Hasi dira pitzadurak agertzen

2015eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Demagun botere publikoek lege bat onartzen dutela zeinarekin atxilotu bat poliziaren esku egon daitekeen bost egun luzez inongo kamerarik ez duen leku itxi eta ilun batean. Demagun tarte horretan ez diotela abokatu batekin hitz egiten uzten, baina polizia horiek deklarazioa hartu diezaioketela atxilotuari, eta gainera deklarazio hori gero balizko epaiketa batean bere kontra erabili daitekeela. Eta guzti hori legez onartua. Jar dezagun poliziak atxilotuari informazioa atera edo bere aitortza lortu nahi duela, nola egingo luke? Haren kontra ukabilkadaka hasiko litzateke? Ez, aztarnarik utziko ez luketen tresnak erabiliko lituzke, adibidez, poltsa bat buru gainean jarri itolarria sortuz, ariketa fisiko nekagarriak eginarazi, biluzarazi,.. Hori hala gertatuko balitz, nola frogatuko luke atxilotuak?

Aste honetan Euskal Kriminologia Institutuak bere ikerketaren lehen fasearen emaitza eman du argitara: azken 50 urteetako 3500 tortura salaketa baino gehiago jaso dituzte jada.Emaitza horren zabaltzeak suminduta ditu Ertzaintzako sindikatuak, txostenak Ertzaintzaren izen ona zikintzen duelako eta norbaitek pentsa dezakeelako Ertzaintzak tratu txarrak erabili dituela, hori erabat gezurra dela gehituz. Tortura pairatu dutenak gezurretan dabiltzala esaten jarraitzea oso zikina da.

Inkomunikazioa lege antiterroristapean soilik ematen da, horretarako sortua izan da eta oso emaitza garrantzitsuak lortu dira bere aplikazioarekin. Inkomunikaziopean dauden atxilotu gehienek askotariko delituak aitortu dituzte neurri harrigarrian. Eta ordu gutxiren buruan deklarazio horiek epaile aurrean ukatu egiten dituzte. Hala ere, polizia aurrean borondatez sinatutakoa frogatzat hartzen da haien kontrako epaiketetan. Luis Roldan, Nafarroan gobernu espainiarreko delegatua eta Guardia Zibilaren zuzendaria izandakoari egindako elkarrizketa batean onartu zuen atxilotuen deklarazioak lortzeko presio fisikoa erabiltzen zutela: «Si no somos hipócritas, uno tiene que entender que si detienes a un señor que ha matado a 23 personas, lo interrogas y confiesa, ¿qué es lo que le ha hecho confesar? Ha habido golpes, presiones físicas que no dejan huella, pero que puedes pensar que se producen. ¿Alguien cree que declaran lo que declaran sin coacciones?».

Duela 34 urte Joxe Arregi bederatzi egunez inkomunikaziopean pasa ondoren hil egin zen. Berarekin zeuden hiru kide bere ubeldurak eta egoera latza antzeman zuten eta jazotakoaren berri eman zien: barra batetik zintzilikatu zuten oinetan kolpeak jasoz, zerbaitekin ere erre egin zizkioten; bere bular gainean salto egin zuten eta kolpeak, ukabilkadak eta ostikoak ere nonahi jaso zituen. Madrileko Giza Eskubideen Batzordearen arabera 73 poliziak parte hartu zuten Joxe Arregiren galdeketetan. Salbuespenez kasu horretan zigorrak egon ziren, baina bi polizia besterik ez ziren zigortuak izan eta zazpi hilabeteko espetxealdiarekin.

Beste hainbat kasutan, argazkiak lortu arren, epaitegiek agerian dagoena justifikatu egiten dute harrigarriak diren argudioak erabilita: duela 30 Mikel Zabalza ibaian itota eta eskuak lotuta agertu zen hogei egun lehenago Guardia Zibilak atxilotu ostean. Bertsio ofizialak dio atxilotuak boluntarioki aitortu zuela bazekiela zulo bat non zegoen eta horregatik erabaki zutela haraino hurbiltzea, Bidasoa ibai ondora. Guardia Zibilaren esanetan, Zabalzak, furgoitik jaisterakoan, eskuak lotuta, beraietako bat kolpatu ostean ibai ondoan zegoen zulo estu batetik ihes egitea lortu zuen eta ez zuten gehiago ikusi. Duela 13 urte Unai Romano bere buruari kolpeak eman zizkion. Epaileak ulertu zuen Unairen aurpegiak bere osotasunean aurkezten zuen ubeldura eta handituak, berak bere buruari azalera gogor baten kontra emandako kolpearen ondorio izan zela. Duela zazpi urte Igor Portu eta Mattin Sarasolak, eskuak lotuta jada, borroka gogorra izan zuten Guardia Zibilaren kontra. Igor Portuk 21 egun eman zituen ospitalean bizitza galtzeko arriskuan jarri zuten kolpeen ondorioz.

Azken 50 urteetan milaka atxiloketa inkomunikatu eman dira eta milaka lagunek salatu dituzte torturak polizia ezberdinen eskuetan: Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza. Azken hamabost urteetan atxiloketa inkomunikatuen %68tan torturak salatu dira. Salaketa ia horiek guztiak artxibatuak izan dira, eta aldiz, Estrasburgoko giza eskubideen epaitegiak espainiar Estatua 6 aldiz zigortu du tortura salaketak ez ikertzeagatik hauek sinesgarriak direnaren zantzu nahikoak daudenean. Argi dago tortura salaketak onetsiko balira, ezingo liratekeela poliziak lortutako deklarazioak frogatzat hartu, baina bitartean, ustekabeko deklarazio horiekin hainbat herritar espetxeratzen dituzte.

Baina hasi dira pitzadurak agertzen. 2014an espainiar Auzitegi Nazionalak ordu arte ikusi ez zen epaia ebatzi zuen 40 euskal herritar absolbituz. Inkomunikazio garaian polizia aurrean egindako deklarazioak baliogabetzat hartzen ditu eta dudan jartzen du horiek libreki emanak izan zirela. Eta zera ezartzen du, atxilotu batek edozein indarkeria mota jasan duela modu sinesgarrian salatzen badu, ezin dela berak atxilo zegoen garaian emandako informaziorik erabili, etorkizunean halako jokaerak saihestearren. Zeren deklaratzeko askatasuna urratua geratzen baita, atxilotu batek bere borondatea indarrez hartua izan dela baieztatzen duenean.

Horixe da eskatu behar dena: deklarazioak baliogabetuak izan daitezela tortura alegazioak daudenean, eta ondorioz, deklarazio horiek froga moduan erabili diren prozedura guztiak baliogabetzea. Horrekin batera gainera, tortura salaketen ikertzea ofizioz berrabiaraztea etorri beharko litzateke. Oraindik bidea luzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.