Batzuetan konturatzen ez garen arren, denbora aurrera doa eta abiadura bortitzean. Badira jada hamar urte baino gehiago hezkuntzan hasi nintzela. Hogei zentro baino gehiago, esperientzia polit ugari, milaka gauza berri ikasita eta, zergatik ez esan, hainbat momentu txar eta gogor ere bai.
Ingeniaritza ikasi eta urte latzetan amaitu nuen, horrek eta partikularrak ematean sentitutako esperientziek, hezkuntzara eraman ninduten. Gutxitan pentsa izan nuen hor amaituko nuela, bakar-bakarrik nire matematika irakasle ederra izan zen Rosa Renedoren urteetan pentsatu izan nuen, egia esan. Gero irakasle bikainak eta bestelakoak ere izan ditut, baina ez nuen berriro planteatu. Baina hemen gaude.
Hasi nintzenean argi nuena zera zen: euskal eskola publikoaren alde lan egingo nuela. Bizkaian jaio eta bertan bizita, lehenengo ordezkapena non eta Donostian. Sekulako esperientzia. Lehenengo urtea Gipuzkoan zehar, kilometroak pilatzen, puntuak eta esperientziak batzen. Gero Bizkaira buelta, Lanbide Heziketatik ere pasatu nintzen. Aurrera joan ahala helburutik gertuago, matematiketan murgiltzen hasi, eta etxetik gero eta hurbilago. Bitartean, lan baldintzak gero eta okerragoak. Gero eta lan gehiago, gero eta soldata, edo, hobeto esanda, erosahalmen murritzagoa. Gobernari desberdinak, Hezkuntza sailburu desberdinak baina gobernu eta ildo bera gidaritzan.
Horrela, Gipuzkoara buelta, familia kontuak direla eta. Orain, hemen nago, ederki ondo Donostian. Ea, ederki ondo, lan baldintzak ez baditugu tartean sartzen. Ahaztu zait esatea depresio latz bat pasa nuela. Horren eragileetako bat lan estresa izan zelarik, hemen jarraitzen dugu, baikor eta lan honetan jarraitzeko prest. Baina edonola? Bai zera!!!
Ezinean gaude eskola publikoetan. Hamar urte hauetan, Go!azen-eko abestiak esaten duen bezala, gero eta okerrago gabiltza eta ez da inola ere bidezkoa. Ez da bidezkoa 165 egun baino gehiago lan egiten duten ordezkoek uda osoa ez kobratzea, niri gertatu zitzaidan bezala. Are gehiago hasieran jasan behar ditugun baldintzak kontuan izanda: egun batetik bestera, alde batetik bestera eta ezin planifikatu izanda. Ez da bidezkoa finkoa ez izatea hamar urteren ondoren…
Estatuak enpresa pribatuak derrigortzen ditu hiru urte igaro eta gero finkotasuna ezartzera, baina gero estatuak berak ez du hori betetzen, nahiz eta Europatik kontrakoa esan, tribunal askotatik sententzia askok arrazoia eman langileei… eta hala ere berdin jarraitzen dugu. Ez da bidezkoa ikasleek behar dituzten PTak eta arreta ez izatea. Ez da bidezkoa hizkuntza planik ez izatea edo daukaguna eskasa izatea. Eta, aurreko guztiarekin batera, ez da batere bidezkoa atzerritarrek jasotzen duten gurekiko harrera. Harrera hobeagoa emateko baliabide asko falta zaizkigu, baina behar dituzte, eta oso beharrezko dute gainera. Hizkuntza desberdina izanda ez dira bidezkoak ematen dizkiegun aukera falta itzelak. Ez da bidezkoa jantokiko langileen egoera, ez jantokietan egiten den zerbitzua. Ikasle askok ez dute jaten han ematen dieten «hori» ahora ez sartzeagatik. Eta dena negozioaren alde jarraitzeagatik…
Jarraitu ahalko nuke orduetan eta orduetan, baina zuen denbora nirea bezain baliagarria da. Eta ideia argi gelditu delakoan:
Gora Euskal Eskola Publikoa! Hemen gaude euskararen alde! Sukaldariak eskola barruan! Higienea landu, jantokiak salbu!
Urtarrilaren 22an eta 23an denok kalera, ez bakarrik irakasleak eta hezkuntzako beste langileak.