begirada faltsua osatu eta eztabaidan itota ari gara, segurtasun desira itsuaren edo adierazpen askatasun merke baten artean, mundua triskantza etengabean dela. Gu betiere gutaz. Sarraskiak soilik guretzat ondorioak badituzte perfilatzen zaizkigu medioetan, eta politika ofizialean ez da hau gelditzeko asmoa duen proposamen zintzorik. Denak dabiltza oraindik ere agenda propioei puzka. Alemaniatik Westfaliako bake itun berritu baten aldeko hotsak datoz, indarturiko estatus propio baten bila. Frantziak Europaren israelizazioa eskaintzen du, beldurra motzean lotuta. AEBek zarata elektorala dakarte soilik. 2008ko krisia medio, mendebaleko alderdi turnistek hasitako gatazka etsi hau laster etor litezken alderdi erreakzionarioek kudea dezakete. Baldintzatzea lortu dute jada, alderdi zaharrak euren hiztegira lotu eta migrante eta musulmanen aurkako jazarpena hauspotu dutelarik.
Nola erauzi gainetik zuen gerra izugarri hau? Ez al dago ezein keinu eta ertzetan, gogoa zulatzeko prest? Sumatzen duzue droneen doinua? Zauritu al zarete apur bat irudien bortitza jasatean? Zer egin, zuek eragin ez eta, halere, ebakitzen zaituzten eguneroko honekin? Zer duzue esateko hildakoak zuen berdinak direla dakizuenero? Non dago norberaren aro historikoari aurrez begiratu eta duin jarduteko neurria? Hamabost urte besterik ez eta gerrarik zikinena duzue aurrez aurre.
Egia zehatza da. Eta oker hildakoak ez dira sekula hiltzen. Oroimena aldarrikatzen dute zarata mutuan, berdin Ibero edo Deir ez-Zorren. Historiaren azkartzeaz Koselleck edota Viriliok esanen dizkizuetenak ez aintzat hartu, basakeriek hildakoak justizia eske datoz bide bazter denetan, ez doaz inora, eta osatzen duten haria ezinbestekoa da egungo aukerak iruteko. Minak ez du etenik, ahanzturak etengabe luzatzen badu, baina bada erreparaziorako aukera, behin eta betirako, hilak akabatu zituen gerra gelditzea lortu eta duintasuna berriz ere ereiten ahal bada. Basakeria etetea izanen da zuen iraultza.
Iraganaren eta etorkizunaren irekitzea hertsi daude barne lotuta. Historialari argiak ez dira aski gerra bizi dugularik, irabaztea da desira. Baina gerrak ez dira irabazten ahal, eta geroa azkar dator. Bihar funtsezkoa izanen da berriz ere irabazleek bortxaz idatzitakoa ukatu, eta hil eta bizi diren zapalduei duina eskainiko dien begirada. Haria ez dadin eten. Biziko bagara. Betiereko hamabost urte behar badituzue ere.
Hau da zuen betiereko gerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu