Has gaitezen berriro

2013ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ziur nago. Baikorrak izateko zantzuak badaude. Suma daiteke hedabideetan, nazioarteko egiaztatzaileen hitzetan, sentsibilitate ugaritako goi kargudun politikoen adierazpenetan: euskal gizarteak nahi du; eta garrantzitsuena: badirudi urratsak egiteko prestatuta dagoela gizartearen sare soziala eraikitzeko eta hartu emanetarako. Uste dut gizartea prestatzen ari dela ideologikoki bi muturretan egonda ere teilatu beraren pean dauden bizilagunen eguneroko bizikidetzarako.Uste dut behar hori jaiotzen dela modu batera edo bestera indarkeriaren kolpea jasan dugun sentimendu komun batetik (batzuentzat gatazka politikoa deritzona, besteentzat ETAren terrorismoa, edo eta oraindik ere estatu terrorismoa izan dela ukatzen duten horrenak).

Ahazten ari zaigu urte askoan beldurrez eta duda-mudetan bizi izan garela. Nire kasuan, guardia zibilen atxiloketen beldur nintzen; eta ez dezala inork pentsa beldur hori zenik legez kanpoko ezer egin nuelako. Nik ez dut sekula inongo alderdi politikotan militatu. Maiz, ez naiz legezko edo legez kanpoko manifestazioetara joan, zer pasatuzen beldurrez. Nire kasuan, oso kezkagarria eta lazgarria izan da konturatzea gatazka politikoaren ondorioz dagoen hildako herritarren zerrenda horretatik beti egon dela pertsona batzuen izenak ezkutatzeko interesa. Eta, noski, horiek argitzeko bidean, estatuak eta bere botere judizialak oztopoak baino ez dituzte jarri ikerketetan egon zitezkeen argibideak zangotrabatzeko edo sarraskien egileak izan direnak babesteko. Uniformedunak izan edo ez, Espainiako Poliziako, Guardia Zibileko edo Ertzaintzako agenteak izan dira gehienetan, batzuetan Frantziako estatuaren babesarekin. Giza eskubideen urraketa hau jasan dugun askok ezin izan dugu ezagutu gure senideak erail zituztenen izen-abizenak. Modu irekian esaten dut, itzulingururik gabe, esperientzia horiek pairatu ditudalako.

Nire nortasuna baldintzatu duten gertaera horiek pairatu izan ditudan arren, ordea, ez nago itsu beste sufrimenduetara, badakitelako pertsona askok beldurraren sentimendu hori berdin pairatu izan dutela bere ideiak defenditu nahi izateagatik. Beren biziko urterik onenak izan zitezkeenak beren bizitza babestuko zieten ezezagun batzuekin partekatu behar izan dute askok, bizitza bera ez galtzeko.

Luze eta zabal hitz egin genezake azken 40 urteetan gertatu diren beste hainbat eskubide urratzeren inguruan: atentatuak, bahiketak, atxiloketak eta torturak —baita hiltzerainokoak ere—, desagertzeak, estortsioak, hitzezko edo idatzizko mehatxuak, bonba-gutunak, ondorio psikologikoak eta abar.

Eta, jakina, baita bortizkeria politikoaren ondorioz hildakoen hiletei buruz ere. Alde bateko eta besteko hildakoak deitzen zaie, gaizki deitu ere. Hildakoak ez dira alderdi politikoen ondare. Izatekotan, senideen edo denon ondare dira. Zoritxarrez, gure herriaren historiak sufrimenduaren aurpegi ezberdinak erakutsi dizkigu, baina berriro hasteko garaia da.

Berriro oinez hasteko garaia da. Bidean aurre egin behar diegu alderdietan, erakundeetan, presio taldeetan edo komunikabideetan ardura edukita iruzur egiten saiatzen direnei: zenbait errealitate ezkutatzen saiatzen dira, herritar ia guztientzat errealitate haien sinesgarritasuna gezurtaezina bada ere. Gaur egun, oraindik, iraindu egiten gaituzte epaitzeko eta iritzia sortzeko itzal moral handiagoa daukatela uste dutenek, bai erretiratutako filosofia katedradunek, bai immobilismoan egoskortutakoek, bai euskal gatazkatik bizitzen jarraitu nahi duten sasi-adituek.

Horregatik, apaltasun osoz, begiak ireki nahi dizkiet alde bakar baten sufrimendua ezagutzen edo onartzen dutenei. Ariketa bat planteatu nahi diet: bakoitzak, bakarrik, zaratarik gabe, galde diezaiola bere buruari ea zein izan daitekeen abiapuntua edo lotura, hitz egiten hasteko betidanik hitz egitea saihestu duen pertsona horrekin —bere ideologia kontrakoa delako edo bere minaren erantzule dela uste duelako—.

Erantzuna pentsatutakoan, beste gomendio bat egingo nieke. Hainbeste bakardade urte eta gero, pentsatzeko zerk batzen gaituen baketze prozesuan. Ziurrenik denok bat egingo dugu puntu batean: ezerk ezin ditu ordezkatu hildako senideak eta ezerk ezin du konpondu biktimen samina, baina ikasi egin behar dugu bortizkeriaren kolpeei aurre egiten, bai zuzenean kaltetutakoetan, bai gure jarreretan, bai gure jokabideetan.

Gainera, kaltetuentzat eta gizartearentzat oro har onuragarriak izango diren ideiak edo jarduerak proposatzeko ahaleginean, uste dut komenigarria dela garatzea proiektu bat bortxakeriak puskatu dituen gizarte harremanak berrosatzeko. Erakundeek bultzatu beharko lukete, eta hezkuntzan aplikatzen hasi bereziki, pitinka-pitinka, udal eta lantegietara zabaltzeko.

Aldi berri bat bizitzeko aukera ederra daukagu, eta horren oinarria pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea izango da, baita horrenbeste min eragin duten haienak ere. Haiei ere errespetatu behar zaie euren giza duintasuna, zeren, ziur naiz, sortu duten minarengatik sufritzen duten eta maite dituzten senideak dituztela.

Nire eskaria politikari eta gizarte eragile guztientzat da. Batu ditzagun indarrak. Jarrera guztiak osatuko dituen memoria baterakoi eta objektiboa eratu dezagun. Horrek aukera emango digu oraina bakean bizitzeko, eta etorkizunera joateko gure iragan hurbila irakasgai eta prebentziorako oinarri gisa hartuta, urte ilun, bihozgabe, mingarri, bidegabe eta triste haietako gertakariak berriz jazo ez daitezen.

Nahiz eta denon helburu horiek lortzeko bideak ikuspuntu ezberdinetatik ikus daitezkeen, bitartekaritzan eta gatazken konponbidean eskarmentu handia duten adituen laguntza lortu behar dugu, lagun gaitzaten daukagun onena ateratzen. Izan ere, ziur naiz asko dela barruan daukagun on hori. Eta, hala, banatzen gaituena baztertuko dugu, giza kalitate handiagoko pertsonak sentituko gara, jakituriaz, malgutasunaz eta enpatiaz. Zeregin horretan errespetuz uler ditzakegu beste esperientziak, sufrimenduak, egoerak eta ideologiak.

Ibiltzeko asko daukagu, baina baikortasunari eutsi nahi diot. Uste dut denok ikasi dugula irakasgaia. Bortxakeriaren amaiera frogatutako errealitatea da gaur egun, eta, hain zuzen ere, oraintxe tokatzen zaigu irtenbide baterakoia lortzeko lan zailari heltzea, denok adostu eta errespetatutako oinarri demokratikoak ardatz hartuta. Lau haizeetara azaldu nahi dut. Bakoitza bere esparruan. Has gaitezen berriro, bazterketarik gabe, amarru eta bidezidorrik gabe. Behar dugulako. Merezi dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.