Harresiak gainditzeko hezkuntza akordioa

Eli Zubiaga, Amaia Etxabe eta Ibai Redondo Beitia
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Harriak ditugubaina ez dugu herririk.
Harriak ditugu
poltsiko zulatuetan,eta ez dugu inon eraikiko
betirako etxerik.
Baina harriakederragoak al dira ba
harresian?

Hezkuntzaz hitz egitean lehen printzipioa da hau: gure hezkuntza gurea al da? Euskal Hezkuntza Sistema burujabea eraikitzeko prozesua orain dela ehun urte baino gehiago hasi zen Oñatin, Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuan. Bertan erabaki zuten, euskal hezkuntzaren oinarria eta lehen zutoinak jartzea. Zein zen zutoin eta oinarri guztiak zeharkatzen zituen elementua? Euskara. Euskara delako herri egiten gaituena. Gaztelera eta frantsesa zirelako hezkuntzako hizkuntza bakarrak. Ehun urte geroago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Sistemaren ezaugarriak definitzeko orduan, eztabaida parlamentario eta politiko nagusia hau izan da: euskara. Ehun urte geroago harri berdinarekin topo egin dugu EAEn, zer esanik ez Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian.

Espainia eta Frantziako estatuak, hezkuntza sistemen bidez, beraien hizkuntza, kultura, ideologia eta mundu ikuskera inposatzen saiatzen ari dira. Zorionez, euskal hezkuntzagintza ere ehun urtez aktibo egon da eta lortu du euskarak hezkuntzan leku garrantzitsua izatea. Nahikoa? Gure uste apalean, ez, Euskal Herrian ikasten duten ikasle guztiek dutelako, euskara ondo ezagutzeko eskubidea.

Harresiak

Mundua harresiz bete digute, eta, erronka berrien aurrean, gure herria ere harresiz bete dugu. Harresiak jarri ditugu hainbat ikastetxetan. Ezberdinak direnentzat harresiak: kolorea, jatorria, sexua, kultura, klasea. Kosta egiten zaigu onartzea, baina horrela da. Izendatu ere egin daitezke jarrera hauek: arrazakeria, homofobia, matxismoa, supremazismoa, klasismoa. Izena duena bada. Gure jendartearen gaitzak dira eta hezkuntzan ere bizirik daude.

1993ko EAEko Hezkuntza Legea edo harresia? Harresi bat ezarri zuten, administrazioaren eskola publikoak eta bokazio publikoa duten ikastolen artean nagusiki. Zoritxarrez, amua irentsi zuen gehiegik. Harresiak suntsitu beharrean, harresiak eraiki zituzten, eta kasu batzuetan hesietako labanak jarri ere bai. 30 urtez, min eta zauri gehiegi, gure herria zapaltzen duten agintariek jarritako amua irenstearen ondorioz.

Harresiak gainditzeko akordioa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortutako Hezkuntza Akordioa euskal hezkuntzagintzan mugarri berri bat da. EAEko Hezkuntza Akordioa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik harantzago, Euskal Herri osoan hezkuntza sistema euskaldunagoa, feministagoa, inklusiboagoa, anitzagoa, ekitatiboagoa, bateratuagoa... egiteko aukera bat izan daiteke. Horrela baloratu dute besteak beste Save the Children-ek eta Kontseiluak, segregazioaren aurkako borrokan eta euskararen berreskurapenean erreferente diren erakundeek. Gure uste apalean, mugarri berri honek estadio berri batean jartzen gaitu,ez azkenengoan, baina bai hurrengoan, garai berri batean. 1993ko hezkuntza legea zatiketaren legea izan zen, 2023koa batasunarena izan daiteke; momentuz, Gasteizko Parlamentuko %90aren babesa du, harresi politikoa gaindituz.

Jabetzen gara gaur egungo marko juridiko politikoen baitan ezin dela Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema eraiki. Parisen eta Madrilen zentralizatutako hezkuntza sistemak direlako, sistema kapitalista patriarkala kudeatzen dutenek dutelako boterea. Baina ezin gara Euskal Estatu bat izan arte zain egon, gure ikasleek orain eta hemen behar dute ahal bezain hezkuntzarik onena. Hezkuntza botila bat bada, botila hori euskaraz, euskal kulturaz, feminismoz, aniztasunez, inklusioz... betetzen aritu gara. Zoritxarrez, botila zulatuta dago eta ezin dugu botila berri batekin ordezkatu, momentuz. Hezkuntza Akordioarekin eta legearekin, botilaren zuloak itxi eta botilaren ahoa ireki dugulakoan gaude. Orain, hezkuntza komunitateari eta euskal jendarteari dagokio botila betetzen jarraitzea. Aldaketak ez direlako goitik behera etorriko, eraldaketa behetik gora egin behar dugu. Eraiki dugun Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, oinarrizko kanpamentua izan behar da mendi tontorrera igotzeko. Zein da hurrengo kanpamentua? Euskal Herri osoko ikastetxeen, sareen, proiektuen arteko batasuna, konfluentzia, bateratzea.

Eskola publikoak eta bokazio publikoa duten beste hainbat ikastetxe indartzen ditu akordioak? Eskubide eta betebeharrez berdintzen ditu akordioak? Indartu bai, gehiago ere nahiko genuke, noski. Berdindu ez bada, gerturatu ere bai, noski baietz, batasunaren bidean urrats bat delako. Eskola publikoak eta bokazio publikoa duten ikastetxeak berdindu eta indartzea ez da salagarria, ospatzekoa baizik, hezkuntzak, herriak eta bereziki ikasleek irabazten dutelako. Zentzu honetan, egoera zailenak kudeatu behar dituzten eskola publikoak baliabidez eta langile prestatuenekin hornitzeko konpromisoa jasotzen du akordioak; era berean, sistema honetatik kanpo geldituko lirateke baldintzak betetzeko prest ez dauden ikastetxe elitistak.

Akordio politikoaren ondoren, akordio sozialaren garaia da. Haria eten ez dadin, hezkuntza komunitatearekin batera poltsiko zulatuak josi eta botila hutsak ilusiozbetetzen jarraitzeko ardura hartzen du ezker independentistak. «Mundu guztia da gurea, gure herria gurea bada», Joseba Sarrionandia. Mundu guztia da gurea, gure hezkuntza gurea bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.