Harriz harri, herriz herri; Tantaz tanta, portuz portu

Txerra Bolinaga Etxebarria
2013ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Oporraldien hondarretan gaude, hastear dugu ikasturte berria. Gure herrian askotan gertatu den moduan, aurtengoan ere garai argigarria izaten ari da oinarrizko askatasunen egoerari dagokionez. Labur esanda, oporretan daude oraindik, gure herritik urrun.

Bilboko txupineraren eta Laudioko pregoilariaren izendapenen legz kanporatzeek, eta Estafetako Bostek greba orokorraren harira jasotako zigor judizial lotsagarriek, besteak beste, disidentziarik ñimiñoena ere, herri adierazpen oro,jopuntuan daudela berretsi digute. Alde honetatik, zaharrak berri.

Izan dugu, ordea, kontuan hartu beharreko urrats errepresibo berririk ere. Hilabetea igaro da, Luis eta Xapo Barañaingo gazteak gordetzea erabaki zutela. Beraien egoera eta beste askorena ikusarazteko ezkutatu dira, Iruñerrian herri harresia eraikitzeko baldintzak sortzen laguntzeko asmoz. Gasteiz, Orereta, Bilbo, Donosti, Ondarroa... herri dinamikak aurrera segitzen du. Askotan errepikatu dugu, guk pauso desobedienteak eman ahala, beraiek beste pauso errepresiboak emango zituztela aurreikusi behar genuela. Emanak dituzte¡. Iruñean eta Barañainen antolatutako agerraldi eta mobilizazioen kontrako isun ugari heldu dira. Barañaingo kaleak poliziaz lepo daudela salatu dute hango lagunek. Luis eta Xaporen atxilotze aginduaren berri jaso zuten abokatuek... zigorraren berri izan aurretik. Are larriagoa, poliziak Barañaingo lagun baten etxea miatu zuen,Luis eta Xaporen bila.Elkartasun desobedientea praktikatzeko prest egon daitekeen edozein herritar kikiltzeko asmoa zuten, ondo baitzekitenLuis eta Xapo ez zeudela han.

Egiten ari garen bidea eragingarria delako kolpatzen gaituzte, egia da. Baina egia da, era berean, oraindik kolpe horiek merkeegi ateratzen zaizkielako jarduten dutela horren lotsagabe. Zer egin, orduan? Gure aburuz, bidean sakondu. Desobedientzian, baina baita horren masibotasunean eta herri izaeran ere. Kolpe bakoitza, konpromiso desobediente sakonago eta masiboagoen pizgarri izan dadin. Azken finean, borroka desobediente arrakastatsu baten gako nagusietako bat, botere guneetan dinamikaren kaltetan pentsatutako errepresioa dinamikaren aldeko bilakatzean datza.

Iruñerritik soilik ez, Euskal Herri guztitik eraiki behar dugu Herri Harresi zulakaitza. Harriz harri, herriz herri, eraikuntza lanen epizentroak biderkatuz eta intentsitatea handituz. Autoantolakuntza oinarri, desobedituz, amorrua eta maitasuna antolatuz, irudimenetik tiraka, tinko bezain samur. Irailetik aurrera areagotu egingo zaizkigu horretarako aukerak. Deustuko grebalarien kontrako epaia izango dugu Bilbon, 35/02 prozedura abiatuko da Madrilen 36 pertsonen kontra, berdin 40 gazteren aurkako epaia ere. Euskal Herriko 43 herritan epaiketa hauetako auzipeturen bat dago, auzipetutako lagunen eta erasotako eskubideen inguruan babesa antolatzeko deialdiak izango dira herriz herri. Adi, eta lanera.

260 lagun inguru dira oraindik epaiketaren edo epaiaren esperoan daudenak. Ehunka gehiago izango dira etorkizunean ere, herri presio nahikoa egiten ez badugu. Hori guztiaahalbidetzen duen salbuespen politika amaitzen ez badugu,bidegabekeria horiek ez baitira inoiz iragan bilakatuko.

Irailaren 1ean, beste harri bat jartzeko gonbidapena egiten dizuegu. Barka, beste tanta bat; oraingoan, herri babesaren harresia urezkoa bilakatuko baitugu Donostiako portuan. Egun horretan, ur harresia irudikatuko dugu.

Auzipetu guztioi, auzipetuen delitua zuona egiten duzuenoi, delitua zuona egin gabe ere epaitegietan delitua dena egiazki eskubidea dela ulertzen duzuon guztioi, jokoan dagoena disidentziarako eskubidea bera dela ulertzen duzuon guztioi, eskubide horren defentsa egitea guztion ardura dela ulertzen duzuenoi, gero nork nahi duen norabidean praktikatu dezan —arlo identitarioan, sozioekonomikoan, hezkuntzarenean, kontsumoan, genero borrokan, lurraldetasunarenean, dena delakoan—. Zuoi guztioi egiten dizuegu ur harresia elkarrekin eraikitzeko gonbita. Udako sargori errepresiboari aurre egiteko, auzipetuak eta eskubide zibil eta politikoak freskatzeko eta biziberritzeko, eta erasotzaileak konpromisozko olatuen azpian itoarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.