Ezker Abertzaleko kidea

Hamasek Palestina erdigunean jarri du

2023ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Munduko Estatu nagusiek eta hauek kontrolatzen dituzten hedabide indartsuenek ezkutatu nahi diguten arren, Hamasek, bere erasoaren bidez, usteltzen ari zen eta galbidean zegoen Palestinaren gaia berriro nazioarteko agenda politikoaren erdian kokatzea lortu du. Eta helburu politiko nagusi hori lortzea ezinezkoa izango zen Israelek Gazan eman duen erantzun bortitz eta neurrigabea eman izan ez balu. Izan ere, inork uste al zuen Hamasen erasoak ez zuela Netanyahu bezalako sionista ultraeskuindar baten aldetik erantzunik ekarriko? Baina horrelako basatia izango zenik ere uste al zuen inork?

Netanyahu sionista Hamasek jarri dion tranpan erori da bete-betean, Gazan eman duen erantzun genozida neurrigabearekin. Izan ere, erantzun horrekin, Hamasen aurkako gerra ez irabazteaz gain, Palestinaren aurkako borroka politikoa galdu du Netanyahuk Palestinaren, Ekialde Hurbilaren eta mundu osoaren aurrean, gobernu nagusiek zein hedabide indartsuenek egunero kontrakoa adierazi nahi badigute ere. Gainera, kontrakoa adierazten ausartzen diren kazetariak hil egiten ditu Israelek. Dozenaka dira dagoeneko bere lana egiten ari zirela Gazan eta Palestinan hil dituenak.

Eta, halere, Israelen aldekoek ez dute beren helburua lortu. Palestinaren gaia inoiz baino indartsuago berpiztu da. Ikusi besterik ez dago, nazioarteko agintarien harresi politiko mediatiko multinazional horren gainetik, planetako bazter guztietan sortu eta indartu den Palestinaren aldeko herri erantzuna, Palestinaren aldeko jendartearen aktibazioa. Izan ere, gatazka ez da Hamas eta Israelen artekoa, Palestina eta Israelen artekoa baizik. Eta munduak ez du ahaztuko zer egiten ari den Israel.

Palestinarren garaipen politiko hori ezkutatzeko, epeltzeko edota ukatzeko maila guztietako ahaleginak egin dituzte Israelgo Gobernu sionistak, Estatu Batuek eta baita Europar Batasunak ere. Laguntza politikoa, militarra eta ekonomikoa eman diote Netanyahuri; hedabideen bidez, nazioarteko iritzi publikoa manipulatzeko kanpaina osoa martxan jarri dute. Baina manipulazio sozial masibo hori inoiz baino argiago geratu da munduaren aurrean, eta manipulatzaileen kalterako, gainera.

Gaur, gero eta zailagoa da munduan Israelen aldeko jarrera politikoa babestea. Netanyahuk militarki irabazi dezakeen guztia galduko du politikoki etorkizunean, palestinarrek larrutik ordaindu beharko duten arren. Izan ere, Israelek bakea nahi duela esango du, baina Israelen bakea eta Palestinaren askatasuna ez dira gauza bera palestinarrentzat eta ezta mundu osoarentzat ere. Ez dira sinonimoak.

Duela 75 urte, mundu osoan izan zen dekolonizazio garaian, mendebaldeko potentziek Palestina palestinarren esku utzi beharrean, sionisten esku utzi zuten. Geroztik, 75 urte hauetan Israelek Palestinaren kolonizazioari eta okupazioari eutsi dio, bi estatuen etorkizuna ezinezko bihurtu arte. Milioika palestinar bota zituzten beren lurretatik, eta geroztik, 800.000 kolono sartu dituzte bertako ehunka kokalekuetan, betiere, nazioarteko Legeriaren eta nazioarteko instituzioen ebazpenen kontra. Eta orain zer? Orain arazoa Hamasen erasoa omen da... Urte luzeotako apartheid politika suntsitzailea ez omen da arazoa izan, ezta kolonizazioarena ere. Arazoa terrorismoarena omen da, nola ez. Eta ba al dago Israelek Gazan daraman politika baino jardunbide terroristagorik? Palestinarren erresistentzia nazio askapenerako borrokaren emaitza da, eta Israelen erasoa okupazio kolonialistarena.

Netanyahuk Gazan bideratu duen politikaren helburua argia, Gaza bera suntsitzeaz gain, ez da Hamas deuseztatzea, Palestinako herria eta etorkizuna akabatzea baizik. Argi esan du Netanyahuk: Hamas eta Palestinaren Nazio Autoritatea gauza bera dira berarentzat.

Palestinarrek erakutsi duten borrokarako grina, irmotasuna eta erresistentzia betirako suntsitzea da Israelen helburua, palestinarrak betiko beldurtzea, Palestina inolako etorkizunik gabeko komunitate bilakatzea. Eta horrekin batera, bi estatuetako irtenbidea betiko ixtea. Netanyahuk Palestinaren erresistentzia amaitzea lortzen badu, Palestina estatu bakarra bilakatuko da, Israelena, eta bere baitan, minorizatutako bigarren mailako komunitate palestinar bat izango du, Estatu Batuetan jatorrizko herriekin gertatzen den moduan, kasurik onenean.

Eta, azkenik, ekonomikoki eta geopolitikoki Israel bera baino askoz ere interesgarriagoak diren estatu arabiarren eta Estatu Batuen arteko hurbiltzea oztopatzea da Israelen beste helburua ezkutua, eszenatoki berri horretan Israelek pisu politikoa eta estrategikoa galduko lukeelako. Israel herri arabiarren eta Estatu Batuen arteko talkari esker da garrantzitsua, eta munduan eraikitzen ari den nazioarteko ordenamendu berrian izango den Ekialde Hurbileko berrosaketan, ez du, inolaz ere, estatus hori galdu nahi.

Bitartean, guri guztioi dagokigu Palestinaren aldeko ekimenak bultzatzea, politikoak, sindikalak, ekonomikoak, kirol mailakoak nahiz pertsonalak, besteak beste, BZD kanpainak bultzatuz, Hego Afrikan apartheida zegoen garaian egin genuen moduan, guztiok batean eta elkarlanean. Palestina askatu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.