Harrera Elkartearen aurtengo batzar honekin hamargarren urtera iritsi gara. Jadanik oso atzera geratuak zaizkigu hasierako urrats zalantzati haiek, ezjakintasunean arituz abiatu gineneko momentu haiek. Horrek, ordea, ez du esan nahi orain dena erraza denik edo dena ondo doanik. Gaur ere premiazkoa izaten jarraitzen du Harrera Elkartearen lanak, eta premia handiak izaten jarraitzen du Harrera Elkarteak bere egitekoa behar bezala egin ahal izateko.
Arrazoi politikoengatik kartzelan edo erbestean urte luzez egon ondoren etxeratzen ziren euskal herritarren egoera ikusita, gizarte honetan bizitza berrartzeko laguntza behar zutela ohartu ginen. Adinean aurrera zihoan jendea zen kasu askotan etxera itzultzen zirenak, eta baziren osasun arazoak zituztenak ere, etxerik ez zutenak, lan merkatuan aukera gutxi zutenak. Egoera berri horretan baldintza duinekin bizitzeko zailtasunak zituzten eta laguntza behar zuten herritarrak ziren edozein kasutan. Baztertu gisa ez bizitzeko, babesgabe ez geratzeko, lagunartean eta gizartean duinki bizitzeko asistentzia beharrean etxeratzen ziren preso ohiak eta erbesteratu ohiak. Laguntza juridiko-administratiboa, ekonomikoa, osasungintzakoa eta lan mundukoa behar zuten etxera itzultzen zirenek, ezer gabe itzultzen zirelako kasu guztietan edo gehienetan.
Kezka horrek bultzatuta ekin genion lanari. Hasiera zailak izan ziren haiek, bagenekielako inork ez zizkigula gauzak erraztuko edo bidea erakutsiko. Areago esan behar dugu; sortu eta urtebetera Harrera Elkartea legez kanporatzeko saiakerak ere izan ziren garaiko desagertuta dagoen alderdi espainiar baten eskutik, gerora bertan behera geratu bazen ere saiakera hori. Baina bidean abiatu ginen duela hamar urte, 2012ko ekainean, Harrera Elkartea sortuz, eta urratsak egin ahala ikasi dugu ibiltzen eta egiten. Gure herriak beti erakutsi du beharrean denari elkartasuna eta laguntza emateko prestutasuna, eta konfiantza horrekin egin dugu aurrera, erbestean edo espetxean urteak eman ondoren etxera itzultzea zer den ongi zekien jendearengandik abiatuta. Etxekoak izaten baitira etxeko beharren berri ongien dakitenak, eta, etxekoek ekin ezean, nola eskatu laguntza ingurukoei eta auzokoei?
Gaur etxera datorren preso edo erbesteratu bakoitzak badaki ez dela baztertuta geratuko bere herrira iristean; etxera itzultzen den preso ohi edo erbesteratu ohi bakoitzak gaur badaki osasun arreta emango zaiola, asistentzia ekonomikoa eta juridiko-administratiboa izango duela edo lan munduan murgiltzeko aukerak erraztuko zaizkiola milaka herritarren laguntzari esker. Harrera Elkarteko bazkide eta laguntzaile guztien elkartasunari esker.
Hamar urte hauetan 400 euskal preso eta 30 inguru erbesteratu itzuli dira etxera, eta horiei guztiei bermatu zaie gure gizarte honetan bizitza duina izateko beharrezko asistentzia eta laguntza integrala. Beraz, ez da makala orain artekoan lortu dena, eta lortu den horren errekonozimendua egin eta merezimendua aitortzeko momentu egokia da hamar urteren burura iritsi garen hau. Harrera Elkarteari laguntza ematen dion bakoitzari errekonozimendua egin eta bere merezimendua aitortu behar diogu. Aldi berean, hala ere, egiteko dagoenari begiratu behar diogu, asko direlako oraindik kaleratzeko dauden presoak eta itzultzeko dauden erbesteratuak. Gaur beharrean daudenei laguntza ematen jarraitzeaz gain, etxeratuko direnei ere beharrezko asistentzia eta laguntza bermatu ahal izatea da Harrera Elkartearen erronka eta egitekoa.
Egun batean espetxera eraman zituztenak edo erbestera alde egin behar izan zutenak ezin ditugu bazterrean utzi etxera itzultzen direnean; ezin ditugu albo batera utzi. Herri honetako seme-alabak herri honetan hartu eta laguntza eman behar diegu, gureak direlako eta geuk eman behar diegulako duintasunez gizarteratzeko behar duten orubea.
Mila esker guztioi; animo eta aurrera!
Harrera Elkartearen X. Biltzarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu