Ane Labaka Mayoz.

Hanka zabalik

2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lehenengo argazkia. Zuri-beltzezko hiru gizon txapeldun ageri dira aurreneko lerroan. Lasai eserita. Erdikoak edalontzi bat dauka eskuineko eskuan. Beste bien artean lehia agerikoa da: ea hankak nork gehiago zabaldu.

Bigarren argazkia. 2019. Zortzi gizon koloretan. Lehia inplizituagoa da: ea hankak nork gutxiago itxi. Sare sozialetan irakurri ahal izan dudanez, batzuei grazia egin die irudiak. Besteoi zer pentsatua eman digu. Zer pentsatu handia eman digu.

Hirugarren argazkia. 2019ko martxoaren 28a, osteguna, bertso-saio feminista Barañaingo gaztetxean. Sei emakume nafar kantuan. Herrialdeko txapelketan parte hartu zuten sei emakumeak. Hogeita hamar parte-hartzaileren arteko emakume bakarrak: Joana Ziganda Olano, Alazne Untxalo Erregerena, Sarai Robles Vitas, Saioa Alkaiza Guallar, Irati Majuelo Itoiz eta Idoia Granizo Uribarren (berez, azken honen ordez Amaia Elizagoien Varela izan zen txapelketan parte hartu zuena). Gerora jakin ahal izan dut seitik hiruk bere garaian zalantza egin zutela txapelketan izena emateko orduan.

Anaitasunako finaleko kartzelako gaiak zioenaren aurka, ez ditut argazki hauek laukika tolestu eta besterik gabe poltsikoan gorde nahi izan.

Eta bai, bihotzez eskertu nahi dizkiot txapeldunari finalaren osteko elkarrizketetan esandakoak. Iraultza feministak bertsogintza (ere) astinarazi duen uneotan umiltasunez egindako biluzte ariketa eskertu nahi diot. Hiru aipu galbahetu dizkiot Sotori. Lehena, arkatz zilarkaraz: «Ez dut ukatuko gizonezko bertsolarioi kostatzen ari zaigula kokatzea, gure orain arteko posizioa, gure orain arteko bertsolari identitatea eraiki duten balio horiek dardarka jarri direlako». Bigarrena, boligrafo gorriz: «Deseroso jarrarazi gaitu honek guztiak zorionez, eta behartu gaitu gu ere hausnartzen hastera gure maskulinitatea landu behar dugula gure ardurak hartuz eta lanketa feminista bat eginez, bestela ez genukeelako egingo». Eta, batez ere, errotuladore fosforitozko azpimarra ondokoarentzat: «Gizonon aldetik, hausnarketa edo aldaketa hori ez dadila izan bertsotan probetxu bat ateratzeko, baizik eta gure eguneroko bizitzan aplikatzeko».

Eta bai, bihotzez oroitu nintzen kuota hitza ahoskatzen den aldiro aurpegia amorruz gorri-more-berdetu zaiela disimulatu ezinda ibili ohi direnekin. Blablabla eta ez omen dugu beste arazo bat sortu behar aurrez dagoen arazo bat konpontzeko. Blablabla eta non daude mutil gazteak? Blablabla eta egungo bertso eskoletako mutikoek ez omen dute erreferenterik (eta hala izango balitz ere, gizonezko erreferenteak behar dituzte nahitaez?)...

Eta bai, bihotzez haserretu nintzen hedabide ezberdinetako kazetariekin. Finalean emakumezkorik egon ez arren, oholtzan lanketa feminista sumatzen zela irakurri eta entzun ahal izan genuelako ia buklean.

— Ez ote da gehiegitxo lanketa feminista bat igarri zela esatea? Kontzientzia hartze apur bat, deserosotasun zantzu bat, gauzak aldatu beharko liratekeela ikusteko lehen pauso bat... egon zen, bai, baina hortik lanketa feminista bat sumatu zela baieztatzera... —zuzendu zuen lehen (kantu)lagunak.

— Eta, bestalde, ustezko lanketa feminista bat ez da nahikoa izango emakumeen lekua ordezkatzeko, ezta?—gaineratu zuen bigarrenak.

Hirugarrenak susmoa zuen apurua ez ote zen sortu behin finalerako zortzi gizon sailkatu eta argazkia hain «erakargarri» edo «salgarri» geratzen ez zela ohartzean:

—Txapelketan zehar entzuten ditugun «Aupa neskak!» guztiak «Gizonok honen aurrean hau egin dezakegu...»-ekin ordezkatuz gero, bestelako eszenatoki baten aurrean geundeke dagoeneko.

Laugarren laguna bereziki kezkatzen du diskurtsoetan emakumeak piramidearen erpinera ez iristeko mekanismoak inon ez azaleratzeak. Kristalezko sabaiari kax-kax egiteko zailtasun eta, are, ezintasunak. Eta niri haur gineneko egurrezko jolas hura datorkit gogora, forma ezberdinetako piezak euskarri batean sartzea beste helbururik ez zuena. Jolasean ari zenak bazuen nolabaiteko askatasun bat, hautatu zezakeen zein kolore zuen nahiago, zein material probatu nahi zuen ere bai agian, baina hautu hauek egiturak zehazten zuen forma jakin baten barruan egin behar zituen beti.

Forma jakin baten barruan beti. Borroka eta lehia hitzak errepikatzen dituzten puntu asko-askodun agur bertsoetatik hasi eta bukaeran bizkarrean zehar esku kolpez emandako besarkadetara. Anaitasunez.

Beti iristear dauden eta sekula iristen ez direnak datozkit gogora, «hartu lasai, aurtengoan ez da posible izan baina hurrengoan ziur finalean izango zarela» bi urtetik behin entzun behar izan duten horiek. Maiatzean euren txanda iritsiko delako ikaratuta daudenak ere bai. Egurrezko egitura patriarkal eta zurrun hau barrutik zartatu ote daitekeen edo behin puntu honetara iritsita erradikalki intsumisioa aldarrikatu beharko litzatekeela zalantzan jartzen dutenak. Akituta daudenak. Finalaren biharamunean elkarrizketa honen partaide izan zirenak. Elkar zaintzen, mimatzen eta aberasten asmatzen ari direnak. Ahizpatasunez.

Publikoan txaloka eta hankak gurutzatuta eserita egoteaz nazkatu direnak.

Nazkatu garenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.