Gaur gaurkoz estaturik gabeko hizkuntza da euskara. Baina nortasun kolektibo ukaezinaren ikur den heinean estatu ikuspegiko ardura eta erantzukizuna eskatzen du euskarak.
Estatu ikuspegiak behin-behineko egoera zehatzaren gainetik etorkizuneko premiak aurreikusten ditu; horixe da bere ezaugarria. Estatu-pertsonek —gizon nola emakume— ikuspegi luze eta sakona eduki behar dute, bertako eta behin-behineko arazoen gainetik.
Euskarak, etorkizunari begira, bi erronka nagusi ditu aurrean: bat, batasun idatzi eta literarioa burutzea; bestea, berriz, ondoko hizkuntza ahaltsuen —frantsesa eta espainola— maila berdineko edo gutxienez berdintsuko status juridikoa lortzea.
Batasun edo standartizatzea abian da aspaldidanik, eta, oraindik asko falta bada ere, urratsik zailenak eginik dauzka. Status juridikoari dagokionez, ordea, egiteke dago oraindik asko eta asko. Iparraldean ez dauka oraindik ezagutza ofizialik, nahiz eta orain baden zeharkako onarpen bat, euskarari buruzko autoritatea dela eta. Nafarroan barne zonaldeak egiten dituen lege barregarri eta samingarriarekin hizkuntzako eskubideak egunero urratzen zaizkigu. Euskal Autonomia Erkidegoan ere asko falta da hizkuntza berdintasun eta normalkuntzarako; aski da aldizkari ofizialean egunero ateratzen diren lanpostuetarako espainola beti beharrezkoa dela eta euskara, berriz, bakarrik batzuetan eskatzen dela ikustea.
Euskararen batasun edo standartizatzeak badauka berezitasun aipagarri bat; zera, alegia, estaturik ezean Akademiak markatutako ildotik ari dela garatzen. Fenomeno hori ez da gertatu akademikoen maila teknikoarengatik edo asmaketarengatik, baizik eta herritar gehienen ardura eta erantzukizunagatik. Arlo honetan ere gizartea alderdi politiko batzuen aurretik eta gainetik egon da, jakinak baitira euskal eskuinak batasunarekiko izan dituen mesfidantzak eta errezeloak.
Batasunaren bidean euskal akademiari gizarteak bere konfiantzarekin eman dion erantzukizun izugarri horrek etorkizunera begiratu beharra ezartzen du, behin-behineko gorabeherak eta onurak alde batera utzita. Etorkizunera begiratzeari, berriz, derrigorrezkoa zaio oraingo egoeraren gabeziak eta mugak kontuan hartzea eta norabideak ausarki asmatzea. Ikuspegi luze hori ukateko (berak esan ohi zuen bezala) Haritxelarrek urte asko eta askotako goi-goiko panoramika zeukan. Euskararen batasuna gizartearen eta akademiaren uztartzeak dakar, eta uztarri horri dagozkion izenak ez dira beti euskaltzain osoak, Txillardegiren adibideak adierazten duen modura.
Haritxelarrek bere nafartasuna azaldu ohi zuen noizbehinka irribarre kutsu batekin: «Legez frantses errepublikako hiritarra naiz, jatorriz nafarra eta bihotzez euskalduna», esan ohi zuen, nahiz eta beste modu batzuetara ere azaldu izan zuen bere izaera. Haritxelar euskararen plaza-gizona zen.
Esan zutenez bere hiletako xehetasun guzti-guztiak berak aurreikusi eta erabakiak izan omen ziren, hil-kutxaren gainean ipinitako ikurrina barne. Zertzelada horrek esanahi berezia du Errepublikako hiritar zenduaren jokabidean. Joxe Mª Satrustegiz oroitu ginen, eta saminagoa egin zitzaigun Nafarroako Baigorrin ospatutako hiletetara Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ez zela etorri ikusi eta.
Euskararen plaza-gizona joan zaigu, eta orain euskararen estatu-pertsonak behar ditugu —gizon eta emakume— euskararen erronka nagusiak arduraz eta erantzukizunez gainditzeko.
Haritxelar, euskararen plaza-gizona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu