Handiegia, modernoegia agian

2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk hainbat artista euskaldunek Zaharregia, txikiegia agian proiektua aurkeztu zutenetik. Musika, olerkiak eta marrazkiak uztartzen ziren egitasmo interesgarri hartan. AEBetara ere bidaiatu zuten taldekideek hainbat emankizun eskaintzeko. Proiektuaren izenak, hain justu, bidaia horrekin du zerikusia. Zaharregia, txikiegia agian. Horrela antzeman omen zuten Euskal Herria New Yorkeko metropolitik…

Aipatu egitasmoarekin oroitu nintzen, otsailean, nire herrian, Getarian, eraikitzen ari diren Balenziaga museo ezaguna barnetik bisitatzeko aukera izan nuenean. Bisiten ideiak arrakasta izan zuen, herritar ugarik izena eman zuen heinean. Museoak emandako zeresanak eta luze jo duten obren osteko ikusminak ere eragingo zuen interes hori.

Eraikinean, zintzilik dauden hiru kuboak nabarmentzen dira. Horietan, soinekoak ikusgai egongo diren sei areto aurkitzen dira. Horiez gain, jantziak berriztatzeko tailerra, formazio gela, administrazioko bulegoak eta konferentziak emateko auditorium bat egongo dira. Beheko solairuan, harrera, denda, kafetegia eta ikus-entzunezkoen areto bat aurkituko ditu bisitariak. Tarteka antolatzeko asmoa duten desfileak ere pisu horretan egingo dira.

Orotara 5.500 metro koadroko hedadura izango du museoak. Espazio handia, beraz. Eraikinean izan nuen sentsazioa ere gehiegizko espazio librearena, hustasunarena izan zen.

Bisitaldiaren amaieran, arduradunen azalpenen harira sortu zen solasaldiak zinez interesgarriak diren hausnarketak eta galderak utzi zituen agerian:

· Museoak herriarentzat aberastasun anitz ekarriko dituela azaldu zuten. Zenbateko onura, ordea? Zein herritarrentzat? Zeren trukean? Zein eta zenbatekoak izango dira eragingo dituen inpaktu positiboak eta negatiboak?

· Enplegu sorrera aipatu zuten. Baina, krisia dela medio, lan talde txiki bat enplegatuko du. Langile bakar bat ere ez herrikoa.

· Museoko zerbitzuen esleipenak konkurtso bidez egin dira, eta horietan, Getariako enpresa edo partikularra izatea kontuan hartutako faktoreetako bat izan omen da. Herriko inork ez du egindako konkurtsoetako bakar bat irabazi.

· Proiektua zuzen eta garden gestionatua izan dela errepikatu ziguten. Zer gertatu den jakingo ez bagenu bezala. Oraindik emateko dago epaia, baina gaiak ez du itxura onik: alkate ohi bat inputatuta, Miamin (AEB) babestuta dagoen arkitekto kubatar bat… Kontu gehiegi argitzeke. Azalpen asko emateke.

· Museoak milaka bisitari izango dituela baieztatu zuten. Baina zer sostengu dute datuok? Zein da bisitarien aurreikuspen zehatza? Egin al da hori kuantifikatzeko merkatu ikerketarik, azterketarik? Edonola, aurreikuspenak zuzenak izanik ere, nola iritsiko dira bisitariak Getariara? Kotxez etorriz gero, non aparkatuko dute? Orain arte aparkatzeko arazoak izan baditugu herrian (bereziki udan), zer gertatuko da museoa ireki ondoren? Museoko arduradunek arazoa onartzen dute. Epe laburrean, ordea, ez dute konponbide eraginkorrik. Hori horrela, gure herria prestatuta al dago gisa horretako museo bat izateko? Ba al du nahikoa azpiegitura? Zalantzak ditut… Getaria ez da Bilbo Handia…

· Bisiten xedea herritarrek museoa bere egitea zela adierazi zuten. Bisita labur batez harago, herri batek egitasmo bat bere sentitzeak ahalegin handiak eskatzen ditu: herriari lehen unetik iritzia eska ziezaiokeen, proiektuaz kontsultatu… Prozedura garden bat eman, herritarrak informatuta edukiz… Erakinaren zati bat herri erabilerarako uztea ere ideia ona litzateke… Ez da era horretako ezertxo ere egin…

Museoaren aferak sarri aipatzen ditudan bi ideia errepikatzera narama:

Lehenik eta behin, berriro hauteskundeak gertu ditugula, demokrazia X urtean behin paper bat kaxa batera botatzea baino askoz gehiago dela uste dut. Herriak erabakietan parte hartzea oinarrizkoa da. Herritarrekin lau urtean behin soilik oroitzen diren agintariak ez dira nor haien izenean hitz egiteko edota aritzeko. Alderdi baten interesek ezin dute definitu herri baten geroa. Erabaki garrantzitsuak ezin dituzte jauntxo gutxi batzuek hartu. Alkate zein zinegotziek aipatu jauntxoen txotxongilo soil izateari utzi beharko liokete. Hitz polit ugari entzun ditugu urteetan. Hitz eder berberak adituko ditugu datozen bi hilabeteetan. Hitzak, hori besterik ez.

Bigarrenik, turismoa dela-eta, sarri bisitari apurren interesak herritarren benetako beharren gainetik jartzen direla uste dut. Arriskutsua deritzot, beste ororen gainetik, turismoan oinarritzeari… Zer egingo genuke etortzeari utziko baliote? Nondik bizi turistarik ez den gainontzeko hamar hilabeteetan?

Museoko espazio zabalen artean, Getarian ekintza kulturalak egiteko dagoen azpiegituren gabeziaz oroitu nintzen. Etxebizitza berriak eraikitzeko geratzen diren gune urriez ere gogoratu nintzen. Museoaren dimentsioak ez datoz bat, inola ere ez, egungo egoerarekin, testuinguruarekin…

Ez dakit New Yorketik nola ikusiko den Euskal Herria… Badakit, ordea, Getariako plazatik nola antzematen den Cristobal Balenciaga museoa: handiegia. «Modernoegia» agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.